Jose Maria Arizmendiarrietaren eskultura bat inauguratu dute

0

Mondragon Unibertsitateak eta Bilboko Udalak Mondragonen kooperatiba-mugimenduaren sortzaile den Jose Maria Arizmendiarrietaren eskultura bat inauguratu dute gaur, unibertsitatearen 25. urteurrena dela eta.

Eskultura Zorrotzaurreko uhartean jarri da, Erribera kalean, hain zuzen, Bilbao AS Fabrik campusaren sarreran. Campus horretan, Mondragon Unibertsitateak gradu-titulazioak eta unibertsitate-masterrak eskaintzen ditu 2021eko urtarrilaz geroztik, Bilboko Udalak eta Mondragon Unibertsitateak duela zenbait urte hasitako lankidetzari esker.

Jose Mari Aburto Bilboko alkateak eta Mikel Álvarez Mondragon Unibertsitateko lehendakariak inauguratu dute eskultura ofizialki. Haiekin batera, honako hauek ere izan dira inaugurazioan: Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa, unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacoba, Goi Eskola Politeknikoko zuzendari Carlos García, Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Beloki, Mondragon Korporazioko lehendakari Iñigo Ucin eta Arizmendiarrietaren hainbat senide. Halaber, Bilboko Udaleko gobernu-taldeko zenbait kidek ere parte hartu dute.

Estudios Dureroren Arte Laborategiak diseinatu du eskultura. Komunikazio grafikoan eta artean espezializatutako industria sortzailea da Estudios Durero, eta Alfa Arterekin lankidetzan jardun du eskultura egiteko prozesuan. Eskulturak Jose Maria Arizmendiarrietaren irudi oso bereizgarri bat erakusten digu, bizikletan ibiltzen, alegia; izan ere, bizikletaz mugitzen zen Arrasaten, langileak bezala.

Pieza 1,5 metro zabal, 3 metro altu eta 1,40 metro sakon da. Neurri horiei esker, itxura bikaina eta ikusgarritasun handia ditu obrak. Herdoiltze-tratamendua duen burdinaz egiteko diseinatu da; hori dela eta, tonu ez-uniformea du eskulturak, eta patina bat baino gehiago dituela dirudi. Herdoildutako burdinaren tonu-aniztasun horrek definizio eta sakontasun berezia ematen dio obrari.

Pieza diseinatzean, lerro bakunak eta garbiak izan zitzan zen helburua, tolestaketek hiru helburu hauek argi bete zitzaten: eskultura egonkorra izatea, itxura bikaina izatea eta omendutakoa nabarmentzea, ahalik eta protagonismorik handiena dezan. Burdinazko plakak 20 mm-koak dira, eta hustuketa- eta soldadura-teknikak erabili dira haietan.