Euskadik eta Kantabriak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute osasun-laguntzaren arloan

0

Lehendakariak eta Kantabriako presidenteak Euskadiren eta Kantabriaren arteko lankidetza-hitzarmen berri bat iragarri dute, erkidego bateko eta besteko lurraldean bizi diren pertsonei osasun-laguntza ematea ahalbidetuko duena, eremu geografiko mugakideetan, aldi baterako joan-etorrietan edo beste autonomia-erkidegoan egiten diren laguntza-teknikak edo -jarduerak behar direnean. Iñigo Urkulluk eta Miguel Angel Revillak bilera egin dute gaur arratsaldean, Arku Atlantikoko Batzordearen Batzar Nagusiaren baitan. Bertan, biak bat datoz makroeskualdearen aldeko apustu sendoa egin behar dela esatean, besteak beste, trenbide-komunikazioak edo itsasoko energia berriztagarriak indartzeko.

Eusko Jaurlaritzako eta Kantabriako Gobernuko bi ordezkariek azaldu dutenez, lehen mailako arretako, arreta espezializatuko, larrialdietako, osasun-garraioko eta larrialdi-arretako asistentzia-eremuak eta historia kliniko elektronikoa bilduko ditu lankidetzak.

Era berean, uztailean sinatutako duten hitzarmenak bi erkidegoek eman dezaketen lankidetza osasun publikoaren eta ezagutzaren kudeaketaren arlora zabaltzen du.

Halaber, lankidetza-esparru berriak Euskadiko pazienteentzako Kantabriako Osasun Zerbitzuaren bihotz- eta birika-transplanteen programarako eta Kantabriatik etorritako transexualentzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko genitalen berreraikuntzarako kirurgia-programarako sarbide-baldintzak ezarriko ditu.

Euskadik gaur egun Nafarroa edo Errioxa bezalako erkidego mugakideekin sinatutako denaren antzeko lankidetza-hitzarmenak ditu.