Lehendakariak berriz aldarrikatu du gune atlantiko sendo bat, erronka handiei aurre egiteko

0

Lehendakariak berriro aldarrikatu du gune atlantiko sendo bat, egungo erronkei aurre egiten jarraitzeko, eta, aldi berean, Atlantikoko Korridoreari behin betiko bultzada emateko eskatu du, duela zazpi urte bezala. Iñigo Urkulluk Arku Atlantikoko Batzordeak Donostian egun hauetan egingo duen Batzar Nagusia inauguratu du. Batzar horretan Euskadik beste bi urtez berrituko du 2020. urteaz geroztik duen lehendakaritza.

Lehendakariak, bere hitzaldian, adierazi du fatxada atlantikoa Europar Batasunaren eztabaiden eta erabaki-hartzearen erdigunean jartzeko asmoa komuna dela. “Bi helburu partekatzen ditugu: inor atzean ez uztea, Nazio Batuen 2030 Agendak planteatzen duen bezala; eta eremu atlantikoak Europar Batasun osoari egin diezaiokeen ekarpena maximizatzea, garapen ekonomiko, sozial eta lurralde-garapen iraunkorrari dagokionez” -esan du.

Osoko bilkuran, Lehendakariak Euskadi Europako etorkizunari buruzko konferentziaren aurrean dokumentua partekatu du gainerako bertaratuekin. Dokumentu horretan Euskadik Europar Batasunari buruz duen ikuspegia islatu da, eta euskal ekarpena jaso da, giza garapen jasangarriaren ereduan oinarrituta. Azaldu duenez, Tratatuak erreformatzeko proposamen eraginkorrak bildu dira dokumentuan, eta estatuaz azpiko gobernuen, eskualdeetako gobernuen eta gobernu nazionalen balioa aldarrikatu da, Europar Batasunaren gobernantza hobea eta aberatsagoa izan dadin.

Oraingo honetan, batzarra kokatzeko mugarriak izan dira, alde batetik, pandemiak eta Errusiak Ukraina inbaditzeak eragindako krisi larriak; eta bestetik, prezioen igoera nabarmenak –batez ere energia arlokoak–, lehengaien hornidura urriak eta harreman politiko eta komertzialetan segurtasunik ezak eragin duten testuinguru globalizatua. Oinarri horien gainean, Arku Atlantikoko Batzordea lanean ari da lurralde atlantikoen garapen orekatua lortzeko, ekonomia urdina, itsasoko garraioak eta energia berriztagarriak eta espezializazio adimendunarekin lotutako sektore guztiak bultzatuz.

Euskal lehendakaritzaren gertaera garrantzitsuak

Batzarrean, Euskadiren lehendakaritzaren gertaera garrantzitsuenak berrikusiko dira, hala nola: Kontseiluak Europako Batzordeari egindako mandatura hurbiltzea, Makroreskualde Atlantiko bat eratzeko; Itsas Estrategia Atlantikoa eta bere Ekintza Plan berria aplikatzen laguntzea; lurralde atlantikoetarako finantzaketa-aukerak baliatzea; eta Arku Atlantikoko Batzordeak ikusgarritasun handiagoa izatea nazioartean eta Europan.

Azkenik, Batzarrak adierazpen politiko bat bozkatuko du. Adierazpen horrek, besteak beste, askatasunaren, giza eskubideen eta demokraziaren balioekiko konpromisoa berretsiko du; ekonomia urdin jasangarria sustatzearen alde egingo du; maila anitzeko gobernantza azpimarratuko du, lurralde atlantikoak babesteko funtsezkoa baita; eta inplikatutako estatu kideei prozesua bizkortzeko eskatuko die, Atlantikoko itsas makroeskualdea abian jartzeko agindu diezaion Europako Batzordeari Kontseiluak.

Donostiako batzarrean izango dira, besteak beste, Kantabriako, Lisboako eta Tajo Haraneko, Iparraldeko eta Portugalgo Alentejoko presidenteak, eta Irlandako iparraldeko eta mendebaldeko eskualdeetakoak. Era berean, hauek ere hartuko dute parte: Isabel Ferreirak, Portugalgo Eskualde Garapeneko estatu-idazkariak (on line); María Lledok Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Espainiako Ministerioko Europar Batasuneko idazkari nagusiak; eta Europako Batzordeko zenbait ordezkarik −besteak beste, Carlo Secchi korridore atlantikoko koordinatzaile europarrak−eta Europako Parlamentukoek –hala nola, Izaskun Bilbao europarlamentariak−.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Iñaki Arriola sailburuak eta Pedro Marco eta Bittor Oroz sailburuordeek parte hartuko dute eztabaidetan eta mahai-inguruetan, baita Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak, Europako Gaietarako zuzendari Mikel Antonek ere.