Hanburgesa eta garagardo artisau dastaketa egingo da larunbatean, Azpeitian

0
PRUEBA
Ekimenaren baitan I. Gipuzkoako Hanburgesa Artisau Lehiaketa ere ospatuko da, Gipuzkoako hanburgesa-haragi hoberena egiten duen hatategia sarituz. 18:00etatik aurrera izango da Azpeitiko Plazan.

Larunbat honetan, 18:00tatik aurrera, Azpeitiko plazak ekintza berri bat hartuko du, hanburgesa eta garagardo artisau dastaketa. Azpeitiko Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkurak antolaturiko ekimena da, herritar askoren gustagarri diren bi produktu batuko dituena: hanburgesa eta garagardoa.

Ekintzaren oinarrian, I. Gipuzkoako Hanburgesa Artisau Lehiaketa dago. Izan ere, Gipuzkoako 22 harategi inskribatu dira larunbatean Azpeitiko plazan beren hanburgesa-haragia aurkeztu eta epaimahaiaren aurretik pasatzeko. Hanburgesen itxura, testura, kolorea, zaporea, produktuen konbinazioa, bertakotasuna, etab. baloratuko dituzte epaimahai kideek haragirik hoberenak aukeratzerakoan.

Lehiaketaren ildotik, herritar orori zabalduriko hanburgesa eta garagardo artisau dastaketa eskainiko da. Hanburgesak, lehiaketan parte hartzen duten haragiarekin egingo dira, baina hanburgesaren ohiko presentazioa osatuz; ogi artean eta norberaren gusturako gehigarriekin (gazta, tipula potxatua, ketchupa, mahonesa). Janaren osagarri moduan, garagardo artisaua ere izango da. Euskal Herriko 5 garagardo ekoizlek beren produktuak ekarriko dituzte Azpeitira: Atala Brewing, Baobeer, Iparra, Mitika eta Izar-Haitz azpeitiarrak. Garagardo ekoizleek, arratsaldeko dastaketan ez ezik, 12:00tatik 14:30tara ere eskainiko dute  garagardoa probatzeko aukera.

Ekimenak badu ikuspuntu solidario bat ere, izan ere, biltzen den dirua gerrak kalteturiko pertsonentzat materiala erostera bideratuko da. Modu horretan, bertako harakin zein garagardo ekoizleen produktuak ezagutuz, gerraren gordintasuna pairatzen dutenei iritsiko zaie ekarpena.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “ardo egunaren antzerako formatua izango du, baina garagardoa eta hanburgesekin, ardoa eta txorizoaren ordez”. Aldi berean, jakinarazi dute “festa giroa izango dela, musikaz girotuta”. Horrenbestez, herritar guztiei larunbatean Azpeitiko Plazara gerturatzeko deia egiten diete. Amaitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiete ekimena aurrera ematen lagundu duten Errotaundi okindegiari eta Deuko Izarra enpresari.