Ardo ekologikoaren etorkizuna eztabaidagai aste honetan EcoWine2022 sinposioan

0

EcoWine2022 sinposioa: “Ardo ekologikoa: sektorearen etorkizuna” sinposioak estatuko eta nazioarteko mahastizaintza eta ardogintza ekologikoko profesional aditu ugari hartuko ditu gaurtik ostiralera bitartean

Ekitaldia gaur goizean ireki da Guardian (Araba), eta 180 parte hartzaile baino gehiago izatea espero da

Ekitaldia NEIKER zentro teknologikoak antolatu du, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin (EKOLURRA), Basque Winerekin eta Nekazaritza Ekologiko/Agroekologikoaren Espainiako Elkartearekin (SEAE) lankidetzan

Ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen metodoen aldeko interesa eta beharra iritsi dira mahastizaintza eta ardogintzara ere. Mahastiaren eta Ardoaren Nazioarteko Erakundearen arabera (OIV), 2005etik 2019ra bitartean mahastiak ekoizpen ekologikora aldatzeko tasa batez beste %13 hazi da urtero. OIVren iritziz, joera hori azaltzeko egungo gizartearen eskaerak hartu behar dira kontuan, esaterako, kontsumitzaileen osasuna zaintzea eta ingurumena babestea.

Euskadi ez dago joera horretatik kanpo, eta, Ekolurra-Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak jasotako azken datu ofizialen arabera, azken bost urteetan, EAEn mahasti ekologikoaren laborea bikoiztu egin da, guztira 984 hektarea baitaude mahasti ekologikoan ziurtatuta -horietatik 944 Arabako lurretan daude-, 2014an 432,7 hektarea zeudelarik inskribatuta.

Ardo ekologikoaren ekoizpenaren hazkundea kontsumitzaileen ahosabaian ere nabari da: europarren %35 inguruk diote gutxienez astean behin kontsumitzen dutela ardo, garagardo edo likore ekologikoa. Datu horiek ardoaren eta mahatsaren industriak ekoizpen ekologikoaren etorkizunean funtsezko azpisektore gisa duen potentziala erakusten dute.

Agertoki horretan, NEIKER zentro teknologikoak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin (EKOLURRA), Basque Winerekin eta Nekazaritza Ekologikoaren/Agroekologiaren Espainiako Elkartearekin (SEAE) lankidetzan, EcoWine 2022 sinposioa antolatu du, gaurtik ostiralera bitartean, Guardian, Arabako Errioxaren bihotzean. Ekitaldia gaur goizean inauguratu da, eta bertan izan dira erakundeetako ordezkariak, hala nola Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, eta Leire Barañano, NEIKEReko zuzendari nagusia.

Orozek irekiera hitzaldian azaldu duenez, EcoWine “urrezko aukera da sektorearentzat, eta benetako topagunea mahastizaintza ekologikoan espezializatutako estatuko eta nazioarteko profesional, ikertzaile, teknikari eta aztertzaileentzat”. Ekitaldiak eskaini dituen leku guztiak bete dira, mahastizaintza eta ardogintza ekologikoaren arloko 180 parte hartzaile profesional baino gehiago joatea espero baita.

Zehazki, EcoWine2022ren helburua da mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari espazio bat eskaintzea, mahastiaren lanketa ekologikoaren azken aurrerapenak partekatu eta eztabaidatu ahal izateko, klima aldaketa arintzeko eta ingurumena errespetatzeko eragile moduan jokatzen duen rola nabarmenduz, parte hartzaileek ponentzia magistraletan, mahai inguruetan, eztabaidetan, ardo-solasaldietan eta komunikazioetan egindako ekarpenei esker.

Sektorearentzako topagunea

Ekitaldiak hiru egun iraungo du, ikuspegi oso parte hartzailea izango du, eta zerbitzu ekosistemikoen garrantzia ezagutaraziko da, ekoizpen ekologikoaren eta ardoaren kalitatearen arteko lotura, tokiko kulturen garapena eta horien aldeko apustua, eta, azkenik, ekoizpenaren sektorea ekoizpen ekologikora hurbildu eta bideratzeko beharra nabarmenduko da.

Topaketan, gainera, mahastizaintzaren eta enologiaren munduari lotutako ekintza egingo dira: mahastizaintza eta ardogintzaren inguruko esperientziak, solasaldiak edo ardo dastatzeak, baita ponentzia magistralak ere, zenbait erakundetan diharduten ikerketaren, elaborazioaren eta komertzializazioaren esparruko profesionalen eskutik: Kataluniako Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Institutua (IRTA), Landa, Nekazaritza eta Elikadura Ikerketa eta Garapenerako Madrilgo Institutua (IMIDRA), Arabako Errioxako Upategien Elkartea (ABRA), Basque Wine, Ardoaren Plataforma Teknologikoa  (PTV), Mahastiaren eta Ardoaren Kataluniako Institutua(INCAVI), gure herrialdeko hainbat Jatorri Deitura eta Gaztela-Mantxako Unibertsitatea (UCLM) eta Lleidako Unibertsitatea (UdL).

Bisita teknikoa upategi ekologikoetara

Programan nabarmendu beharreko puntuetako bat da ostiralean Arabako Errioxan dauden zenbait familia upategiren sailetara egingo den bisita teknikoa. Horiek ardo ekologikoa ekoizten dute, Rioja Jatorri Deitura Kalifikatuko upategiak dira, eta beren ardo ekologikoen ekoizpenari lotutako hainbat alderdi ezagutaraziko dituzte lehen eskutik: landare estalkiekin egindako saiakuntzak, sailen erosioa murrizteko, edo klima aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiak, esaterako, inausteko data atzeratzea.

Networking-erako espazioak ere sortuko dira, eta, horietan, esperientzia duten ekoizleek beraiek ikasitakoa azalduko diete bertaratzen direnei, eta beren bizipenak partekatuko dituzte. Ekintzen programa osoa ekitaldiaren webgunean eskuratu daiteke.

EcoWine2022 sinposioaren xedea da ardoaren sektoreari trantsizio ekologikoa egiten laguntzea, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2014tik bultzatutako Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Planaren barruan sartzen da (FOPE). Helburu nagusia da ekoizpen ekologikoa handitzea eta horri lotutako transformazio eta komertzializazio katea garatzea.