Okendo Aldeko Plan Bereziari hasierako onarpena eman zaio

0

Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman dio Okendo Aldeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari. Donostiako alkate Eneko Goiak esan du, helburua eremua birsortzea dela, eta horretarako, bertan Basque Culinary Centerreko GOE proiektuak egoitza izango du, eta gazteentzako zein adinekoentzako zuzkidura-bizitokiak egingo dira, hirian mota honetako bizitokien beharrari erantzunez.

Plan Bereziak eremua bost partzelatan zatitzen du. Hortaz, egun bertan dauden bi eraikinak – Okendo kultur etxea eta Xabier Zubiri Manteo Institutua – kontsolidatzen ditu, eta proposatzen du ekipamendurako partzela bat sortzea Nafarroako Hiribidearen aurrean – Basque Culinary Centereko GOE proiekturako – eta bi eraikin egitea eremuaren bi alboetan zuzkidura-bizitokiak hartzeko – pertsona helduentzako zein gazteentzako 90 zuzkidura-bizitoki –.

Horrekin batera, garapen berriak 5.000 m2ko gune librea izango du. Nafarroako Hiribidetik sarrera izango du, eta partzela ezberdinak komunikatuko ditu eremuan parke berdea sortuz.

Halaber, Rodil kaleko oinezkoen irisgarritasuna hobetuko da, partzelari azpiko eta goiko eremuak lotuko dituen ibilbidea sortuko da, Alejandria eta Zemoriya kaleetako irisgarritasuna hobetuko da, eta eremu horretatik doan Donejakue Bidea balioan jarriko da.

Amara kaleko etxebizitzen eraisketa

Tokiko Gobernu Batzordeak Amara kaleko 11, 13 eta 17 etxebizitza eraikinen eraisketa proiektuari dagozkion obrak xede dituen kontratua onartu du.

Esleipen prozedura modu irekian eta premiazko izapidearen arabera bideratuko da.

Lizitazioaren aurrekontua 504.621,58 eurokoa da (%21eko BEZ barne) eta kontratuaren gauzatze-epea 3 hilabetekoa da, zuinketa egiaztatzeko aktatik zenbatuta.

PSISZentzat bi ibilgailu

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du “Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritzarentzat (PSISZ) bi ibilgailu hornitzeko kontratua” xede duen kontratua.

Mendi erreskaterako 4×4 ibiligailu batek eta aginteentzako beste ibilgailu batek osatzen dute sorta. Prezioa, guztira, 120.000 eurokoa da.

Mendi erreskaterako 4×4 ibilgailuarena 65.000€, eta aginteentzako ibilgailuarena 55.000€.

Dirulaguntzak

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du ingurumenaren alorrean proiektu bereziak garatzen dituzten entitateei dirulaguntzak ematea. Guztira, 15 proiektu garatuko dira, 16.292,04 euroko aurrekontuarekin.

Halaber, ingurumenean lan egiten duten entitateen eguneroko jarduera mantentzeko dirulaguntzak onartu ditu: 8.267,93€.

2022/05/24-an argitaratua