Bildarratzek «Hezkuntza-frogak» jardunaldian parte hartu du Bilbon

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak “Hezkuntza-frogak” jardunaldiaren bosgarren edizioan parte hartu du Bilbon. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Promaestro Fundazioak Euskadiko Eskola Kontseiluaren laguntzaz antolatu duten jardunaldian hezkuntza esparruko errealitatearekin lotura estua duten hainbat gai jorratu dituzte, egungo ebidentzia zientifikoa oinarri hartuta betiere.

Hainbat gaitako adituek debatea eta hausnarketa sustatu dute hezkuntza gaien inguruan, hala nola: eskola-eremuan ausazko jokoek eragiten dituzten arazoez, immigrazioak ikasleen errendimenduan duen eraginaz, eskola-jardunaldi jarraituaz edo zatituaz, edo ikasturtea errepikatzeaz aritu dira, besteak beste.

Sailburua jardunaldiari itxiera emateko eztabaidan izan da entzule eta parte-hartzaile, bertaratu diren aditu, irakasle eta hezitzaileekin goizean zehar aztergai izan diren gaien inguruko hausnarketak eta ikuspuntuak partekatuz.

Saio honetan, hezkuntzari lotutako gaiei buruzko eztabaida irekia eta hausnarketa lasaia nabarmendu ditu Bildarratz sailburuak. Hezkuntza sailburuaren esanetan, gizarteko esparru guztiek behar dute hausnarketa partekatua, baina bereziki hezkuntzak, helburu bakartzat hartuta hezkuntza-sistema indartzea, ikasleen eta gizartearen onurarako.

Ildo horretan, Bildarratzek gogorarazi du Euskal Hezkuntza Sistema datozen urteetarako une erabakigarrian dagoela. Eusko Jaurlaritzak egungo hezkuntza-sistema eguneratzeko eta hobetzeko egin duen apustuaren ondorioz, Hezkuntza Sailak HH-Hezkuntza Hitzarmena izeneko prozesu parte-hartzailea dinamizatu du. Bertan, hezkuntzarekin lotutako esparru guztietako eragileek zuzenean helarazi ahal izan dizkiote Hezkuntza Sailari beren planteamenduak, hezkuntza-sistema hobea lortze aldera.

Hezkuntza sailburuak jardunaldirako hautatu dituzten gaien planteamendua eskertu die antolatzaileei, eta gaurko bileran aurkeztutako ponentziak eta jasotako ondorioak eskuratzeko nahia erakutsi die, horiek ere Hezkuntza Sailak bultzatutako parte-hartze prozesua elikatzen duten proposamen eta ekimenei batzeko.