Bingen Zupiria sailburuak Josu Okiñena musikariarekin batera euskal ondare musikala berreskuratzeko musikariak bultzatutako proiektu berrien aurkezpenean parte hartu du

0
PRUEBA

OE Oficinak urteetan ahaztutako euskal musika-ondarea berreskuratzeko helburuarekin jarraitzen du lanean, azken urtean argitaratutako argitalpen- eta disko-lan ugarirekin. Era berean, musika garaikideko konpositore berriak bultzatzeko lanarekin ere jarraitzen du. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak parte hartu du gaur, Josu Okiñena musikari, ikertzaile eta irakaslearekin batera, Okiñenak berreskuratutako obra berrien aurkezpenean.

Josu Okiñenaren hitzetan, “harro eta pozik gaude, OE Oficinaren proiektuarekin hasiera batean ezarri genituen helburuak betetzen ari garelako, hau da, euskal musika klasikoa mundu osora zabaltzea. Zabalkunde hori zuzeneko errezitaldien, grabazioen eta partituren edizio kritikoen bidez egiten dugu. Horrela, errepertorioa eskura dago musika munduko ezein profesionalentzat, melomanoarentzat edo euskal kultura-ondarearen ezagutzan interesa duen publikoarentzat”.

Izan ere, 2022 oso urte emankorra izaten ari da: “Garrantzitsua izan da pandemiak eskaini digun on eskasa aprobetxatzea, hau da, hausnarketarako, lanerako eta ikerketarako tarteak bilatzea, pandemiarik ezaren egunerokotasuna ezinezkoa dela aprobetxatzea. Jakina, horrek kontzertuak antolatzeko zailtasun handiagoa ekarri du, mugikortasun-arazoak izan direlako, baina emankorra izan da eskuizkribuak ikertzeko eta partiturak egiteko”, Okiñenak dioenez.

Horregatik, aurkeztutako materialaren artean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagundu dituen hainbat lan daude. “Eskerrak ematen dizkiogu Eusko Jaurlaritzari proiektu honetan guztian baldintzarik gabe laguntzeagatik. Haren laguntzarik gabe, proiektu hau ezin izango zen gorpuztu, eta gaur ez ginateke hemen egongo proiektu eta argitalpenen bolumen hau guztia aurkezten”, azpimarratu du musikariak.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu duenez “bizirik behar du memoriak, bizitzak memoria behar duelako. Horregatik hitz egiten dugu memoria biziaz. Eta transmisioaz. Egitasmo honek, gordean eta isilean zeuden altxor musikalak kulturaren eta bizitzaren plazara ekartzen ditu. Memoria biziaren adierazpen ederra da: euskal musika gordailutik, plazara eta iraganetik egungo belarrietara ekartzen du. Ikuspegi zabal eta profesional batekin. Eskuizkributik hasi eta zuzeneko emanaldietaraino egin behar diren urrats guztiez arduratzen da: aztertzea, partiturak editatzea, entzunaldiak sustatzea, grabaketak burutzea, komunikazioa egitea”.

Hala, 2022an kaleratutako lan gehienak dagoeneko eskuragarri dituzue www.oeoficina.com webgunean:

2022an argitaratutako partitura berriak:

1- Pascual Aldave, Akelarre, Rapsodia Vasca n. 1
2- Pascual Aldave, Akelarre, Rapsodia Vasca n. 3
3- Pascual Aldave, Eliz Bidea, Elizarako bidea, 5. op.
4- Lorenzo Ondarra, Te Deum
5- Lorenzo Ondarra, Laudes, biolin, txelo eta pianorako
6- Lorenzo Ondarra, Erdi Arokoa, txelorako eta pianorako
7- Lorenzo Ondarra, Gabon Kantak
8- Lorenzo Ondarra, Bi Gabon Kanta (Tolosako Abesbatza Lehiaketaren edizio berezia)
9- Tomás Garbizu, Bi Euskal Pieza
10- Hilario Olazaran De Estella, Suite Navarra biolin eta pianorako

Aipatzekoa da obra horietako batean, 8. zenbakidunean, hain zuzen ere, Lorenzo Ondarraren heriotzaren hamargarren urteurrenean, Tolosako abesbatza-masen jaialdirako nahitaezko pieza gisa hautatutako bi gabon-kanta daudela.

Era berean, Ondarraren obra sinfoniko-koral handienetako bat den ‘Te Deum’ obra, eta Aldave konpositoreak korurako egin zuen ‘Eliz Bidea’ obra erlijiosoa ere berreskuratu dituzte. “Gainera, oraintxe bertan Aita Donostiaren ‘Pro Defunctis’ mezaren orkestra-bertsioa argitaratzear gara, inoiz argitaratu ez dena. Euskal requiem handia dugu honakoa”, aurreratu du Okiñenak.

Diskoak grabatzea musika horrekin

Berebat, bi CD argitaratu ditu OE Oficinak artxiboetatik berreskuratutako musika hori bultzatu duten artista banarekin, hala nola Mikel Uskola kontratenor euskalduna -Aita Donostia Songs’ obrarekin- eta Lyana Gourdjia biolinista georgiarra –‘Xarmak’-, biak Okiñenaren pianoarekin batera.

“OE Oficinak egiten duen 360 graduko prozesu honen barruan, diskoen grabazioak beste katebegi bat dira musika hau bertako zein nazioarteko artista gazteen bitartez zabaltzeko, ondoren errezitaldi horiek zuzenean ere interpreta ditzaten”, ekimenaren bultzatzailearen esanetan.

Zuzeneko emanaldiak: jaialdiak eta kontzertuak

– ‘BATURA Zikloa’

Euskal musika-ondarea berreskuratzeko beste urrats bat kontzertuak ekoiztea da. Horretarako, BATURA Zikloaren antolakuntza nabarmendu behar dugu, hirugarren ediziorako bidean baitago, non berreskuratutako euskal musika klasikoa nazioarteko errepertorio handiaren ondoan eskaintzen den, merezi duen mailan jarrita.
Horretarako, formatu txikiko errezitaldiak eta errezitaldi didaktikoak antolatzen ditu OE Oficinak, hurbilekoak, eta nazioarteko esparruan izen handia duten atzerriko artistek interpretatuak.

“Lehenengo edizioa zortzi kontzertukoa izan zen, bigarrena hamabi kontzertukoa; oraintxe bertan hirugarren edizioaren antolakuntza betean gaude eta oraingo honetan hogei kontzertutara iritsiko garela uste dut. Mugak irekitzen ari gara, elkarte batek parte hartuko baitu Kanariar Uharteetan eta beste batek Madrilen; kantaldi batzuk ere Quebecen egingo dira”, dio donostiarrak.

Hala, “tokiko errealitateari dimentsio globala ematea lortu dugu”, euskal kulturari dagokionez, hain justu. Edizio bakoitza gai bati buruzkoa da, eta aurreko biek babes handia jaso dute, bai Eusko Jaurlaritzaren aldetik, bai Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat udalen aldetik. Baita publikoaren aldetik ere, kasu askotan aretoak bete baitira, nahiz eta azken bi urteetan garai pandemikoak bizi izan.

Aurtengo edizioan ‘Emakumea eta euskal musika’ gaia aukeratu dute ardatz gisa; euskal errepertorioa, beraz, euskal konpositore garaikideen zein iraganeko musikagileen lanetan oinarrituko da. Hori dela kausa, udalei proiektuan parte hartzeko deia egin die Okiñenak: «Aurreko edizioetako batean parte hartu dutenei zein ez dutenei dei egiten diegu hirugarren edizio honekin bat egin dezaten, sinergiak sortzeko eta jaialdi hau hazteko».

Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi info@oeoficina.com helbidera edo deitu 675423758 telefonora.

 -‘Hegalak’

Epe laburrean OE Oficinak garatu beharreko beste proiektu bat dugu ‘Hegalak’, ekimen guztiz berritzailea, alegia. Bertan berreskuratutako obra horien pianorako errezitaldia eskainiko dute, eta horietatik bost Iker Murillo eta Vitali Safronkine dantzariek koreografiatu eta dantzatuko dituzte. Okiñenak dioenez, “bi diziplina artistiko batu nahi ditugu: musika eta dantza klasikoa. Berritzailea da, zehazki, dantza klasikoak ibilbide luzea duelako oraindik euskal kulturan”.

– ‘Kaputxino konpositoreen Zikloa’

2022an eta 2023an penintsula osoko hainbat herritan egingo den hirugarren edizioa dugu honakoa. Besteak beste, Aita Donostia, Lorenzo Ondarra eta Lizarrako Olazaran euskal musikariak nabarmenduko dituzte. Ibilbide “oso ona” izan duen zikloa dugu honakoa, aurreko edizioetako harrera “bikaina” izan baita antolatu duten herri guztietan.

– ‘Aldave 2024’

“Azken urte honetan, Pascual Aldave konpositorearen ‘Akelarre’ obra osoa argitaratu dugu, 2024an haren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko. Izan ere, oso garrantzitsua iruditzen zaigu bi urte barru materialak prest izatea inklusiorako eta programaziorako”, azaldu du Okiñenak.

“Oso proiektu berezia da, euskal musikaren barruan duen kalitateagatik eta dimentsioagatik”; izan ere, donostiar musikariarentzat, hauxe da Aldaveren obra nagusia, 1986an konposatua, Gipuzkoako Foru Aldundiak enkarguz eskatutakoa.
Helburua garai guztietako euskal konpositore garrantzitsuenetako biren jaiotza ospatzea zen, hain zuzen ere: aita Donostia eta Jesus Guridi, euskal musika nazionalismoaren adierazle nagusiak.

Okiñenak dioenez, “zoritxarrez, orkestralki pare bat aldiz interpretatu da Historian, azkena duela hiru hamarkada baino gehiago”. Horregatik, ekimen honen bidez, obra guztia behin betiko argitaratzeaz gain, Aldaveri omenaldia egin nahi zaio, hainbat jarduera eta emanaldi eginez hainbat herritan.

Ikerketa: konpositoreen analisia

OE Oficina euskal kultura-ondarea berreskuratzeko lanean garatzen ari den beste alderdietako bat ikerketa da, zehazki, euskal konpositoreen obra osoari buruzko ikerketa. Sustatzaileak adierazi duenez, “gure helburua da gazteak ikerketaren munduan sartzea, eta, gainera, hainbat ikerketa-eredutan”.

Alde batetik, musikariak partituren edizio kritikoak egiteko ikerketa historiko-dokumentalak nabarmendu dituzte. Bestalde, diskoak egiterakoan eta musika entzutean interpretazio-praktika bera ikertzea.

Kasu honetan, adibide gisa: Jon Makuso lezotarra Garbizuren obrari buruzko doktore-tesia egiten ari da, eta Beñat Olano gasteiztarra, Aldaveren obraren ikerketan bete-betean sartu dena.