Bimoak bere obren kontrol-prozesua digitalizatzen du

0

Gero eta sektore gehiagok igarotzen dute beren jardueraren zati bat mundu digitalera. Besteak beste, arkitekturaren sektoreak, eraikuntzarenak eta azpiegiturarenak. Tresna digitalak aukera paregabea dira prozesuak optimizatzeko, diseinutik hasi eta mantentze-lanetaraino; hori dagoeneko egin du Bimoak, BRTAko (Basque Research & Technology Alliance) kide den Tecnaliaren eskutik.

Bimoak, eraikuntzaren munduko enpresa den aldetik, bere obren jarraipena 360 kaptura-cloud teknologiaren bidez egiteko gaitasuna hobetzea erabaki du. Digitalizazio hori gauzatzeko, Tecnalia zentro teknologikoaren esperientzia eta gaitasun teknikoan oinarritu da Gipuzkoako enpresa, digitalizazioari eta BIM zerbitzuei dagokienez.

Digitalizazioa onura handiak ekartzen ari da denborari, kostuari eta kalitateari dagokienez. Bimoaren kasuan, “obraren errealitatea minututan atzematen da 360 kamera batekin, bideoz edo argazkiz. Smartphone edo tablet baten bidez, erregistratu nahi diren xehetasunei buruzko landa-oharrak hartzen dira (oharrak, eskemak, pdf, etab.), eta ohar hori espazioko elementu batekin lotzen da irudi esferiko horren barruan”, azaldu dute Tecnaliatik.

Hurrengo urratsa obrako bisitetan sortutako informazio grafiko eta dokumental guztia cloud plataforma batera igotzea da. Bertan, obraren aurrerapena urrunetik berrikusten da, pantaila zatitu batean, kokapen berak data desberdinetan aztertuz. “Horrela, ikusiz egiaztatzen da obraren errealitatea proiektuaren kronogramaren arabera eraikitzen ari dela, eta, hala ez bada, erabakiak azkarrago eta fidagarriago hartzeko gaitasuna dugu”, adierazi dute zentro teknologikotik.

Eraikuntza digitala da Tecnaliak hainbat zerbitzu aurreratu eskaintzen dituen eremuetako bat. “Adibidez, honako hauek eskaintzen ditugu: produktuen web-konfiguratzaileak sortzea, erabiltzailearen esperientzia hobetzeko eta on-line salmenta handitzeko; diseinu konputazionala, diseinu-prozesuak eta geometria konplexuen sorrera errazteko; eta 3D datuak eta bisoreak 3D interfazeetan integratzea, aktiboen informazioaren kudeaketa optimizatzeko”.

SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.