SURBISA Bilboko Birgaitze-lanetarako Hirigintzako Sozietateak eta Bizkaiko Finken Administratzaileen Elkargoak hitzarmen bat sinatu dute uriko eraikinak birgaitzeko lana sustatzeko, eta bi entitateek hainbat arlotan daramatzaten elkarlanak formalizatzeko.
SURBISAk hiri-birgaitzea kudeatzen du, eta, zeregin horretan, etxe-jabeen erkidegoei laguntzen die eraikinak, etxebizitzak eta lokalak birgaitzeko lanetan; horretarako, ezinbestekoa da finka administratzaileen egitekoa, eta, beste askotan, osagarria ere bai.
Alde horretatik, bada, hitzarmenak «Finken Administratzaileen Poltsa» berritzeko asmoa jasotzen du, kudeaketa zaila duten erkidegoetan elkarlanean jarduteko, esperientzia onen edo jardun-molde garrantzitsuen berri elkarri emateko, laguntza-lerroen berri emateko edo Surbisak aurki egingo duen Next Generation europar funtsen kudeaketa eroateko, formazioa eskaintzeko eta beste.
«Gaur egun arte izandako elkarlan-harremana bikaina izan da, eta espero dugu eustea eta are hobetzea ere parte hartze hori, eta, horretarako, era bateko eta besteko proiektuak, jarduerak eta ekimenak gauzatzea elkarrekin, dudarik gabe gure ondare eraikiaren hobekuntzari eta kontserbazioari eragingo dietenak, segurua, irisgarria eta eraginkorra izan dadin eta kalitatezko etxebizitzak eskain ditzan«, adierazi du Iván Calderón Hiria Berroneratzearen Saileko zinegotzi eta Surbisako presidenteak.
Beste alde batetik, «Bizkaiko Finken Administratzaileen Elkargoak abian jarri du Ekoetxe proiektua, eta lanean ari dira birgaitze-lanetan laguntzeko bulego bat jartzeko, Bizkaiko elkargoko kide diren finka-administratzaileei laguntzearren birgaitze-proiektu bat daukatenean energia-eraginkortasuneko irizpideekin gauzatzen«, adierazi du Pablo Abascal Lurralde Elkargoko presidenteak. «Hitzarmen hau sinatzen dugun entitateok indarrak eta sinergiak batuko ditugu Ekoetxe proiektuaren alde«.