Bilboko Alkateak harrera egin dio Udaletxean Zahi Hawass egiptologo ospetsuari

0

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako Zinegotziarekin batera, harrera egin dio gaur goizean Udaletxean Zahi Hawass egiptologo ospetsuari, izan ere, gaur bertan, Zahi Hawass International Centre of Archaeology zentroaren Europa eta Latinomerikarako egoitza ofiziala inauguratu da Rodriguez Arias kaleko 6. zenbakian, Carlton Hotelaren atzeko aldean. Bileran izan da, halaber, Mohamed Ezzeddine, Bilboko zentroaren koordinatzailea.

Zahi Hawass International Centre of Archaeology zentroak Bilbon kokatu duen Europa eta Latinomerikarako egoitza ofizialaren inaugurazioaren harira, Hawassek bi hitzaldi emango ditu gaur eta bihar Gasteizko Europa Jauregian eta Nafarroako Medikuen Elkargo Ofizialeko Biltzar Aretoan, Iruñean.

Hemendik aurrera, Zahi Hawass International Centre of Archaeology zentroak hainbat kultur jarduera garatzeko asmoa du, hala nola, hitzaldiak, erakusketak, historia ikasleentzako ikastaroak, eta historia eta arkeologiari buruzko nazioarteko ekitaldiak eta biltzarrak, unibertsitateekin eta kultur erakundeekin elkarlanean.

Gaurko topaketan, Bilboko Alkateak eta Egiptoko Antzinako Objektuen Ministro ohiak gaurkotasunezko eta bi aldeen intereseko gaiez hitz egin, eta Udalaren eta Zahi Hawass International Centre of Archeology zentroaren arteko lankidetzarako bideak ezartzeko aukera aztertu dute aurreikusitako jarduerak garatzeko eta Bilbok ezagutza eta kulturaren aldeko konpromisoaren aldetik duen nazioarteko posizionamendua indartzeko.

Zahi Hawassek 75 urte bete zituen larunbatean eta munduko arkeologorik ezagun eta aitortuenetakoa da, hainbat hamarkadatan Antzinako Egipto ikertzen jardun ondoren. Azkenaldian egin duen aurkikuntzarik handienetakoa, 2021eko apirilean jakitera emana, Aton hiri galdua izan da, Luxorretik hurbil, 3.000 urtetik gora egin baititu basamortuko harearen azpian lurperatuta. Egiptoko aurkikuntza arkeologikorik garrantzitsuena da, Tutankamonen hilobiaren aurkikuntzaz geroztik

Hona hemen Hawassen beste aurkikuntza garrantzitsu batzuk: Gizako piramideen eraikitzaileen hilobiak, Urrezko Momien Harana Bahariyako oasian eta Antzinako Erresumako bi piramide ezezagun, Gizatik hurbil.

Antzinako Egiptori buruzko 32 liburu idatzi dituela, Hawassek mundu osoko bilduma publiko eta pribatuetan barreiatuta dauden Antzinako Egiptoko objektu eta materialak itzultzeko eskatzen duen mugimendua gidatzen du egun.

SARE SOZIALAK: