URAk Laudioko hirigunea Nerbioi ibaiaren ur-goraldietatik babesteko obrak lizitatu ditu

0
Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoenak, Laudioko herrigunean Nerbioi ibaiaren ur-goraldietatik babesteko obren lizitazioa ireki du. Horretarako, ahalmen hidrauliko handiagoa ematen zaio ibaiari 100 urteko errepikatze-denborako ur-goraldien uholde-arriskuari eusteko, 438 m³/s-ko emariari dagokiona.

Oro har, obrei esker, ibaiaren sekzioa handitu ahal izango da, ibaiaren hondoa 1338 metrotan birprofilatuz: Nerbioi ibaiaren zati batean, Baias kalearen eta Bide Zaharren kalearen artean. Hau da, ibaiaren ohearen kota jaisten da eta sakonera handitzen da metro inguruko sakonerako indusketen bidez. Sekzio hidraulikoari dagokionez, beheko uren sekzioa handitu egingo da, egungo bermen (kasu honetan, ur gutxiko uren ibilgua eta ibaiertzetako ezpondak bereizten dituen espazio laua) zabalera murriztuz. Gainera, esku hartzen den ibai-tartean dauden presa txiki guztiak kentzea aurreikusten da. Ibilguetan eta ertzetan egingo diren indusketen bolumena 55.250 m³ ingurukoa izango da, obrako 5525 kamioiren baliokidea.

Jarduketaren xede den tartean,  zubiak mantendu egingo dira, estribuak aldatzen ez direlako eta ahalmen hidrauliko nahikoa dutelako. Horren harinan, azpimarratzekoa da Altzarrateko zubia, duela gutxi ordezkatu zela ahalmen hidrauliko nabarmenagoa duen zubi berri batekin. https://www.youtube.com/watch?v=Sf0bFAPoW1Q

Lizitazio-aurrekontua 4,7 M €-koa da, eta obrak egiteko 17 hilabeteko epea aurreikusi da, lanak hasten direnetik.

Nerbioi ibaiko uholdeetatik babesteko proiektu hau batez ere ibilguaren hondoko indusketa bat da, emariei eusteko sekzio handiagoa lortzeko. Nerbioi ibaia bideratzeko, lehenik eta behin, belar-sastrakak garbitu beharko dira; gero, aldi berean, ohea induskatu eta beheko uren ibilguaren ertzak babesteko harri-lubetazko ezpondak egingo da. Eta jarduketa horiek amaitu ondoren, ibaiertzeko landaretza autoktonoko espezieekin landareztatu beharko da.