Donostiako Gizarte Zerbitzuek 15.928 familia artatu zituen 2021ean

0

Donostiako Gizarte Zerbitzuetako Zentroek 15.928 familia artatu zituzten 2021ean, 2020koaren kopuru oso antzekoa, baina 2019koa baino % 6,21 handiagoa. Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Garikoitz Agote saileko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dituzte 2021eko memoriari buruzko datuak.

San Romanek azpimarratu duenez, “2021. urtea berezia izan da ezbairik gabe; pandemiak eragindako larrialdiko gizarte premiek oraindik ere jarraipena izan baitute. Edonola, pandemiaren bilakaera positiboak aukera eman digu urtean zehar hainbat gizarte zerbitzu, baliabide, laguntza eta inbertsio berriro ere berreskuratzeko. Horri esker, pertsona eta familiei zuzendutako aurrez aurreko arreta orokortu eta izaera askotariko gizarte zerbitzu eta baliabideak suspertu ditugu 2021. urtean zehar”.

Aurreko urteetan bezala, 2021an ere helburu jakin bat izan dugu: Donostia hiri kohesionatua izan dadin, gizarte zerbitzuen euskal sistemaren baitako udal zerbitzu eta prestazioak garatzeaz gain, herritarrei horietara heltzeko bidea erraztea”, gaineratu du zinegotziak.

Udalak apustu sendoa egiten jarraitzen du hiriko kolektibo eta familia kalteberei arreta ematearen alde, eta, beraz, aurten 31.625.952 euroko aurrekontua bideratu du Gizarte Ekintzara, azken 10 urteetan izan den kopururik handiena. Aldi horretan aurrekontua % 43 handitu da.

2021ean 15.928 familia artatu dira, aurreko urtean baino % 1,03 gutxiago, baina 2019an baino % 6,21 gehiago. Familia horietako 3.685 lehen aldiz joan ziren gizarte zerbitzuetara, eta zifra hori % 6,47 jaitsi da. Horrek adierazten du 2020an Gizarte Zerbitzuetara sartu ziren familia asko babes sozialeko sisteman egon direla joan den urtean.

Gainera, 2021ean zehar, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Zentroek eta Gizarte Larrialdietako Zerbitzuak hiriko pertsonek eta familiek planteatutako premien arretarekin lotutako gizarte baliabideen 19.412 eskaera berri kudeatu dituzte, azken 8 urteetako kopururik handiena.

 

Gizarteratze dirulaguntzak

2021ean 2.910 familiari eman zitzaizkien Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, hau da, 4.979 pertsona onuradun egon ziren. Udalak 3,5 milioi euro bideratu zituen laguntza horietara, aurreko urtean baino % 9,32 gehiago.

Lan Partekatuaren Planaren laguntzei dagokienez, Udalak 531 familiari eman zizkien laguntzak, iaz baino % 34,6 gutxiago, eta 541.745 euro bideratu zituen, hau da, 2020an baino % 22,16 gutxiago, baina pandemiaren aurreko 2019aren antzeko kopurua.

 

Adineko pertsonak

2021ean 637 alta berri zenbatu ziren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan. Horrela, urtean 1.826 etxebizitzatako 2.486 pertsonak jaso zuten zerbitzua. Horrek 10,8 milioi euroko fakturazioa ekarri du (1,94 erabiltzaileenak, 2,72 Gipuzkoako Foru Aldundiarenak eta 6,13 Udalarenak).

Gainera, Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuaren erabiltzaile batzuek beste hainbat zerbitzu jaso dituzte, esaterako segidakoak: garbiketa sakonak (12), hainbat laguntza produktuen erabilera – garabiak edo ohe artikulatuak – (6), osasun arloko kudeaketak egiteko laguntza (45), edo botikak kudeatzeko laguntza (135).

 

Adingabeentzat arreta eta zerbitzuak

Adingabeen babesari lotutako prebentzio programei dagokienez, 2021ean 2 lanbide unitate gehiago jarri ziren abian adingabeen babesaren arloko detekzio eta eskuhartze goiztiarreko programan. Programa horri esker, 56 ikastetxetan, 12 haurreskoletan edo 12 osasun zentrotan jarduten ari dira profesionalak haurrekin harreman zuzenean eta etengabean dauden beste espazio batzuen artean. Horrela, Gizarte Zerbitzuek 1.292 kasu goiz artatu zituzten, aurreko urtean baino 26 gehiago.

Bestalde, babesgabetasun arin edo moderatu egoeran dauden adingabeekin eskuhartzeko programek 244 kasu berri artatu zituzten, eta 32 Gipuzkoako Foru Aldundiko Zerbitzuetara bideratu ziren.

 

Genero indarkeriaren biktimei arreta eskaintzeko programa

Gizarte Zerbitzuek 214 pertsona berri artatu zituzten 2021ean genero indarkeriaren biktimei informazioa eta laguntza eskaintzen dien programan. Gainera, aurreko urteetan programan hasi ziren 272 pertsona gehiago artatzen jarraitu zen, guztira 486 pertsona.

Halaber, 22 emakume eta 23 adingabe artatu dira indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako harrera etxebizitzetan.

 

Etxerik gabeko pertsonak

Udal Abegi Etxeak, 2021ean, eta COVID delakoaren ondorioz, aldaketa handiak izan ditu bere funtzionamenduan. Alde batetik, urte osoan oheak gorde ziren etxerik gabeko pertsonak isolatu ahal izateko, positiboak edo kontaktu estuak. Eta, bestalde, hainbat neurri hartu dira pertsona desberdinen txandakatzea minimizatzeko, egonaldiak zailtasun handiagoak dituzten pertsonentzat eta aldi luzeagoetarako izan daitezen lagunduz.

Hala, 2021ean 647 sarrera zenbatu dira, 388 pertsona desberdini dagozkienak, eta horietatik 218 lehen aldiz joan dira zentrora. Guztira 12.201 gaualdi erregistratu dira (10.031 CMASen eta 2.170 aldameneko eraikinean).

Bestalde, Gaueko Aterpeak 56 pertsona desberdin artatu ditu 2021ean, eta guztira 6.698 gaualdi egin dira.

Hestia Eguneko Zentroak hiru jarduera eremu ditu, eta aurten, 2021ean, pandemiak eragindako krisiak eta haren transmisioa saihesteko hartutako neurriek baldintzatzen dituzte zerbitzu horren datuak eta balorazioa. Horrela, aurten 711 pertsona artatu dira lokalean bertan, 26 pertsonarekin lan egin da kalean eta komunitate guneetako jardueretan 61 pertsonak parte hartu dute.

Era berean, 2021ean Etxerik Gabeko Pertsonentzako Elikadura Programa (OTORDUAK II) jarri zen abian. Programa horren bidez, Etxerik Gabekoek ostalaritza- entroetara jo dezakete elikadura egokia eskuratzeko. Programa honen lehen hilabeteetan 12 jatetxek eta 58 pertsonak parte hartu zuten (57 gizon eta emakume 1).

Erlazionatutako dokumentuak

2022/05/23-an argitaratua