Antropologia Feministaren Nazioarteko lehen Biltzarra

0
PRUEBA

Antropologia Feminista Kongresua ekainaren 8tik 10era izango da Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. UPV/EHUko AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeak eta Ankulegi Euskal Antropologia Elkarteak elkarlanean antolatzen dute nazioarteko kongresu hau.

Guztira jasotako komunikazioak 225 izan dira. Horietatik kongresuan aurkeztuko direnak 195 izango dira, eta 340 lagunek eman dute izena oraingoz. Bestalde, panelez gain bost mahai inguru izango dira. Horietako hizlariak kontuan hartuta, sei dira euskal herritarrak, eta hamar nazioartekoak; Kataluniatik hasi eta Herbereetara, Brasil eta Mexikoko kideez gain.

Kongresuak honako helburuak ditu:

-Antropologia feministak diziplinari egi(te)n dizkion ekarpenak eta gaur egun dituen eztabaida eta erronka nagusiak aztertzea, bai teorikoki eta bai metodologikoki.

-Bai Euskal Herrian eta bai nazioarte mailan garatzen ari diren ikerketa lerroak eta beraiek zehazterakoan eragina duten faktoreak aztertzea.

-Antropologia feminista eta feminismoaren eta, oro har, gizartearen arteko harremanak berrikustea.

Helburu horiek erdiesteari begira diseinatu da kongresuaren formatua eta egitaraua. 3 egunetako kongresua izango da eta bi ekimen mota izango dira nagusi. Alde batetik, bost osoko bilkura egongo dira, non hemengo adituak eta nazioarte mailan erreferentzia direnak batera arituko diren. Leku ezberdinetako ikerketak zein ekarpen teorikoak jasotzeari begira, osoko bilkura guztiak mahai-inguruak izango dira, eta bost izango dira bertan aztertuko diren ardatzak:

-Unibertsitatea, jakintza eta prekarietatea: biziraupen zaila

-Genero-antropologia eta antropologia feminista: genealogia komun baten zenbait ibilbide

-Eztabaida eta erronka teorikoak

-Prozesu etnografiko eta ekarpen metodologikoak

-Antropologia feminista, feminismoa eta jendartea: eztabaida eta harremanak

Bestetik, aldibereko 16 panel egongo dira 5 une ezberdinetan ere. Panelak Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko pertsonek eta taldeek koordinatzen dituzte, hainbat espezialitatetan adituak direnak. Halaber, bestelako ekimen paraleloak ere antolatuko dira; horien artean, Espainiako estatuko antropologia feministan aitzindariak izan diren antropologoekin ekitaldi bat antolatzea aurreikusi da.

Lehen Antropologia Feministaren kongresua berdintasunaren aldeko ekimena da. Egitarauan ikusi bezala, mahai-inguruetan zein paneletan generoa eta feminismoa ardatz nagusiak dira. Hortaz, kongresuaren helburu nagusietako bat genero ezberdinkeria aztertzea eta desagerraraztea da.