Xaguxatarren ibilbidea balioan jartzeko helburuz liburuxka argitaratu du Azpeitiko Udalak

0
PRUEBA
Xaguxatar Ibilbidean natur baliabideak balioan jartzeko helburuz osatu du lana Alain Sorazu Biologo eta Ilustratzaile zientifikoak. Liburuxkak hezkuntza didaktikarako zein turismo baliabide gisa baliagarri izatea bilatzen du. Ekoetxean, Turismo bulegoetan, ikastetxeetan eta beste hainbat puntutan izango da kontsultagai.

Igandean Ingurumenaren Nazioarteko eguna ospatuko da, eta egun horren harira, Alain Sorazu biologo eta ilustratzaile zientifikoak Xaguxatarraren Ibilbidea balioan jartzeko eginiko lana aurkeztu dute gaur. Aurkezpena Ekoetxean egin dute; ibilbidearen abiapuntuan eta egileaz gain, bertan izan da Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko Ingurumen batzordeburua ere.

Azpeitiko Udalak, gizakiak ingurugiroa nola aldatzen eta moldatzen duen azaltzeko asmoz eta herriko natur baliabideak balioan jarriz, Azpeitia ezagutzeko eta bizitzeko proposamen berria  plazaratu zuen 2020. urtean Xaguxatar Ibilbidea sortuz. Ibilbidea ordurako egina zegoen Xaguxatar parkearen osagarria da eta haurrek parkean hasitako abentura luzatzeko asmoz  osatu zen, familian herria ezagutzeko aukera eskainiz. Familian eta haurrekin egiteko ibilbidea da eta orain artean ibilbidean zehar jarrita dauden panelak oinarri hartuta, ingurunea eta Azpeitia balorean jartzea izan dira Sorazuren lanak. «Ibilbidea balioan jarri nahi izan dugu eta orain artean ibilbidean jarritako panelak oinarri hartuta garatu du lana. Gaur aurkeztutako lan hau ikuspegi didaktiko zein turistiko batetik egin dugu; etortzen direnek ikusitakoan sakontzeko eginikoa da», azaldu du Bereziartuak. Lan bizia dela ere Azpimarratu du: «Helburua, abiapuntu izatea da, eta urtez urte puntu gehiagarrietan sakontzen joatea».

Sorazuk lana egiteko proposamena iaz jaso zuela azaldu du: «Sorkuntza Bekara aurkeztu nintzen, baina ez zidaten eman. Hala ere, Aitorrek deitu egin zidan ibilbide honen inguruan buruan zuten ideiarekin eta horrela hasi nintzen lanean», azaldu du. Biologo eta ilustratzaile zientifikoa da Sorazu eta bi arloak lotu ditu egindako lanaren bidez. Panelak izan ditu oinarri eta honako puntuetan sakondu du:

1. Ekoetxea. Xaguxarren garrantzia

2. Loiola. Azpeitia eta Izarraitzen jatorria eta nabaria den gizakiaren eragina

3. Izarraizko atea. Klimaren eta horrek ingurugiroan duen eragina

4. Otzaka. Izarraitz nola sortu zen eta nolakoa izan den bere garapena

5. Baserriak. Tradizioan eta kulturan duten eragina

6. Urola Ibaia. Gizakian Urola Ibaia nola aprobetxatu duen.

7. Azoka plaza. Ekoizpen eta kontsumo ereduak

Azalpenez gain, liburuxkan ilustrazio ugari aurki daitezke: «Irudien bidez gauzak ulerterrazagoak direlakoan, irudi zein hitz bidezko azalpenak aurki daitezke liburuxkan». Liburuxkaz gain, animaziozko bi bideo ere egin ditu, lana osatzeko.

 

Igandean, ibilaldi gidatua

Datorren igandean, ekainak 5, familia irteeren baitan, Xaguxatarren Ibilbidea ezagutzeko doako ibilaldi gidatuaantolatu du ekoetxeak. 10:00etan izango da Irteera Ekoetxe aurretik eta 13:00etarako itzulia eginda izango dira. haurrentzat entretenigarria izan dadin gainera, txikienek geldiune bakoitzean proposaturiko froga edo erronkak egiteko aukera izango dute. Hala, Azpeitiko altxorra zein den ezagutuko dute. Ibilbidea egin nahi dutenek aurre izena ematea komeni da. Horretarako, info.azpeitia@ekoetxea.eus helbidera idatzi edo 943-81 24 48 telefono zenbakira dei dezakete interesdunek.

 

Bideoak