Lehendakariak Bexen Medical enpresak pandemiaren unerik zailenetan izandako jarrera eta erantzuna eskertu eta onartu du

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera, Bexen Medical enpresak Hernanin dituen instalazio nagusiak bisitatu ditu gaur arratsaldean. Bertan, pandemiaren unerik zailenetan egindako lana eskertu eta aitortu du, “ziurgabetasun global betean, Bexen Medicalen jarrera eta erantzuna lehen mailakoa izan zen”.

Urkulluk nabarmendu du enpresak maskarak ekoizteko baliabideak martxan jarriz eman zuen berehalako erantzuna. “Garai hartan ezinbestekoa zen produktu hori”, adierazi du. Bexel Medicalek maskarak fabrikatzeko instalaziorik handiena ireki zuen 250 milioi unitateko edukierarekin, pandemia betean, produktu eskasia handiena zegoenean.

Halaber, txertoak iritsi zirenean, Hernaniko kooperatibak txertoak kudeatzeko eta banatzeko zerbitzu logistiko osoa eskaini zuela azpimarratu du. «Osasun-larrialdietan ezinbestekoak diren beste produktu edo zerbitzu batzuk ere eskaini zenizkiguten», gaineratu du. Bexen Medical enpresak 3,8 milioi Covid-19 txerto-dosi baino gehiago kudeatu eta banatu ditu gaur arte OSAKIDETZAk helarazitako beharren arabera.

Bioservices, Euskadiko Covid-19aren txertoak kudeatzen eta biltegiratzen diren eremua, 2016an jarduerari ekin zion estatuko lehen bioerrepositorio pribatua da. Arlo horretatik kudeatzen dira bai lagin biologikoak (serumak, odola, garunak), bai sendagai termolabilak (txertoak edo terapia aurreratuak).

Horrela, Lehendakariak hurbiltasuna, erantzuteko gaitasuna eta jarrera positiboa, berehalako erantzuna eta kalitatea balioetsi ditu. «Hauxe da Bexen Medicalen nortasuna eta konpromisoa», adierazi du.

Bisitaldian, Gipuzkoako kooperatibak egiten duen jarduera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Horrela, gela zuria ezagutu dute – ISO-7 ingurune kontrolatuko espazio bat, ospitaleko eremuetan funtsezkoak eta bereziki sentikorrak diren produktuen kalitatea, segurtasuna eta trazabilitatea zorrotz zaintzeko – edo Bioservices ultraizoztagailuen unitatea – laginak eta sendagaiak tenperatura baxuetan kontserbatzen direna –.