Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek Trapagaranen istripua izan duen txirrindulari bat erreskatatu dute

0

Erreskatea gaur, larunbata, goizean egin dute, txirrindularia Trapagarango udal-barrutian, Larreineta auzoan, bizikletan jaisten ari zenean erori baita. Ertzaintzaren Mendiko Taldeko agenteek eta helikoptero batek eta suhiltzaileek parte hartu dute biktimaren erreskatean, eta anbulantzian eraman dute ospitalera.

Istripua gaur, larunbata, goizeko 11:35ean gertatu da, Trapagarango udal-barrutian, Larreineta auzoko landa-eremu bateko baso-bide batetik jaisten ari zen txirrindulari batek erori eta min hartu baitu.  Gertatutakoaren berri izan bezain laster mobilizatu dituzte Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuko hainbat baliabide, besteak beste, Ertzaintzaren helikoptero bat eta Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Taldea eta suhiltzaileak. Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatuta, istripua gertatu den lekura hurbildu dira. Aireontziko erreskatatzaileek aurkitu dute biktima, adingabea, eta erreskatatu ondoren Ertzaintzaren helikopteroan eraman dute anbulantzia bat zain zuen lekura, eta anbulantziak Gurutzetako Ospitalera eraman du.

Txirrindulari bat erreskatatu dute Meatzalden

Bestalde, Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek Bizkaiko Ortuella herrian erori eta min hartu duen beste zikloturista baten erreskate-lanetan parte hartu dute gaur eguerdian. Erreskatea gaur eguerdiko ordu bata aldera egin dute Ortuellako Lalejana auzoko Meatzaldeko igoeran, txirrindulariak min hartu baitu erorita. Erreskate-lanetan suhiltzaileek, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Taldeak eta helikoptero batek parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatuta. Ertzaintzaren helikopteroak erreskatatu du zauritutako txirrindularia, eta Osakidetzaren helikopteroa zain zuen lekura eraman du, eta honek eraman du zauritua ospitalera.