Euskadik eta Korsikak lankidetzaren bidean aurrera egiteko borondatea berretsi dute

0

Euskadiko eta Korsikako gobernuek lankidetzaren bidean aurrera egiten jarraitzeko borondatea berretsi dute. Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Gilles Simeoni presidentea agertu dira biek Kontseilu Betearazlearen egoitzan izan duten lan-bileraren ondoren; Korsikara egindako bisita ofizialaren programaren lehen ekitaldia izan da hori.

Komunikabideen aurrean, Lehendakariak eskerrak eman ditu euskal ordezkaritzari egindako harreragatik, eta bi herrialde horiek aspalditik dituzten harreman estuak nabarmendu ditu. Alde horretatik, joan den urteko apirilean bi gobernuek sinatu zuten Ulermen Memoranduma aipatu da, Europar Batasunaren esparruan partekatutako hezkuntza, kultura, hizkuntza-politika, diaspora edo harreman eta proiektuetan proiektu eta ekimen bateratuak bultzatzeko asmoz.

Azaldu duenez, euskal ordezkaritzaren bidaiaren programa hiru esparrutan garatuko da: instituzionala, ekonomiko-enpresariala eta kulturala. Hala, bisita horrek irauten duen bi egunetan, Lehendakariak bilera egingo du Korsikako Batzarrean, erakundeen eta gizarte zibilaren ordezkaritza zabalarekin, eta euskal autogobernuaren eta Ekonomia Itunaren ildo nagusiak azalduko dizkio. Gainera, Iñigo Urkullu Merkataritza eta Industria Ganberan elkartuko da euskal ekoizpen-sarearekin harreman ekonomiko eta komertziala izateko interesa duten eragile ekonomikoekin, eta energia berriztagarriei buruzko Myrte proiektuaren instalazioak bisitatuko ditu.

Programaren barruan, gainera, topaketak egingo dira Korsikako Unibertsitateko arduradunekin, eta bisita bat egingo da Savagmjuko hizkuntzan murgiltzeko Zentrora. Bertan, Korsikako hizkuntzari eta euskal hizkuntza-ereduari buruzko gaiak jorratuko dira, Korsikako hezkuntza-agintariek adierazitako interesa dela eta.

“Korsikak eta Euskadik historian zehar erakutsi dugu etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasuna, sustrai historiko eta kulturalei eutsiz. Bi nazio gara, eta herritarren beharrei eta eskaerei erantzun nahi diegu, lankidetza-espiritu batetik. Gure helburu partekatua Europa osatzen duten herrien aniztasunean oinarritzen den Europa integratzeko proiektu batean aurrera egitea da”- bukatu du.