Gaztelagun programaren jarraipena eta hobekuntzak

0

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko apirilaren 26ko Aginduak (2022ko maiatzaren 5eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua) Gaztelagun programa berriko etxebizitzak alokatzeko laguntzak arautzen ditu eta izaera iraunkorra ematen dio, hasieran ezarritako epea luzatuz (2019-2021). Azken batean, gazteen emantzipazio-tasa handitzea da helburua, eraginkortasuna eta erabilgarritasuna erakutsi duen laguntza-programa hau finkatuz.

Gaztelagun programa berriak zenbait hobekuntza dakartza, ahalik eta gazte onuradun gehienengana iristeko. Horien artean, laguntza hori 36 urte bete arte jaso ahal izango da, betiere ezarritako baldintzak betetzen jarraitzen bada.

Era berean, igo egiten da Bilbon, Donostian eta Gasteizen ordaindu ahal den alokairuaren gehieneko zenbatekoa (775 eurotik 800 eurora), eta igo egiten da laguntzak eskuratzeko urteko diru-sarrera gordinen muga, bai banakako pertsonentzat (18.000 eurotik 24.500 eurora), bai familia-unitateentzat (24.000 eurotik 30.000 eurora eta familia ugarientzat 28.000 eurotik 32.000 eurora).

Gainera, ordaindutako alokairu-errentaren % 60raino jaso daiteke, eta hileko gehieneko zenbatekoa 275 euro da (etxebizitzarako prestazio ekonomikoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren 11/2021 Legearen Zazpigarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoaren arabera). Azkenik, 6 hilabetera murrizten da Euskal Autonomia Erkidegoan benetan eta etenik gabe bizitzeko epea laguntzak eskuratzea errazteko eta gazteen mugikortasuna bultzatzeko.