Movex Clinics-ek exoeskeletoak erabiltzen ditu ELAko edo iktus bat izan duten pazienteak errehabilitatzeko

0
PRUEBA

Movex Clinics enpresa, 2021ean sortua eta Bilbon egoitza duena, robotikaren bidezko errehabilitazio neurologikoan espezializatuta dago. Startupak istripu zerebro-baskularrak (iktusa edo garuneko isuriak), patologia neurologiko degeneratiboak dituzten gaixotasunak (Parkinson edo ELA), ataxiak (muina zapaltzen duten tumoreak eta kontrolik gabeko mugimenduak eragiten dituztenak) eta muineko lesio oso eta osatugabeak jasan dituzten pazienteak tratatzen ditu.

Exoeskeletoen eta beste teknika batzuen bidez, startupak pazienteak tratatzen ditu, eta onurak eragiten dizkie, hala nola ibiltzea, osteoporosia prebenitzea, heste-traktua hobetzea, muskulu-masa hobetzea… Gainera, muineko lesio osatugabeen kasuan, lortzen diren aurrerapenak “apartekoak” dira, Movex enpresako zuzendari Tato de Zubicarayk nabarmendu duenez: “Adibidez, paziente batek hamar urte zeramatzan gurpil-aulkian, eta orain oinez dabil, exoeskeletorik gabe bederatzi solairu igotzen ditu oinez. Kasu honetan, sare neuronala berriro ehuntzea lortu dugu, errepikapenaren metodoaren bidez”.

Movexek pertsona bakoitzari egokitutako tratamenduak eskaintzen ditu. Azterketa sakona egin ondoren, proba bat egiten da pazientea martxako exoeskeletoarekin bateragarria den ikuskatzeko. Nabarmentzekoa da Movexen exoeskeletoa munduan orkatila-mugimendua duen bakarra dela. Horri esker, ibilera-patroi natural bat erreproduzitzen du.

Beste exoeskeleto bat, eskukoa, eskuaren mugimenduak erreproduzitzeko gai da pazientearen garunaren seinaleen bidez, sentsore elektromiografiko batzuetara konektatuta baitago. “Pazienteak pilota bat hartzea pentsatzen badu, exoeskeletoa uzkurtu egiten da mugimendu bera eginez. Tetraplegikoak diren pazienteak ditugu, eta orain eskua luzatzeko gai dira, jateko gai dira…”, nabarmendu du Tato de Zubicarayk.

Baina exoeskeletoa berez ez da nahikoa. Startupak tratamendua errealitate birtualeko eta errealitate areagotuko soluzioekin osatzen du . “Ohiko tratamenduei teknologia aplikatzen diegu. Adibidez, oreka gutxi duen paziente batek eskuineko hankarekin alboko mugimenduak lantzea nahi dugu. Orduan labezomorroak agertzen zaizkio zapaldu ahal izateko, eta horrela mugimendua egiten du. Beste kasu batean, futbol-zelai batean atezaina izanda, tiroak gelditu behar dira, besoaren mugimendua indartzeko”, Movex enpresako zuzendariak azaldu duenez.

Hurrengo helburu gisa, Movex Clinicsek bere klinika-prototipoa erabat garatu eta frankizien bidez hedatu nahi du, errehabilitazioa egiteko modua aldatzeko. “Frankizia bat daukagu Valentzian, irekitzear dagoena. Gainera, dagoeneko harremanetan jarri gara Italiako klinika batekin”, adierazi du zuzendariak.

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.