Eusko Jaurlaritzak eta Eroskik lankidetza hitzarmena sinatu dute nekazaritzako elikagaien euskal industriak bilakaera iraunkorragoa izan dezan

0

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta EROSKIk lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur, nekazaritzako elikagaien tokiko industria sendotu eta garatzeko hiru euskal lurraldeetan. Konpromisoa hartu dute nekazaritzako elikagaien industriaren iraunkortasuna bermatzeko Euskadin, berrikuntza programetan parte hartuz eta tokiko produktuen bilakaera eta banaketa erraztuko duten hitzarmenak sustatuz. Bi erakundeek 2013ko abenduan sinatu zuten lehen hitzarmena, eta hau izan da bigarrena.

Hiru urteko iraupena izango du hitzarmenak, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen kontseilariak eta Rosa Carabel EROSKIko CEOak sinatu dute; ekitaldian izan dira, halaber, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; hiru lurralde historikoetako aldundietako ordezkari politikoak; Peli Manterola HAZIko zuzendaria; eta nekazaritzako elikagaien euskal industriako elkarte nagusietako zuzendaritza karguak.

Hitzarmenean zehazten da elkarrekin zuzeneko lankidetzan arituko direla EROSKI eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetza, eta hainbat ekintzaren bidez, sustatu egingo dituztela produktuen kalitate zigiluak, elkarrekin jardungo dutela produktu berriak merkaturatzen eta kalitatearen arloan ikerketa eta garapena bultzatzen, eta lehen sektorean ekintzailetza, eraldaketa digitala eta merkaturatze iraunkorragoa sustatzen, besteren artean.

Elikadura osasungarria eta iraunkorra sustatuz

Bi aldeen helburua da plan espezifiko bat lantzea Euskadiko elikagaiek leku eta salmenta handiagoak izan ditzaten EROSKIren dendetan.

Hori lortzeko, EROSKIk urtero egutegi bat landuko du euskal elikagaiak sustatzeko, formazio jardunaldiak antolatuko ditu kontsumitzaileentzat, elikadura osasungarri eta iraunkorra sustatzeko jarduerak egingo ditu, tokiko produktuetan oinarrituta, eta komunikazio eta formazio ekintzak antolatuko ditu produktu ekologikoen inguruan.

Berritasun gisa, EROSKIk bi mugarri jarri ditu hitzarmen honetan: tokiko ekoizleei lagun egiteko programa bat, ekoizpen iraunkorragoa lortzeko eta elikagaien kalitatea bermatzeko, eta EROSKI Azoka online plataforma, ekoizle txikienek beren produktuak bezeroen eskura jartzeko balioko duen gune digitala.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, konpromisoa hartu du EROSKI partaide egiteko elikagaien sustapenaren eta banaketaren inguruko eztabaidaguneetan eta erraztasunak emateko EROSKI lankidetzan aritu dadin Azti eta Neiker zentro teknologikoekin, elikagaien segurtasunari buruzko ikerketak gauzatzen eta produktu berriak lantzen, besteren artean.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen kontseilariak nabarmendu duenez, «Herri ikuspegiz egina dago hitzarmen hau. Apustua egiten dugu sektore profesional eta lehiakor bat izan dezagun, Euskadiko ekonomia produktiboaren zati handi bat ordezkatzen baitu, eta 0KM-ren aldeko apustu argia ere bada, lantzen ari garen Euskadiko Itun Berdearen oinarrietako bat da eta. Hitzarmen honen bidez, hainbat ekintza landuko dira kalitate- eta jatorri-zigiluen pean dauden produktuak sustatzeko, produktu berriak ikertzeko eta merkaturatzeko, eta lehen sektorean ekintzailetza, eraldaketa digitala eta merkaturatze iraunkorragoa sustatzeko, besteren artean«.  Tapiak dei egin dio gizarteari, eta zera adierazi du: «Lehen sektore estrategiko, lehiakor eta bizia duen herrialdea izateak ahalegina, erantzukizuna eta konpromisoa eskatzen digu gutako bakoitzari gure erosketa- eta kontsumo-ohituretan».

Rosa Carabelek, berriz, EROSKIko CEOak, balioetsi egin du hitzarmena, eta nabarmendu egin du EROSKIren balioetan zer-nolako lekua hartzen duten tokiko produktuek. «Gaur sinatu dugun hitzarmenak indartu egiten du EROSKIk tokiko euskal produktuaren kontsumoa sustatzeko egin duen apustua eta hartu duen konpromisoa. Badira ia hamar urte bi erakundeak elkarrekin ari garela sektorearen alde. Orduz geroztik, Euskadiko tokiko hornitzaileei egiten dizkiegun erosketak asko ugaritu dira, kooperatiba gisa dugun misioaren helburuetako bat bete ahal izateraino: lan egiten dugun inguruneetan aberastasuna sortzea. Horrekin batean, ongi asmatu dugu tokiko produktuen balio erantsia kontsumitzaileei ikusarazten: 2013. urteaz geroztik, %282 handitu dira produktu freskoen salmentak eta %149 elikadurakoak».

Tokiko plan estrategikoaren aurkezpen ekitaldia

EROSKIk jardunaldi bat egin du gaur Euskadiko 250 hornitzailerekin baino gehiagorekin Donostian, Tabakalera gunean, eta hor bertan sinatu da hitzarmena. Ekitaldian, EROSKIk jendaurrean aurkeztu ditu tokiko produktuaren inguruan landu duen estrategia komertzialaren ardatz nagusiak. Bertan parte hartu dute Beatriz Santos EROSKIko zuzendari komertzialak, eta Asun Bastida Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak. Era berean, Alejandro Martinez Berriochoa EROSKIko Osasun eta Jasangarritasun zuzendariak mahai-inguru bat gidatu du, non iraunkortasuna izan zen aztergai  lehiakortasunaren eta bereizketaren ardatz gisa. Genis Roca arkeologoak, Interneteko eta eraldaketa digitaleko aditu handienetakotzat jotzen denak, Gizarte Digitalean nabigatzeko gako batzuk eskaini ditu.

Janari banatzaileetan lehena Euskadin

Kooperatiba izaera duen lehen banatzailea da EROSKI, eta liderra Euskadiko elikagaien banaketan. Lurralde horretako 9.000 produktu inguru merkaturatzen ditu, eta 1.700 euskal hornitzailerekin lankidetzan dihardu, haiei 770 milioi eurotik gorako erosketa eginez urtero. 

Euskadin 412 saltoki ditu guztira, hala nola supermerkatu eta hipermerkatu propioak nahiz frankiziatuak, cash & carry-ak, gasolindegiak, optikak, bidaia bulegoak eta Forum Sport dendak eta Dooers dendak, bai eta online supermerkatua ere. EROSKI Cluben fidelizazio programak milioi bat Bazkide Bezero inguru ditu autonomia erkidego honetan.