Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 euro bideratuko ditu film luze, serie edo miniserieak garatzeko

0

Gobernu Kontseiluak aste honetan onartu du edozein hedabidetarako edo hedapen-euskarritarako ikus-entzunezko proiektuak (film luzeak, serieak edo miniserieak) garatzeko dirulaguntzen deialdia. Ikus-entzunezko ekoizpenak 2022tik 2023ra bitartean prestatu eta diseinatu beharko dira. Guztira, 400.000 euro erabiliko dira: erdia, 200.000 euro, film luzeak garatzen laguntzeko, eta beste erdia, 200.000 euro, telesailak eta miniserieak garatzen laguntzeko. Diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek izango dira:

    • Obraren egilearen eskubideak eskuratzea.

 

    • Gidoiaren garapena. Berridazketa edo egokitzapena, elkarrizketak, kanpoko aholkularitza, itzulpena.

 

    • Promozio-materiala diseinatzea eta lantzea: Material inprimatua, teaser-a, trailerra, programa pilotua, story board-a, web orria.

 

    • Marketing- eta banaketa-plana garatzea.

 

    • Merkatu eta koprodukzio foroetara joatea. Bidai gastuak, alojamendua eta akreditazioak.

 

    • Casting-a egitea eta kokapenak bilatzea.

 

    • Ikerketa dokumentala, grafikoa (animaziozko proiektuetan) eta artxiboak bilatzea.

 

    • Langile-gastuak.

 

    • Aholkularitza juridikoa eta fiskala aurkeztutako proiektuarentzat.

 

    • Gastu orokorrak.

 

Diru-laguntzak jaso ahal izateko, film luzetzat joko da «ikus-entzunezko, fikziozko, animazioko edo dokumentaleko obra bat, 60 minutuko iraupena edo luzeagoa duena eta zinema-aretoetan, plataformetan edo telebistetan komertzialki ustiatzeko dena«. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da fikzioaren eta dokumentalaren kasuan, eta 40.000 eurokoa animazioaren kasuan.

Serieen kasuan, ikus-entzunezko proiektutzat hartuko dira, “fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izanik, gutxienez 135 minutuko iraupen globala duten ikus-entzunezko proiektuak, gutxienez lehen denboraldiari dagozkion hiru kapitulu dituztenak, eta zinema-aretoetan, telebistetan edo bestelako zabalkunde-moduetan merkataritza-ustiapenerako direnak «. Halaber, miniserietzat hartuko dira “ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak, baldin eta gutxienez bi kapitulu eta gutxienez 90 minutuko iraupen globala badute. Proiektu horiek aretoetan, telebistetan edo plataformetan merkataritza-ustiapenerako izan behar dute”. Aurkezten diren fikziozko edo dokumentaleko serie edo miniserieek gehienez 35.000 euroko laguntza jasoko dute. Animazioko serieen eta miniserieen kasuan, gehieneko laguntza 45.000 eurokoa izango da.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ekainaren 9tik uztailaren 8ra bitartekoa.

Iazko deialdian 16 film luze eta 5 serie lagundu ziren diruz.