Doitasunezko medikuntza pertsonalizatu baten bila

0
PRUEBA

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Nutrizioa eta Obesitatea taldea, María Puy Portillo Baquedano irakaslea buru duela, doitasunezko medikuntza pertsonalizatuari buruzko ikerketa proiektu batean parte hartzen ari da. Carlos III.a Institutuko (CIBERobn) Sareko Ikerketarako Zentro Biomedikoaren eta Bioaraba Osasun Ikerketarako Institutuaren barruan dago talde bat hori.

Doitasunezko medikuntza pertsonalizatuak eraldatu egiten du praktika klinikoan eta osasun publikoko neurrietan erabakiak hartzeko modua. Honako hau da haren helburua: medikuntza seguruagoa, eraginkorragoa, prebentiboagoa eta prediktiboagoa lortzea, datu masiboen erabileran oinarritua eta osasunari eragiten dioten ezaugarri indibidualetara egokitua. “Doitasunezko medikuntza pertsonalizatuak onartzen du informazio genomikoa eta molekularra sortu behar dela gaixotasunak hobeto ulertzeko; kontuan hartzen du, halaber, gizarte, ingurumen eta portaera faktoreek funtsezko eginkizuna dutela hala gaixotasunen garapenean nola osasunaren sustapenean; eta beharrezkoa du, hortaz, prozesu kliniko-asistentzialean informazio hori guztia ohiko moduan lortutako datu klinikoekin integratzea”, azaldu du Portillo irakasleak.

“Metabolomika, genomika eta nutrizioa gaixotasun kardiobaskularraren medikuntza pertsonalizaturako (OMIC-CARD)” da proiektuaren izenburua, eta hauxe du hipotesi nagusitzat: informazio metabolomikoa, genomikoa eta nutrizionala integratzea baliagarria izango da gaixotasun kardiobaskularrari heltzeko modua pertsonalizatzeko, bai prebentzioan bai tratamenduan, eta tresna horiek, orobat, IMPaCT kohortean efizientziaz aplikatzeko behar bezain baliozkoak izango dira. Azken hori Carlos III.a Osasun Institutuak sortu berri duen populazio talde bat da, 200.000 parte hartzaile lortu eta haien jarraipen prospektiboa egiteko. Beste herrialde batzuetan abian diren kohorte nazional handi batzuen antzekoa izango da (UK-Biobank, NAKO edo CONSTANCES, esate baterako). “Osasun publikoan lehentasunezkoak diren gaixotasunen kausak eta osasun egoerak hobeto ulertu nahiak ekarri du kohorte hori sortzeko ideia; gaixotasun kronikoak nabarmentzen dira horien artean. Horrez gain, Espainian bizi direnen osasun egoera monitorizatu nahi da, arreta berezia jarriz osasunaren arloko desberdintasunei, gaixotasuna izateko arriskuaren eta bestelako osasun kondizioen aurreikuspena barne –hala nola adinarekin, lesioekin eta desgaitasunarekin lotutako narriadura funtzionala–; era berean, gaixotasun azpiklinikoen edo hasierako faseetan daudenen biomarkatzaileak identifikatu nahi dira, baita praktika klinikoan erabilgarriak izan litezkeen fenotipoen biomarkatzaileak ere”, nabarmendu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Proiektuaren helburuak

UPV/EHUk parte hartzen duen ikerketak hainbat alderdi baloratu nahi ditu. Lehenik eta behin, ea dietaren eta aztarna metabolomikoaren arteko antzeko loturarik dagoen gaixotasun kardiobaskularra (GKB) dutenetan. “Aztarna metabolikoak GKBa duten pazienteen dietari ematen zaion erantzun metabolikoa monitorizatzeko balio duen ebaluatu ahal izango da horri esker, hori lagungarria izango baita haien tratamendu farmakologikoa eta ez-farmakologikoa (dieta eta bizimodua) indibidualizatzeko”, azaldu du irakasleak.

Bigarrenik, zera baloratuko du: ea ezaugarri soziodemografiko –genero ikuspegia barne–, kliniko edo genetiko jakin batzuek laguntzen duten dietari erantzun metaboliko handiena dutenak –GKBa dutenetan eta ez dutenetan– identifikatzen. Eta, hirugarrenik, informazioa biltzeko tresna tradizionalen bidez identifikatutako elikadura ereduen balorazioak aski korrelaziorik duen eredu horien araberako markatzaile objektiboekin –azken horiek errendimendu handiko teknika metabolomikoen bidez identifikatuta (aztarna multimetabolikoak)–.

Proposamenak baliteke laguntzea gaixotasun kardiobaskularraren prebentzioa eta tratamendua pertsonalizatzen, bai eta, horrela, baliabideen erabilera optimizatzen, batez ere Lehen Mailako Arretan; eta oso lagungarria izango zaio IMPaCT kohorteari.

Informazio gehigarria

Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Nutrizioa eta Obesitatea taldea Carlos III.a Institutuko (CIBERobn) Sareko Ikerketarako Zentro Biomedikoaren eta Bioaraba Osasun Ikerketarako Institutuaren barruko talde bat da, eta María Puy Portillo Baquedano irakaslea da haren buru. Talde horrek Bioaraba Institutuko beste ikertzaile batzuekin batera (Lucas Tojal doktorearen taldea) parte hartzen du proiektu horretan, zeina 2017-2020 aldirako Osasuneko Ekintza Estrategikoaren Doitasunezko Medikuntza Pertsonalizatuaren Ikerketa Proiektuen deialdian finantzatu baitute, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren Europako funtsen kargura.