Zuzendari nagusi Asier Pinedo, Berrikuntzako arduradun Mari Luz de la Herak, eta Vicinay Marine Innovación konpainiako I+G+B-ren Kudeaketa Unitateko arduradun Elena Rodríguez.
Vicinay mundu mailako liderra da petrolio eta gas enpesentzako balio erantsi handiko kateen fabrikazioan. Sestaon kokatutako enpresa honek SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso du, zeinak ikerketa industriala eta garapen esperimentala bultzatzen baititu euskal enpresetan. 270 urtetik gorako ibilbidea duelarik, bere negozioa dibertsifikatu du eta, une honetan, itsaso zabaleko plataforma flotatzaileak ainguratzeko ingeniaritza-konponbideak eskaintzen ditu, eta baita ere bere produktuen mantenimendua egiteko nahiz integritatea mantentzeko salmenta ondorengo zerbitzuak.
SPRI Taldearen Hazitek programan jaso duen laguntza “Bizimoor” izeneko proiektura bideratu du, zeinaren helburua baita ainguratze-linea adimendun, lehiakor eta jasangarrien belaunaldi berri bat garatzea. “Sentsorizazio- eta monitorizazio-teknologia berriak ikertzen ari gara ainguratze-lineak nola narriatzen diren jakiteko. Hala, material eta estaldura jasangarri berriak lortu ahal izango ditugu katearen bizitza luzatzeko eta ahalik eta eragin gutxien izateko ingurumenean” azaldu dute Vicinay Sestao enpresako zuzendari nagusi Asier Pinedok, Berrikuntzako arduradun Mari Luz de la Herak, Finantza arloko zuzendari Iratxe Martinek eta Vicinay Marine Innovación konpainiako I+G+B-ren Kudeaketa Unitateko arduradun Elena Rodríguezek.
Proiektua garatuta eta merkaturatuta dago, eta hiru patente berri sortu dira. Ekimena baliagarri izan da orobat 4.0 Industria aplikatzeko (besteak beste Big Data teknologiarekin eta adimen artifizialarekin) eta enpresako beste prozesu batzuetara zabaltzeko.
SPRI Taldeak babestu duen proiektu honi esker posible izan da beste ekimen transbertsal bat garatzea ingurumen-inpaktuari buruzko adierazleak kontuan hartuta, “horrela jakin ahal izateko zein den gure ingurumen-aztarna. Adierazle horiek aplikatu dira “Bizimoor” proiektuan landu diren 20tik gora ekimenetan, nahiz eta beti baloratu izan dugun gure jarduerak gizartean duen inpaktua”.
Vicinay-ren etorkizuneko erronkak dira euren merkatu tradizionalean lider izaten jarraitzea kostu operatibo txikiagoak dituzten lehiakide asiarrei aurre eginaz, eta posizionamendu ona lortzea energia eoliko flotatzailearen sektorean. “Sektore gorakorra da, potentzial handikoa, baina oraindik ez dago garatuta. Horregatik, modu proaktiboan inbertitu behar ditugu gure baliabideak”. Eta, horrez gain, bertako jarduera mantendu nahi dute. “Gauden tokian egon nahi dugu, hau da, Bizkaian, eta euskal familia-enpresa bat izaten jarraitu”.
Enpresa hau 1750ean sortu zen
Enpresa hau 1750ean sortu zen Otxandion (Araba), burdinolen sektorean, eta oraindik ere mantentzen du orduko jatorri familiarra. Kateak fabrikatzen hasi ziren, lehendabizi meatzaritzarako eta gero itsas industriarako.
Lehenik Bilbora joan ziren, Zorrozaurre ingurura. Baina Bilboko ingurune horren eraldaketa urbanistikoko proiektuaren ondorioz, 2013an Sestaora joan behar izan zuten, Altos Hornos de Vizcaya enpresarenak ziren lurretara.
“Hasieran kateak eta aingurak saltzen genituen, gaur egun, berriz, konponbideak eskaintzen ditugu: produktuko konponbideak ez ezik, ainguratze-linea osorako ingeniaritza eta mantenimendu-lanak ere bai. Bildu dugun esperientziari esker, konponbide-hornitzaile bihurtu gara”.
Vicinay Marine matrizearen barruan kokatutako talde honek bost produkzio-lantegi dauzka Sestao, Galdames, Txina, Suedia eta Brasilen. Horri gehitu behar zaio Vicinay Marine Innovación I+G+B-ko enpresa, Euskadiko sare teknologikoko kide dena eta taldeko bezero zein enpresak zerbitzatzen dituena.
Enpresa honen produktu tradizionala kateak eta konektoreak dira, baina orobat eskaintzen ditu itsaso zabaleko plataforma flotatzaileak ainguratzeko ingeniaritza-konponbideak, 3 kilometro baino gehiagoko sakonerara iristen direnak. “Ez dugu luzera mugarik kateak fabrikatzeko orduan, bezeroak berak jartzen digu muga. Egin dugun kate luzeenak 1,2 kilometro ditu”.
Hasierako bezeroak petrolio eta gas sektoreetako enpresa handiak ziren, baina duela 15 urtetik hona Vicinay-k energia eoliko flotatzailearen aldeko apustua egin du eta, zehazki, itsasoko aerosorgailu flotatzaileen sektorera bideratu da. Negozio berri horretara bideraturik, bezero eta sektore berrietara iritsi da, adibidez, argindarraren sektoreko Iberdrola eta EDF bezalako enpresetara.
Taldeak 420 pertsonako plantilla du, eta 120 milioi inguruko fakturazioa izan zuen 2021ean. Vicinay Sestaok 150 langile baino gehiago ditu, balio erantsi handieneko produktua ekoizten du, eta fakturazio handiena izan duen enpresa da. Garrantzi handia ematen diote I+G-ri, eta badute enpresa bat arlo horretan esklusiboki diharduena: Vicinay Marine Innovación.
Negozioaren ia % 100 esportatzen dute, batik bat Iparraldeko Itsasora, Mexikoko Golkora eta Asia Hego-ekialdera. Gasaren negozioari dagokionez, duela gutxi hasi dira Australia iparraldera esportatzen, non proiektu handiak garatzen baitituzte. Gainera, energia eoliko flotatzailearen sektorera dibertsifikatu izanak beste merkatu batzuk ireki dizkie: Mediterraneoa, Europa iparraldea, AEBetako bi kostaldeak…
Vicinay-ren beste nortasun ikur bat ingurumen-inpaktuarekiko kezka da, hori dela eta, bere produkzio-prozesuen kontsumoa murrizten du, eta energia eraginkortasuna eta ekonomia zirkularra lantzen ditu. “ISO 50.0001 ziurtagiria lortu zuten lehen enpresetako bat izan ginen, eta gure produktuen ingurumen-adierazpenek 12 urte baino gehiago dituzte; orduan inork gutxik ezagutzen zituen, eta orain elementu bereizgarria dira gure bezeroentzat”.