Bilboko Kirolarien eta Kluben V. topaketa

0

Bilboko 100 klub baino gehiagoko 500 kirolari baino gehiago bildu dira gaur arratsaldean Casilla pabiloian, Bilboko Kirolarien eta Kluben V. topaketan.

Ekitaldi horren buru Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da, eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia ere bertaratu da.

Koronabirusaren ondorioz bi urtetan egin gabe egon ondoren, Udalak kirol-hitzordu hori berreskuratu du aurreko lau edizioetako helburu berberarekin: balioa ematea kirolariek –adin, kategoria eta modalitate guztietakoek- egiten duten ekarpenari, jarduera fisikoaren eta bizi-ohitura osasungarrien bitartez Bilbo hobetzen baitute eta orobat Bilboko herritarren bizi-kalitatea.

Juan Mari Aburto alkateak kirolean koronabirusak eragin dituen zailtasunak aipatu ditu, baina azpimarratu du pandemiak agerian utzi duela “kirolak osasunerako duen garrantzia, ez bakarrik gorputzerako, baita gure bururako ere. Kirola ihesbidea izan da, baita babeserako eta salbamendurako bidea ere, askorentzat”.

Ildo horretan, Aburtok erantsi du “pandemiak erakutsi digu, baita, indarrak batuta gauzak hobeto ateratzen direla. Bizitzan zein kirolean gertatzen da hori. Ez zait bururatzen dena pertsona bakar baten mende dagoen kirolik. Eta taldea da adiskidetasuna eta loturak, errespetua, bizikidetza, konpromisoa”.

Azkenik, alkateak ziurtatu du “kirolak ohitura osasungarriak eta balioak sortzen dituela gugan, gure bizitza, gure gizartearen parte den aldetik, egituratzen dutenak. Pertsona hobeak egiten gaitu, indibidualetik kolektibora”.

Aurtengo edizioan nobedadeak egon dira. Aurreneko aldiz, Udalak kirolari bilbotar baten kirol-ibilbidea nabarmendu nahi izan du. Udalak Iker Sastre bilbotarrari aintzatespen berezia ematea erabaki du, Joko Olinpikoetan aritu den gurpil-aulkiko mahai-teniseko lehen euskal palista izan delako. Udalak haren hobetzeko, ahalegina egiteko eta konpromisoa hartzeko gaitasuna nabarmendu ditu.

Eduardo Velasco kiroletako aurkezleak gidatu du topaketa, eta Ares Zamora kirol-psikologoak ere parte hartu du. Psikologo horrek gogoeta egin du kirolak gizartearen elementu eragile gisa duen garrantziari eta gakoei buruz.

IA 600.000 EURO BILBOKO KLUBENTZAT

2022an, Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak erakundearen bitartez, 596.000 euro bideratuko ditu uriko kluben jarduera eta kirol-ekimenak diruz laguntzeko.

Programa honen xedea da kirola eta bizimodu osasungarriko ohiturak sustatzea bilbotarren artean.

Bilbao Kirolak udal entitatearen dirulaguntzen programa Bilboko kirol estrategiaren eta haren helburu nagusien artean dago. Hauek dira:

    • ohitura osasungarriak zabaltzea biztanle guztien artean, eta, ahal bada, modu dibertigarrian.

 

    • kirol-ekipamenduak, -instalazioak eta -programak osatzea eta hobetzea, biztanleriaren sektore guztiak eta barruti guztiak kontuan hartuta.

 

    • ingurumenaren arloko jasangarritasun-ereduak kontuan hartuz lan egitea.

 

    • eta kirol-eskaintza balioetan oinarritutakoa izatea: unibertsala eta inklusiboa, berdintasunezkoa, berritzailea eta jasangarria.

 

SARE SOZIALAK:

#EmanKirolari #aktibazaitez