Eusko Jaurlaritzak Bilboko lehengo saneamendu-sarea, monumentu-multzo izendapenaz, babes bereziko kultura-ondasun izendatu du (Gobernu Bilera 2022-5-31)

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Bilboko lehengo saneamendu-sarea, Monumentu-Multzo kategoriarekin, Babes Bereziko Kultura-Ondasun deklaratzeko dekretua. Sare hori Bilbon eta Getxon dago.

Bilboko Saneamendu Sarearen aitzinako instalazioa 1.900. urte inguruan eraiki zen, eta alderdi askotan berritzailea izan zen; urak bereizten zituen estatuko lehen sarea izan zen, ingenio teknikoak barne hartu zituen, besteak beste dorre piezometriko batez hornitutako ponpaketa-estazio indartsu bat, edo Europako kontinentean lehen aldiz arazketa bakteriologikoko sistema bat erabili zuen. Sare babestuaren barruan sartzen dira Elorrieta-Zorrotzaurren (Bilbo) dagoen ponpaketa-estazioa eta ur beltzen sarearen azken zatiko edo Galeako tuneleko zenbait elementu nabarmen, ponpaketa-estaziotik 10 km-ra dagoena, Getxoko udalerrian.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren iritziz, hauek dira monumentu-multzo honen babesa justifikatzen duten funtsezko balioak:

    • Instalazioaren balio teknologikoa eta historikoa.

 

    • Ondasun higiezinen eraikuntza-kalitatea eta kalitate estetikoa.

 

    • Espazioak sortzeko irizpide funtzionalak eta higienistak.

 

    • Makineriaren berezitasuna.

 

Babestutako Monumentu Multzoa Bilbo eta Getxo artean jarraian ez dauden zazpi eremuk osatzen dute, hasiera batean sare jarraitu bat osatuz elkartuta zeudenak. Lehenengo eremua Elorrieta-Zorrotzaurreko ponpaketa-estazioa da, eta Bilboko San Inazio auzoko Carmelo Larrea lorategiek hartzen duten eremuarekin bat egiten du. Bigarrena, hirugarrena, laugarrena, bosgarrena eta seigarrena bat datoz Getxoko bost malakateen (Galeako Tunelaren aireztapen eta erregistro putzu bertikalak dituzten eraikuntza txikiak) kanpoko lerrokadurekin. Zazpigarren eremua Galeako labarretan dago, eta Tunelboca izeneko eraikuntza eta hustubide-karkaba ditu, biak Getxoko Tunelboca hondartzan.

Hemendik aurrera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Bilboko Aitzinako Saneamendu Sarearen Monumentu Multzoa inskribatuko du Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan. Era berean, dekretuaren onarpenaren berri emango die Bilboko eta Getxoko udalei, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, Metro Bilbaori, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Euskal Herriko Itsasertz Mugapeari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari eta Industria Ondarearen eta Obra Publikoaren Euskal Elkarteari.