Eusko Jaurlaritzak babes bereziko kultura-ondasun izendatu du Sestaoko «La Naval» ontziola, monumentu-multzo kategoriarekin

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Sestaoko “La Naval” ontziola monumentu-multzo kategoriarekin babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko dekretua.

Sestaoko “La Naval” ontziola Nerbioi ibarra izeneko eremuan dago, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarraren ertzean, eta gaur egun 290.000 metro karratuko azalera hartzen du. Sestaoko “La Naval” ontziolak duen kultura-interesak hainbat kultura-balio eta ondasun babestu biltzen ditu, hala nola balio historikoa, berezitasun-balioa, balio soziala, zientifikoa, paisaiakoa, hirigintzakoa eta berrerabiltzeko potentziala:

    • Balio historikoa: La Navalek 130 urteko bizitza baliagarria izan du. “La Naval” ontziolaren historiak euskal ontziola industrial handien historia osoa ilustratzen du, XIX. mendearen amaieran altzairuzko ontziak eraikitzen hasi zirenetik, XXI. mendean gainbehera izan eta itxi zen arte, haren hornitzaile edo bezero izandako enpresa osagarri nabari batzuekin gertatu bezala (Ingeniería Vallhonrat, Castrillo y Compañía, Altos Hornos de Bilbao, Altos Hornos de Vizcaya, ELYMA, Sociedad Española de Construcciones Metálicas-Talleres de Zorroza, Talleres de Erandio, etab.).

 

    • Berezitasun-balioa: XIX. mendearen amaiera aldean itsasadarreko lehen ontziola industriala izan zen enpresak mugarri ugari lortu zituen: 20ko hamarkadan dagoeneko, Estatuko ontziolarik osatuena; diesel itsas motorrak eraiki zituen Espainiako lehen enpresa; lehen ontziola, Euskaldunarekin batera, Espainian ontzi motordunak eraikitzen, eta, Astilleros Españoles SAren zati gisa, merkataritza-ontzien eraikuntzan Estatuko talde ekoizle handiena eta Europako lehenen artean kokatua. Azkenik, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarrean kokatutako hasierako ontziolen azken ordezkaria izan da, eta XXI. mendera aktibo iritsitako bakarra.

 

    • Balio soziala: Honako hauei lotua: ontziola sustatu zuten pertsonen eta haren instalazioetan lan egin zutenen bizi-ibilbideari, haien bizimodu eta lanari, langileen mugimenduei eta ontzigintzak Bizkaia osoko garapen ekonomikoan izandako eraginari.

 

    • Balio zientifikoa: Beste garai bateko ekoizpen-teknika eta -prozesuen garapenari eta bilakaerari buruzko oinarri teknologikoko informazio kualitatiboaren iturri gisa.

 

    • Paisaia-balioa: Balio kultural eta naturalen interakzioagatik eta itsasadarraren inguruko azken fronte industrial garbia izateagatik (azken hamarkadetan, haren jarduera biziaren gainerako aztarnak desagertu dira).

 

    • Hirigintza-balioa: Barrutiaren perimetroan zerbitzu-erabileren antolamendua zehaztuko zuen hirigintza arrazional eta funtzionaleko jardun nabarmenagatik, ekoizpen-lanak gunearen erdialdean egiten baitziren.

 

    • Berrerabiltzeko potentziala: Higiezinen, espazioen eta instalazioen funtzionaltasunak, aldakortasunak eta osotasunak bidea ematen dute jatorrizko jarduerak babesteko edo, hala badagokio, erabilera berriak instalatzeko.

 

Sestaoko “La Naval” ontziolako monumentu-multzoak bi esparru hauek babestuko ditu: lehena partzelaren ekialdeko muturrean kokatuta dago, eta bildu egiten du XIX. mendearen amaiera aldeko Sociedad Colectiva Martínez Rivas-Palmer (Astilleros del Nervión) sozietatearen sorrerako ondasunen babes-ingurunea; eta bigarrena multzoaren mendebaldean dago, eta barnean hartzen du XX. mendeko lehen laurdeneko Sociedad Española de Construcción Naval sozietatearen lehen etapei lotutako ondasunen babes-ingurunea. Honako hauek dira “La Naval” ontziolako monumentu-multzoan babestutako kultura-ondasunak:

    • Astilleros del Nervión ontziolari lotutako esparrua:

 

    • Makinen eta galdaren lantegia: 1888an eraikia, Sestaoko Nerbioi ibarrean kokatutako lehen ontziola industrialaren sorrerako eraikinetako bat da.

 

    • dike lehorra: 1888an eraiki zuen Brimms Newcastle on Tyne enpresak Astilleros del Nervión ontziolarentzat, gaur egun desagertuta dauden 110 m inguruko 3 harmailekin batera.

 

    • dike lehorra: Ontziola modernizatzeko bigarren fasean eraiki zuten, 1956 inguruan, 1. dike lehorraren ondoan zeuden 3 harmaila zaharren gainean.

 

    • Sociedad Española de Construcción Naval sozietateari lotutako esparrua:
        • Zentral elektrikoa: Sociedad Española de Construcción Navalek 1916 inguruan eraikitako sorrerako eraikinetako bat da; zehazki, kontserbatu diren garai horretako zerbitzu-eraikinik zaharrena.

       

        • Jantokien eta botika-eremuaren pabiloia: 40ko hamarkadaren hasieran, ontziola modernizatzeko 1. fasean egindako eraikinetako bat, langileentzako jantokiak eta botika-eremua hartzeko.

       

        • Bulego orokorrak: Gaur egungo eraikina 1956koa da, baina XX. mendeko bigarren hamarkadan eraikitako lehen bulego orokorrak eraberritzearen emaitza da. Jatorrizko oinarrizko tipologia mantendu zuten, baina lengoaia estilistiko berri baten bidez berrinterpretatuta.

       

        • Lantegi mekanikoa: Sociedad Española de Construcción Navalek 1916 inguruan eraikitako sorrerako eraikin multzoaren parte izan zen.

       

        • Oinezkoen pasabidea: Lehen tartea 1916an eraiki zuten, langileak Sestaoko hirigunetik fabrika-barrutira errazago sartzeko. Izan ere, hirigunea hegaletan dago eta Bilbo-Santurtzi trenbideak bereizten du fabrikagunetik.

       

 

Gainera, La Navalen inguruneko espazioak ere babestuta daude, antolamendu espaziala eta funtzionala ahalbidetzen baitute.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan inskribatuko du eraikina, eta babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko onarpenaren berri emango die Sestaoko Udalari, VPG taldeari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Euskal Herriko Itsasertz Demarkazioari, Bilboko Portu Agintaritzari eta ADIFi.

Sestaoko “La Naval” ontziola monumentu-multzo kategoriarekin babes bereziko kultura-ondasun izendatu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena beharko da haren ondasun babestuetan egin beharreko edozein esku-hartzetarako.