Euskal buztingintza ikasi eta zabaltzea

0

“Lur” eta “lau” hitzetatik abiatuta, Lurlau izenburua ipini dio June Larzabalek, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Sorkuntza eta Diseinuko Graduko ikasleak, bere Gradu Amaierako Lanari (GRAL). Sukalderako ontziak diseinatzeko proiektu bat da Lurlau, Euskal Herriko lau udalerritan jasotako tokiko buztinak erabiliz: Zuian, Elosun (Legutio), Eskoriatzan eta Aretxabaletan, zehazki.

Nota gorena (10) jaso zuen GRALak packaging baten diseinua eta Junek buztinez egindako plateren ezaugarritze grafikoa ere barne hartzen ditu. “Euskal buztingintzaren tradizioa ikertuz, lanbidearen jatorria eta artisau prozesua arakatu nahi ditu proiektuak, eta, era berean, diseinuaren tradizio berriekin uztartu nahi du buztingintza, artisautzaren eta garaikidetasunaren artean harreman bat sortzeko”, zehaztu du June Larzabalek.

Proiektuaren sorburuari dagokionez, gogoan du bere jaioterrian, Eskoriatzan, antzinako zeramika labe bat dagoela, eta beti erakarri duela bere interesa. “Nire herriko buztina hartu eta zerbait egitea pentsatu nuen”, dio.

Hainbat buztin ikertzen hasi zen Larzabal, eta Arabako Elosun dagoen Ollerietako Euskal Buztingintzaren Museora iritsi zen horrela. Blanka Gomez de Segura adituarekin aritu zen bertan lanean, zeinak buztin mota ezberdinei buruzko irakaspenak eman zizkion eta GRALerako piezak sortzeko prozesuaren hainbat alderditan lagundu zion. “Blanka Gomez de Seguraren ekarpenekin, euskal zeramika tradizionalari, inspiraziotzat hartuta, ukitu moderno bat eman nahi izan nion”, zehazten du.

Larzabalek eremu zehatzetan aukeratu eta jaso ditu buztinak, azterlan eta erreferentzia bibliografikoetan oinarrituz, eta lehengai horretan adituak direnen erreferentziak ere aintzat hartuz; esate baterako, Eskoriatzako Zubiateko Labe Museoko arduraduna den Saioa Altzuarenak, buztina aukeratzeko espazioak nola mugarritu erabakitzeko ideiak eman baitzizkion, edota zuzenean haiek lehendik jasotako buztina eman ziotenenak (Blanka Gomez de Segurak, kasurako). Zehazki, eremu hauetako buztinak erabili ditu Larzabalek: Eskoriatzakoa, Aretxabaletakoa, Elosu parean dagoen Legutio urtegikoa, eta Zuiako Ametzagakoa, Baia ibaikoa, non udan bakarrik har daitekeen buztina, ibaia lehor dagoenean.

Gradu Amaierako Lanaren bloke baten zati bat euskal zeramika autoktonoari buruzko ikerketari eskainia dago. Araban bereziki, tradizio luzea du zeramika horrek. “Buztingintza gehien kausitu den lurraldea da; bertako tailerren kopuruagatik ez ezik, hango produktuen kalitateagatik eta bertako buztingintza tailerrek izan zuten garrantziagatik ere”, dio. Buztingintzak gainbehera pairatu zuen, eta modernizazioaren etorrerarekin “buztinlariek egokitu egin behar izan zuten. Baina gehienek utzi egin zuten lanbidea, eta gaur egun ia ez dago buztinlaririk Euskal Herrian”.

Buztinaren aldaerak

Bere GRALean aurkeztu dituen piezei dagokienez, molde berean egindako plater sakonen joko bat da, baina elkarren artean desberdintasun txiki batzuk dituzte, eta hainbat koloretan daude diseinatuta, haiek lantzeko erabili den buztinaren arabera. Eremu bakoitzeko buztinaren “aldaerak esperimentatzeko adibideak” dira; izan ere, “eremuak eta lurrak asko baldintzatzen dute”, eta tenperatura desberdinetan laberatzean eta maila desberdinetan lehortzean, kolore desberdinak eta emaitza fisiko desberdinak izaten dituzte. Probetan eta hutsegiteetan oinarritutako esperimentu bat da, eta bertan “tonuen arteko desberdintasuna ikus zedin” nahi zuen Larzabalek.

Diseinuko ikaslea izanik, platerak saltzeari begira markaren, identitate grafikoaren eta packaging-aren diseinua ere landu, lau eskualdeetako lau buztinen ideian oinarritzen den proiektuari irudi oso bat emateko asmoz, piezak ikertu, sortu eta saltzearekin lotuta.

June Larzabal, gaur egun, Ollerietako Euskal Buztingintza Museoan aritzen da lanean asteburuetan, museoaren zuzendari Blanka Gomez de Seguraren alboan zeramikari buruz ikasten eta espezializatzen. Ikaslea, bere esanetan, egunero ari da antzinako lanbide hori “ikasten”, eta “profesionalki zeramikari” izatea gustatuko litzaioke, tailer batean arituz.

Lurlau proiektua Arte Ederretako Fakultateak Bizkaia Aretoan antolatutako gradu amaierako lanen erakusketa kolektiboan parte hartu zuen.