Astekonomiak, gaur, turismo-apartamentuen urte hasiera onari eta eraikuntza-kostuen garestitzeari, besteak beste, jartzen die arreta

0
PRUEBA

Turismo-apartamentuak, udaberri honetan, loraldi bizian daude, eta urte hasiera honetan marka guztiak gainditu dituzte. Apirilera bitartean, 130.400 ostatu-gau erregistratu ziren Euskadiko turismo-apartamentuetan.

Hau da, aurreko urtean baino % 80,7 gehiago da. Gainera, datuak daudenetik lehen lauhileko batean inoiz jasotako kopururik handiena da, eta jauzi kuantitatiboa da estatistika horrek pandemia aurretik zituen balioen aldean.

Gai hori dugu Astekonomiaren abiapuntu, baina aste honetako beste adierazle ekonomiko garrantzitsu batzuei ere emango zaie arreta.

Prezioen gorakadak jarraipena izan du, eta apirilean industria-prezioak (IPRI) % 26,3 igo ziren urte arteko tasan. Igoera horren zati handi bat energiaren garestitzeari zor zaio (% 70,0), baina tarteko ondasunek ere oso hazkunde handia izan zuten (% 21,1). Gainerako ondasun multzoetan igoera % 5 ingurukoa da.

Bestalde, eraikuntzaren kostuak % 11,9 igo ziren apirilean, aurreko urteko hil beraren aldean. Kostuen barruan, garestitzea bereziki handia izan da lehengaiekin lotzen diren partidetan (% 13,9). Eskulanak, berriz, igoera apalagoa izan zuen (% 5,8).

Asteroko laburpen hau da gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena errazteko Ekonomia Zuzendaritzak prestatzen duen “Astekonomia” izeneko minutu bateko bideoen oinarria.