Gizarte erronkak eta nazioartekotzea, lehentasunak unibertsitate ekintzan, UPV/EHUren Plan Estrategiko berria onartu ondoren

0
Joan den asteartean eginiko bileran, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak 2022-2025 Plan Estrategikoa onartu zuen. Plan berriaren arabera, unibertsitate publikoa “euskal komunitatea garatzeko agente erabakigarri bat” da, baita “ideia berriak sortzeko gune bat” ere. Plan Estrategiko berriak orain arte indarrean egon den planaren (2017-2021) lekua hartuko du, eta pertsona askoren ekarpenak jaso dituen prozesu batetik sortu da; zehazki, 250 lagunek baino gehiagok parte hartu dute 2021-2022 ikasturtean zehar.

Onartutako testuaren lehenengo elementuetako bat da UPV/EHUren Egitekoaren azalpena: “UPV/EHU euskal unibertsitate publikoa da, eta konprometituta dago euskal kulturarekin, gizarte erronkekin eta garapen jasangarriarekin, prestakuntzaren, ikerketaren, ezagutzaren transferentziaren eta toki nahiz mundu mailako aliantzen bidez, jakintzaren adar guztietan”.

Egitekoarekin batera, Plan Estrategikoak unibertsitatearen Ikuspegia ere zehazten du. Haren arabera, ikasleei ematen zaien prestakuntza “ikerketan eta pentsamendu kritikoan oinarrituta dago, metodo zientifikoa erabilita”; halaber, “bere ikerketa eredua indartu nahi du, gizarte, kultura, ekonomia eta ingurumen arloetako erronka berrietara orientatua eta erronka horiekin konprometitua, diziplinaz gaindiko eta nazioarteko lankidetza sustatuz”; eta bere burua identifikatzen du “lurraldean garatzen diren I+G+b proiektuen aliatu natural gisa” eta “bere inguruan sustraitutako unibertsitate gisa, irekia eta iragazkorra”.

Eva Ferreira errektorearen hitzetan, “plana gogoeta sakon baten emaitza da eta unibertsitate estamentu guztien, erakunde publikoen eta hainbat gizarte agenteren ekarpenak jaso ditu. Plan berriak zehazten ditu, UPV/EHUren datozen urteetako jarduera gidatuko duten lehentasunak ez ezik, baita lan horren estiloa ere: alde horretatik, funtsezkoak dira zeharkako ardatzak, unibertsitate jarduera osora zabaltzen direlako. Mundura zabalik egongo den unibertsitate bat nahi dugu, nazioartekotze prozesu baten bidez, baita gizartera zabalik egongo dena ere, komunikazioa indartuta maila guztietan. Eraldaketa digitala da gainditu nahi dugun beste desafio handienetako bat, eta, laugarren xede gisa, gure jardueraren arlo guztietan txertatuko ditugu unibertsitate publiko gisa bultzatu behar ditugun gizarte balioak, baita Nazio Batuek onartutako Garapen Jasangarrirako Helburuak ere”.

Plan berriak 5 ardatz estrategiko ditu: 1) Prestakuntza; 2) Ikerketa eta Transferentzia; 3) Kultura eta Gizartea; 4) Pertsonak; eta 5) Gobernantza eta Baliabideak. Gainera, helburu eta ekintza zehatzak zehazten ditu alor nagusi horietan, eta horietako bakoitzerako adierazleak, aukera emango dutenak modu objektibo batean ikusteko alor bakoitzean eginiko urratsak.

Bestetik, 4 zeharkako ardatz ere zehazten ditu, barne hartzen dutena UPV/EHUren jarduera guztia:

. Nazioartekotzea

. Eraldaketa digitala

. Garapen Jasangarrirako Helburuak

. Komunikazioa

Garrantzitsuak izan dira ere kanpoko agenteek Plana ontzeko prozesuan egin dituzten ekarpenak: erakunde publikoak eta ekonomia, elkartegintza eta kultura arloetako ordezkariak. Plan Estrategiko berria indarrean egongo da 2025. urtera arte.