Bilboko Udalak Gatazkak Kudeatzeko Talde berria jarri du martxan, Uribarriren bihotzean, auzoan esku hartzeko eta bitartekaritza-lanak egiteko eskaerei erantzuteko.
Zerbitzua Bizikidetzaren Behatokiaren parte da (gaur egun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailaren menpe dago), eta bere helburua da herritarren arteko bizikidetza hobetzea, udalerrian sortzen diren gatazkak garaiz identifikatu eta konponduta.
Orain arte, Udalak gatazkak kudeatzeko lau talde iraunkor zituen martxan: Otxarkoagan; Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalan; Zazpi Kaleetan, eta Zorrotzan. Talde horiek hilero biltzen dira, baina kideak etengabe koordinatzen dira, kasuen jarraipena egiteko.
Bosgarren taldeak Uribarri auzoan jardungo du, eta ereamuari dagozkion diagnostikoaren eta esku-hartzearen oinarriak ezarri ondoren, gaur goizean egin du lehenengo lan-saioa, Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziaren eta Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko zinegotziaren parte-hartzearekin. Udal sail horiek biek lankidetzan eta modu koordinatuan, beren eskumen eta gaitasunak uztartuta, aritzen dira, herritarren arteko bizikidetza hobetzeko.
BIZIKIDETZAREN BEHATOKIA
Bilboko Bizikidetzaren Behatokiak gatazkak elkarrizketaren eta adostasunaren bidez kudeatzeko modua eskaintzen du, epaitegietara jotzearen alternatiba gisa. Zentzu horretan, zera azaldu du Itziar Urtasunek: «Bizikidetzaren Behatokiaren zeregina da Bilboko gizarte-kohesioa eta herritarren ongizatea ahalbidetzea, urian bizikidetza bultzatzen duten politika eta estrategien bidez, eta Bilboko Balioen Agiriaren, Segurtasunaren aldeko Itunaren, Bilbo Kulturarteko Uria Planaren, eta Udalaren gainerako konpromiso eta plangintzekin bat».
Behatokia udal sail eta entitateen arteko lankidetzan eta koordinazioan oinarritzen da, bereziki: Gizarte Ekintza, Herritarren Segurtasuna, Immigrazioa, SURBISA eta Udal Etxebizitzak. Modu horretan, eta eragile desberdinen arteko koordinazioari eta esku-hartzeari esker, eraginkortasun handiagoarekin detektatu, aztertu eta kudeatzen dituzte komunitate-gatazkak.
Hain zuzen ere, gatazkak kudeatzeko taldeak bultzatzen dira «alarma soziala» eragiten duten gatazkei erantzuteko; alegia, auzotar biren arteko tirabirak gainditu, eta komunitate osoari edo, areago, espazio publikoari modu negatiboan eragiten dieten gatazkak bideratzeko.
Esku hartzeko eskaera gehienak bizilagunen zaratei, auzotarren arteko irain edo mehatxuei, eremu komunen okupazioari edo espazio publikoan izandako arazoei lotuta egoten dira.
Uriko auzo bakoitzak berezko idiosinkrasia, ezaugarriak, dinamikak, profilak eta kolektiboak ditu, eta, beraz, leku bakoitzak bere esku-hartze edo bitartekaritza beharrizanak dauzka. Hori dela eta, gatazkak kudeatzeko talde bakoitzak bere eremuan sortzen diren egoerak kudeatzeko gaitasuna duten solaskideak baliatzen ditu. Horrela, bada, esku hartzeko garatu beharreko gidalerroak zehazten dira, eta, gero, ezarri egiten dira, komunitate-eremuko kideekin elkarrekintzan —auzotarrak, elkarteak, finken administrazioak eta abar—.
JARDUERA-BALANTZEA
Azken lau urteetako estatistiken arabera, urtean, batez bestean, kasuen % 55 ixten da, egoera erabat konpondu edo nabarmen hobetu eta gero. Behatokitik azaltzen dutenez, «ez dago galdutzat ematen dugun kasurik; batzuk zailagoak dira eta, beraz, konponbidea aurkitzeko ibilbidea luzeagoa da eta arreta handiagoa behar dute».
2021eko balantzeari dagokionez, gatazkak kudeatzeko taldeek 85 kasu landu zituzten, eta horietako 44 itxi egin zituzten arazoa erabat konponduta edo zati batean bideratuta, egoera nabarmen hobetu eta gero. Kasu gehienak (% 60) udal sailetatik datoz; % 16, auzotarren ekimenez heltzen da; % 16, finken administrazioetatik dator, eta % 8, elkarteek bideratuta iristen da. Era berean, 6 kasu artatu ziren gatazken kudeaketarako taldeetatik kanpo —oro har, inpaktu sozial txikiagoko kasuak izan ziren, esku-hartze laburragoa eskatzen zutenak—.
BIZIKIDETZAREN BEHATOKIAREKIN HARREMANETAN JARTZEKO
SARE SOZIALAK: