Euskadik aurtengo Aste Santuan Covidaren aurretik baino bisitari gehiago izan ditu

0
Gaur argitaratu dira Euskadiko hotel-establezimenduetako sarrerei eta gaualdiei buruzko EUSTATen datuak, eta ikusten da hirukoiztu egin direla 2021ekoen aldean, eta sarreren kasuan 2019koak, pandemia iritsi aurrekoak, ere gainditu dira.

Hotel-establezimenduetako sarrerek % 4,3 egin dute gora 2019ko apirilekoekin alderatuta eta % 207 2021ekoekin alderatuta. 2022ko lehenengo lauhilekoko bilakaera oso positiboa izan da eta 2019ko zifretara hurbildu da orokorrean, 2 puntu eskasera gelditu baita, eta otsailean eta apirilean 2019ko hilabete berekoak gainditu dira.

Nazioarteko turismoa, 2021ean mugikortasunaren murrizketek mugatu zutena, berreskuratzen joan da lauhileko honetan, eta 2019ko lehenengo lauhilekoko – % 0,4ra geratu da. Datuek erakusten dute, beraz, joera positiboa dela, kontuan hartuta 2021eko udan nazioarteko turismoak % 34 egin zuela behera.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik “Bizit Euskadi” kanpainaren bidez sustatu da Euskadi Aste Santurako, eta sustapena areagotzen ari da udara begira Estatuan eta nazioartean, besteak beste, Portugalen, Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian eta Beneluxen, bai produktuen kanpaina hipersegmentatuen bidez bai sustapen-ekintzen bidez eta prentsaren eta turoperadoreen bidaien bidez.

Azkena egindakoak aipatzearren, asteartean aurkezpen bat egin zen Oporton turoperadoreen aurrean, eta aste honetan hainbat herrialdetako kazetarik naturan eta ekoturismoan oinarritutako bidaia egingo dute Euskadira. Gainera, hil honetan Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak, besteak beste, CEAVek antolatutako merkaturatze-jardunaldietan eta ROUTES Europe nazioarteko konektibitate azokan parte hartu du.