Donostiak «2022ko Gabonetako Europar Hiriburua» izendapena jasoko du ostiralean

0

Izendapen horren bidez, Gabonetako helmuga turistiko bihurtuko da Donostia, eta are erakargarriago bihurtuko du jadanik 2 milioi bisitari lortuak dituen programa

Datorren ostiralean (ekainak 3), Donostia “2022ko Gabonetako Europar Hiriburu” aitortzeko ekitaldia egingo da osoko bilkuren aretoan. Europar Parlamentuak babestutako saria da, eta Italiako Genova hiriarekin partekatuko du.

Sariketaren nazioarteko epaimahaiak azpimarratu duenez, Donostiari “2022ko Gabonetako Europar Hiriburu” saria ematea erabaki da hiriaren Gabonetako proiektuagatik eta proiektu horrek duen kualifikazio tekniko altuagatik. 2017an sortutako saria da, Europako hiriei Gabonetako balioen erreferente gisa posizionatzen laguntzeko, eta, aldi berean, hiri horien garapen turistiko eta ekonomikoari bultzada emateko.

Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotzi sozialistak azpimarratu duenez, “azken urteetan, hainbat elementu erakargarri ezartzen dira Donostian Gabonen inguruan, eta egindako lan hori emaitzak ematen hasi da. Jadanik ez gara mugatzen kaleak edo plazak argiztatzera. Berrikuntzarekin lotutako irizpideak aplikatzen ditugu, ingeniaritzako ikasleek sortutako diseinuak erabiltzen ditugu −beste hiri batzuek ere imitatu dituztenak−, jasangarritasunarekin eta ingurumenaren errespetuarekin lotutako irizpideak betez, bertakoak nahiz kanpotarrak erakartzeko helburuarekin, bai baitakigu Gabonek eragin handia dutela Donostiako tokiko merkataritzan. Donostiako Gabonak Europako lehen lerroan jartzea lortu dugu, eta harro egon behar dugu horregatik”.

Fundazioaren nazioarteko epaimahaiaren ordezkaritza bat Donostiara etorriko da sarien emate-akta irakurtzeko eta sariak Donostiako eta Genovako hiriei emateko. Besteak beste, Lieja (Belgika), Valkenburg (Holanda) eta Torrejón de Ardoz-ek lortu dute orain arte “Gabonetako europar hiriburu” saria, eta orain, Donostiak eta Genovak hartuko dute haien lekua.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/05/30-an argitaratua