Euskadik «Kerik gabeko Guneen Sarea» eratu du, eta tabakorik gabeko 140 eremu baino gehiago daude dagoeneko

0
PRUEBA

Datorren maiatzaren 31n, asteartea, Tabakorik gabeko Mundu Eguna ospatuko da, eta Osasun Sailak ere parte hartuko du ospakizunean, Euskadiko Kerik gabeko Guneen Sarearen sorkuntza iragarriz. Ekimen horren helburua da bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko eta ingurumena ke eta zigarro-punten kutsaduraz babesteko inguruneak biltzea. Euskadik kerik gabeko 144 gune izango ditu aurten, hala nola hondartzak, eskola-inguruneak, haur-parkeak, plazak edo kirol-inguruneak. Zifrak gora egingo du pixkanaka, udalerriek edo mankomunitateek sarearekin bat egiten duten heinean.

Prentsaurreko batean, Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Itziar Larizgoitiarekin batera, gogorarazi du tabakoaren kontsumoa saihesteko moduko heriotzen lehen arrazoia dela munduan, eta azpimarratu du mehatxu handia dela, erretzen duenarentzat ez ezik, kearen eraginpean daudenentzat ere bai.

Eusko Jaurlaritzak duela hainbat hamarkadaz geroztik egindako sentsibilizazio-kanpainari jarraikiz, oraingoan herrialdeko gainerako erakundeekin batzea eta Kerik gabeko Guneen Sarea sortzea erabaki du Osasun Sailak. Ekimen horren helburuak, herritarren osasun publikoa zaintzeaz gain, honako hauek dira:

    • jokabide osasungarriak sustatzea;

 

    • tabakoaren eta nikotinaren arriskuen inguruan informatu eta sentsibilizatzeko lana bultzatzea;

 

    • substantzia horren kontsumoa murriztea;

 

    • kontsumitzeari utzi nahi dioten erretzaile guztiei informazioa ematea eta laguntzea;

 

    • herritar guztiak tabakoaren keaz babestea;

 

    • eta, halaber, gure herri eta hirietan ingurune garbiak, osasungarriak eta kerik gabeak sortu eta mantentzea.

 

KERIK GABEKO GUNEEN SAREA

Eusko Jaurlaritzak babestutako lankidetza-sare bat da, tabakoaren kerik gabe gozatzeko guneak biltzen dituena. Erakunde laguntzaileek (toki-erakundeek, foru-erakundeek eta bestelako erakunde eta elkarteek) ez erretzea (ezein modalitatetan) gomendatzeko moduko guneak proposatzen eta mugatzen dituzte.

41 udalerriko 144 gunek izango dute bereizgarria: haizearekin mugitzen den errota. Kerik gabeko aireari egindako keinua. Bainu-denboraldia aurki zabalduko denez gero, bistaratuko diren lehen guneak 16 hondartza izango dira. (Ikusi guneen laburpen-taula behealdean, eta mapa ondorengo estekan: euskadi.eus/kerik-gabeko-euskadi/)

Gune horietan guztietan, ez erretzera gonbidatuko duen seinale bat egongo da. Irudi berria da, eta ekimenari balio erantsi eta garrantzi handiagoa emateko sortu da. Parte hartzen duten erakundeei seinaleztatzeko eta zabaltzeko materialak banatuko zaizkie, Osasun Sailarekin koordinatuta sentsibilizazio-lana egin ahal izateko.

Sareak, halaber, gune propio bat du Osasun Sailaren webgunean (euskadi.eus). Webgune horretan, kanpainaren edukiak eta irudia, parte hartzen duten udalerrien zerrenda, sareko gune geolokalizatuak eta Kerik Gabeko Euskadi estrategiari buruzko informazio orokorra aurkitu ahal izango dira.

Bestalde, datorren astetik aurrera (Tabakorik gabeko Mundu Eguna baliatuta) eta uda osoan, ekimenaren irudiarekin sentsibilizazio-kanpaina bat egingo da hedabide sozialetan. Kanpaina horren bidez, “Euskadin, tabakorik gabe hobeto” ideia azpimarratuko da.

OSAKIDETZA: ERRETZEARI UZTEKO TRATAMENDUAK

Joan den urtean (2021ean), 4.929 pertsonak hasi zuten tabakoa uzteko tratamendua. Haien % 58k 45-64 urte zituzten. 2019ko datuak erreferentzia gisa hartuta (urte horretan 2.059 pertsonak hasi zuten tratamendua), % 139ko igoera izan da 2021. urtean.

Osakidetzak hainbat kanal ditu erretzeari uzten laguntzeko. Erabileran gorakadarik handiena izan duten tresnak online talde-tratamendua eta APP bidezko tratamendu konbinatua dira.

Informazio gehiago: https://www.osakidetza.euskadi.eus/cuida-salud/-/prevencion-del-tabaquismo/

KERIK GABEKO GUNEEN TAULA 

 

 

 

 

 

UDALERRIAK

 

 

GUNEAK

 

 

HONDARTZAK (*)

 

 

ARABA

 

 

4

 

 

6

 

 

1

 

 

BIZKAIA

 

 

24

 

 

126

 

 

10

 

 

GIPUZKOA

 

 

13

 

 

12

 

 

5

 

 

GUZTIRA

 

 

41

 

 

144

 

 

16 

 

* Hondartzak aurreko zutabeko guneen guztizko zifran ere kontabilizatuta daude. Haien zifra bereizita ematen da seinaleztatuko diren lehen guneak izango direlako, hondartzen denboraldia aurki zabalduko baita.