Josu Erkorekaren agerraldia Legebiltzarrean

0

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean Bilbon izandako zenbait gizonezko homosexualen hilketen gaineko ikerketaren egoerari buruz, argitu gabeko beste heriotza batzuekin duten loturari buruz, eta gainerako segurtasun-indar eta -kidegoekin ezarritako koordinazio-neurriei buruz egindako hitzaldi osoa:

Egunon guztioi:

Behin baino gehiagotan esan izan dut Legebiltzar honetan, ez naizela Ertzaintzaren operatiboak publikoki azaldu eta eztabaidatzearen aldekoa. Eta bi arrazoi erabili ditut, hain zuzen ere, nire jarrera hori oinarritzeko:

    1. Lehena da, ez dagokigula, ez niri ezta Segurtasun Saileko talde politikoa osatzen duten gainontzeko karguei, operatibo horiek diseinatu, egikaritu eta ebaluatzea. Ertzaintzaren nagusiei dagokie zeregin hori, eurek baitira horretarako prestatuta eta gaituta daudenak. Operatiboak ez dira erabaki politikoak.

 

    1. Eta bigarrena, berriz, segurtasuna bermatzeari atxikituta dago; izan ere, operatibo baten edukinak aideratu eta lau haizeetara zabaltzeak, operatibo horri eraginkortasun guztia kentzen diolako -edo, gutxienez, kendu diezaiokeelako- beti ere herritarren segurtasunaren kaltetan. Operatibo hedatua, operatibo alferrik galdua da.

 

Eta hori defendatu badut Ertzaintzaren operatiboekin, arrazoi gehiagorekin ekin behar dut diskrezioz jokatzearen alde, kasu honetan gertatzen den bezalaxe, delitu baten ikerketaren aurrean gaudenean, fiskaltzaren bultzadarekin eta Instrukzio Epaile baten zuzendaritzapean.

Zigor-Auziperatzearen Legeak bere 301 artikuluan dioenez, “las diligencias del sumario serán reservadas y no tendrán carácter público hasta que se abra el juicio oral”. Horrek esan nahi du zigor-ikerketari lotutako datuak ezin daitezkeela prozesuaren esparrutik kanpora atera, datu erreserbatuak direlako. Are gehiago, erreserba hori urratzen duenarentzat zigorrak aurrikusten ditu Legeak: isunak funtzionarioak ez direnentzat eta zigor penalak funtzionarioak direnentzat.

Baina hori guztia gutxi balitz, Instrukzio-Epaileak erabaki dezake, Legearen arabera, baldintza jakin batzuk ematen direnean, instrukzioaren jarduketak, osoan edo zati batean, sekretupean jartzea. Hori gertatzen denean, jakina, prozesuan parte direnek beraiek ere ezin dute sumarioa aztertu eta bertako dokumentuak eskuratu.

Horiek horrela, argi dago ezer gutxi esan daitekeela, berez, publikoa den agerraldi parlamentario batean, auziperatuta dagoen ikerketa bati buruz. Diligentziak erreserbatuak badira, instrukzioaren esparrutik ezin badira atera… nekez partekatu daitezke Legebiltzarreko agerraldi batean, legea urratu gabe eta, ordezkari publiko baten kasuan, bereiziki, delitu bat egin gabe.

Hau guztiau, ondo baino hobeto dakite batzorde honetako kideek; denak ez badira, askok Zuzenbidearen arloko titulazioa dutelako. Ondo asko ezagutzen dituzte zeintzuk izan daitezkeen kargu publiko batek, zigor-instrukzio bateko datuak, sumariotik atera eta publikoki aideratzearen ondorioak.

Hala ere, agerraldia eskatu egin da eta eskaera horri eutsi egin zaio, harik eta, gaur goizean, gauzatu arte.

Ez dut beste erremediorik izan, beraz, Legebiltzarrari zor diodan errespetua bitarteko, agerraldi hau egitea baino.

Baina hasera-haseratik esan behar dut, errespetu horrek berorrek eraginda, agerraldi motza eta urria izango dela nire gaurko hau.

Izan ere, Legebiltzarrari zor diodan errespetuaren pareko errespetua zor diot baita ere indarrean dagoen Legeari. Eta argi dago lehenak, ezin nauala behartu bigarrena urratzera.

Gai honi buruzko informazioa, lehen aldiz, komunikabideetan agertu zenetik, hainbat aldiz eta hainbat lekutik eskatu izan zaio, ofizialki, Segurtasun Sailari ikerketari lotutako datuak ematea.

Eta ulertzekoa da jakin mina. Ulertzekoa eta zilegia, noski.

Are gehiago, arrazoi bategatik ala besteagatik, euren burua arriskuan ikusi duten pertsona eta taldeen kasuan.

Errespetu handiz hartu duitut eta hartzen ditut euren jakin mina eta kezka.

Baina Segurtasun Sailak ez du -ofizialki, berriz diot- Legeak aitortzen ez dionik egin. Eta ez du, ordurako hainbat hilabetetan auziperatuta zegoen gai bati buruzko diligentzia erreserbaturik kaleratu. Aitzitik, diskrezioz jokatu du. Diskrezio zorrotzez. Batzuen eta besteen kezka ulertuz eta, esan bezala, gizartearen, komunikabideen eta taldeen jakin mina ulertuz…, baina, horien guztien ganetik, Legearen aginduetara makurtuz.

Kasu honetan, gaur arte behintzat, espetxean dagoen pertsona bakarra atxilotua izan zenean bakar-bakarrik eman genuen prentsaurreko bat.

Prentsaurreko bakarra izan zen. Ez da gehiagorik izan. Ez aurretik, ez ostetik.

Ertzaintzaren buruak eta biok egin genuen agerraldia.

Eta argi utzi genuen bertan, une hartan publikoki azaldu zitekeen guztia azaldu genuela, behin, atxiloketaren ondorioz, ikerketari kaltea eragiteko arriskua gutxituta eta gizartearen alarma -neurri batean behintzat- baretuta gelditu zirenean.

Baina arduratsu jokatzea eskatu genion gizarte osoari gai honi buruzko informazioa kudeatzeko orduan.

Argi esan genuen… ikerketa konplexua eta luzea geneukala aurretik kasua argitzeko; Ertzaintzak, Fiskaltzarekin eta Instrukzio Epailearekin batera eta, jakina, beste polizia-kidego batzuekin elkarlanean burutzen ari zena eta burutu behar zuena.

Behin baino gehiagotan errepikatu genuen garrantzitsua zela zuhurtasunez jokatzea, ikerketari kalterik ez eragiteko.

Orduan esan genuena, gaur eta hemen errepikatzeak, ez luke zentzu gehiegirik izango, agerraldi hartan emandako informazioa luze eta zabal hedatu zelako. Baina zentzu gutxiago dauka oraindik, orduan esandakoa errepikatzeak, kontuan hartzen badugu, harrez gero, ikerketak aurrera jarraitu duela, eta orduan eman genituen datuak gaindituta daudela dagoeneko.

Ezin dut zehaztu hemen, jakina, zeintzuk diren, gaur, sumarioa osatzen duten diligentzia berriak; alegia, espetxean dagoen pertsona atxilotua izan zenetik eta gaur arte, erantsi diren diligentziak.

Esan dezakedan gauza bakarra da,

    1. Ertzaintzaren ikerketak jarraitu egiten duela kasu honetan, eta ikerketa konplexua bezain luzea dela eta izango dela.

 

    1. Ikerketa hori, Fiskaltzarekin eta Instrukzio-Epailearekin batera gauzatzen ari dela eta beste kidego polizial batzuekin batera garatzen ari dela, kasu honek, Euskadin ez ezik Euskaditik kanpo ere adarrak dituelako -Estatu espainiarrean eta beste Estatu batzuetan- eta lurralde horietako poliziekin koordinatu beharra dagoelako.

 

    1. Ikerketan barrena, gaur gaurkoz, portaera eta gertakizun batzuk frogatutzat eman daitezkeela baina, horien ondoan, frogatu beharreko beste asko eta asko daudela oraindik eta horretarako, ezinbestekoa dela Ertzaintzari eta Aginte Judizialari lanean uztea, frugatu beharrekoetatik frogatutzat eman daitezkeenetara igaro behar den zubia, arrakastaz zeharkatu ahal izateko.

 

Aipatu agerraldian esan nuenez, gaur ere lasaitasun-mezu bat igorri nahi dut.

Lasaitasuna helarazi nahi diot gizarteari baina, bereziki, LGTBI+ kolektiboari, ondo asko baitakigu, kasu honek, larritu egin duela.

Ertzaintzak hilabeteak daramatza lanean ikerketa konplexu honetan.

Kasuak argitzeko orduan panorama konparatuko indizerik altuenetako bat duen polizia-kidegoan konfiantza izateko eskatzen dut.

Eta, batez ere, homizidio-kasuetan, Ertzaintzak halako kasuen ia % 100 argitzen baititu.

Eskurik onenetan gaude.

Utz diezaiegun Ertzaintzari eta Justiziari hasi diharduten lanean jarraitzen.

Deseo concluir con un mensaje de tranquilidad.

Un mensaje dirigido al conjunto de la sociedad pero, en especial, al colectivo LGTBIQ+ que nos consta que está conmocionado por este caso.

La Ertzaintza, como ya he dicho, lleva meses trabajando en esta compleja investigación.

Pido confianza en un cuerpo policial que puede exhibir uno de los índices de resolución de casos más alto del panorama comparado.

Un índice que que es más elevado aún en los casos de homicidio, en los que el nivel de esclarecimiento policial de la Ertzaintza es prácticamente del 100%.

Estamos en las mejores manos.

Dejemos que la Ertzaintza, Justicia y Fiscalía continúen trabajando

Eskerrik asko.