Bilboko Kalealdia

0

BILBOKO KALEALDIA Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia Bilboko Udalak sustatzen du, eta aurten ospatuko da 23. edizioa, EKAINAREN 27AN hasita, ASTELEHENAREKIN.

BILBOKO KALEALDIA jaialdiaren edizio hau UZTAILAREN 2RA ARTE (ZAPATUA) luzatuko da, eta 33 ikuskizun ekarriko ditu urira, kalitate handikoak, zirkuaren, dantzaren, antzerkiaren eta clownaren arlokoak, eta sei egun programazioz bete-beteetan zehar gozatu ahal izango dira.

Programazio oso-osoa da, eta gaur goizean aurkeztu da Udalaren Prentsa Aretoan, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziak eta Pedro Ormazabal BILBOKO KALEALDIA jaialdiaren zuzendariak parte hartu duten prentsaurrekoan.

Horrez gain, aurkezpenean izan da orobat Trakamatraka bilbotar konpainia, musika eta birziklatzea aditzeko, ulertzeko eta ezagutzeko modu berri baten alde eginez, soinuak sortuz birziklatzearen bidez. Matraka Culinary Center izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute Jaialdiaren barruan. Ekainaren 28an 17:30etik hasi eta ekainaren 29an 12:00etara arte, Kasilda Iturrizar parkeko paiten urmaelaren inguruetan ikusi ahal izango da ikuskizuna.

2022 honetan, Bilboko Udalak indartu egin du jaialdia, «programazio gehiago, eremu gehiago eta dekorazio gehiagorekin», hala azaldu dute gaur aurkezpenean, eta nabarmendu egin dute Jaialdiaren balioa, esanez ikuskizunak ez ezik beste zerbait ere eskaintzen duela, uria kaleko arteen agertoki handi bat bihurtzen denez gero.

Gonzalo Olabarria zinegotziak azaldu duenez, «ikuskizunak antzeztea baino harago doazen proposamenak dira, eta lekua eman nahi diegu, eta agerira ekarri. Dekorazio- eta arte-instalazioak izango ditugu, eta protagonistak, berriro ere, dantza, zirkua, antzerkia eta beste izango dira. BILBOKO KALEALDIA, aurtengo edizioan, gertakari bakana izango da ostera ere Estatu osoan, eta Bilbo kaleko arteen eta antzerkiaren hiriburu bihurtuko da berari esker. Programazioa hobetu egin da ostera ere, zabalagotu eta askotarikoago bihurtu, bazter gehiagotara iristeko eta bilbotarrek kalitateko aisialdi- eta kultura-eskaintzak gozatu ahal izan ditzaten aire librean, irisgarriak, askotarikoak eta kalitate itzelekoak.»

BILBOKO KALEALDIAK, 23. edizioan, nazioarteko artista asko izango ditu, pandemia dela-eta murritzago gauzatu behar izan den bi urteko epe honen ostean. 10 konpainia datoz Europako leku batzuetatik eta besteetatik Bizkaiko hiriburura, bilbotarrek aukera izan dezaten urian ikusi ohi ez diren ikuskizunak gozatzeko: Chris Iris (Alemania); Das Arnak (Frantzia); Keep Company (Frantzia); Le Piano Du Lac (Frantzia / Asturias); Les Malles Cie. (Suitza); Les Rustines De L’ange (Frantzia); Nicole & Martin (Suitza); Ô Quel Dommage Cie. (Belgika); Panorama Kino Theatre (Suitza); eta Tobia Circus (Italia); eta, horiez gain, Brassass konpainia, Argentinatik.

Bilboko Udalak, kultura estrategia moduan, ostera ireki dizkie programazioko ateak EUSKAL KONPAINIEI, eta, hala, Uriko agertoki batzuk eta besteak izango dituzte, beren lana ezagutzera emateko hurbildu nahi duten guztiei. Hala, bada, ekainaren 27tik uztailaren 2ra, aukera izango da hauen guztien proposamenez gozatzeko: Dantzaz; Ertza; Hika Teatroa & Oinkari Dantza Taldea; Hortzmuga Teatroa & Deabru Beltzak; La Trapecionista Cí; Mystèrieuses Coiffures; Panpotx Kultur Elkartea, Bilboko Udal Bandarena; Trakamatraka; eta Zirkozaurre.

BILBOKO KALEALDIAREN kartela osatuko dute konpainia hauek, Estatuko bazter batzuetatik eta besteetatik etorriek: Amer Kabbani (Cía. 104º); Delrevés Danza Vertical; Kolektiv Lapso Cirk; La Industrial Teatrera; La Macana; Los Galindos; Maduixa Cía; Manolo Alcántara; Nacho Vilar Producciones & Yllana; Nostraxladamus; Nueveuno Circo Cía.; Pistacatro; eta Truca Circus.

BILBOKO ITSASADARRA, AGERTOKI BAKARRA

Jaialdia 10 eremutan gozatu ahal izango da, eta nagusietako bat, ostera ere, Kasilda Iturrizar parkea izango da, non zazpi agertoki izango baitira: Pergolan, Arte Ederren Museoaren gunena etauramaelaren inguruan, bost kokalekurekin, horietako bat berria; Arriaga plaza; Plaza Biribila; Plaza Barria; Bizikidetasun Plaza; Gas Plaza; Arriaga Antzokiaren alboa; Bizkaia Aretoa. 

Nabarmentzekoa da, aurten, Jaialdiak eremu gehiago izango dituela San Frantziskoko hiri ortuan, eta Bilboko Itsasadarrean

Bilboko Udalak erabaki du uriaren gune hain garrantzitsu hori ere BILBOKO KALEALDIAREN programazioan sartzea lehenengo aldiz. Hala, bada, Itsasadarra izango da Jaialdiko protagonistetako bat, leku horretarako beren-beregi diseinatutako proposamenekin.

Han, bi proposamen izango dira: alde batetik, Nostraxladamus aragoitarren MUNDU ESTREINALDI bat, «Volatineros» ikuskizunarekin; Erripa Kaiaren parean ikusi ahal izango da; eta, bestetik, «Le Piano du Lac«, Swing and Swim franko-asturiar konpainiarena, Erriberako zubiaren inguruan.

    • «Volatineros» produkzio apustu oso urratzaile eta desafiatzailea da, zeren eta ikuskizuna aldi honetarako sortua eta pentsatua izan baita, eta produkzio-maila handia eskatu baitu. Alturetan eskainiko den ikuskizuna da, arlo askotakoa, poetikoa eta ikusizkoa, publiko guztiendako; 90 metro kable baliatuko dira 10 m-ko altueran, trapezio bat eta masta txinatar bat kabletik zintzilik, hiru funanbulista, bi akrobata eta hiru musikari arituko direlarik. Uztailaren 1ean eta 2an eskainiko da, 23:00etan, Erripa kaian.

 

    • Le Piano du Lac”, berriz, piano itsasontzi bat izango da, hibrido bat, pianoaren, belaontziaren eta kitesurfaren artekoa; Bilbon atrakatuko du, Estatu osoko estreinaldia emanez. Piano-itsasontziaren barruan, «Y Swing 276″ hirukotea doa, «Le Piano du Lac» konpainiari lotu berria. Chanson francaiseren eta jazzaren klasikoak errepasatuko dituzte. Ekainaren 30ean ikusi ahal izango da, 19:00etan, eta uztailaren 1ean, 20:30ean, Erriberako zubiaren inguruan.

 

12 ESTREINALDI

BILBOKO KALEALDIA jaialdiak 12 estreinaldi programatuko ditu. Haietako bi APROPOS JAIALDI HONETARAKO SORTUTAKO IKUSKIZUNAK izango dira, Bilbon ikuskizunak emateko diren lekuetarako propio diseinatuak. Horietako bat “Volatineros da, lehen aipatu duguna, Nostraxladamus-ena eta, bestea, Un jardín salido de un cuento misterioso”, Mystérieuses Coiffures-ena.

Un jardín salido de un cuento misterioso” instalazio bat izango da, eta Kasilda Iturrizar parkean ikusi ahal izango da, ekainaren 28an eta 29an, arratsalde osoan zehar. Ikuskizun horretan, lore-bitxikerietan esperientzia duen ikertzaile bik erabaki dute Bilboko parke handi hau ikerketa-laborategi bihurtzea, kolore guztietako lore bakan eta onirikoak sortzeko. 2021ean egin zuten apustua, 1.001 loreen lorategia sortzeko, 2024ra arte. Aurten, lore berriak aterako dira haien irudimenetik, eta 2021ean parkerako sortutakoei gehituko zaizkie.

Gainera, BILBOKO KALEALDIA jaialdiak Estatuan estreinaldi izango diren bost ikuskizun proposatzen ditu, eta Euskadin estreinaldi izango diren beste bost.

► 5 estreinaldi Estatuan

Alde batetik, «Le Piano du Lac», lehen aipatu duguna, Swing and Swim konpainiarena; Bilbon eskainiko dute emanaldi bakarra Estatu osoan.

Bestalde, Frantziatik iritsiko dira urira Keep Company, «Compost» lanarekin (ekainaren 27an, 17:30ean; eta 20:00etan, 4. gunean, Kasilda Iturrizar parkearen urmaelaren inguruetan). Ikuskizun honek bi pertsona agertuko ditu, bakanduak, kokoriko lurrean, hibernatzen baleude moduan. Pixkanaka, lozorrotik esnatu ondoren bezala, argiaren energiaren arabera hedatuko dira. Animaliak ala landareak? «Ez du axola. Garrantzitsuena da konturatzea mugitzeko gaitasuna dutela eta, batez ere, laster bientzako koreografia bat osatuko dutela».

Beste alde batetik, Les Malles suitzarrek «Manto» ikuskizuna emango dute, fantasiaren, irudimenaren eta giza harremanen sentsazioak eta oreka dituena inspirazio, ikusizko eta poesiazko ikuskizun bat eraikitzeko (ekainaren 27an, 18:00etan eta 20:30ean, 2. gunean, Kasilda Iturrizar parkeko urmaelaren inguruetan).

Halaber, Les Rustines de L’ange lanean musika eta kaleko antzerkia batuko dira, «Ça va valser» ikuskizunean, ekainaren 28an eta 29an, 17:00etan eta 19:303an, Kasilda Iturrizar Parkean.

Estatuan lehen emanaldia izango du, orobat, “Room service”, Ô Quel Dommage Cie konpainia belgikarrarena, Kasilda Iturrizar parkeko urmaelaren inguruetan izango den eremuan, ekainaren 29an, 17:30ean eta 20:00etan. Ikuskizun honek zerikusi nabarmena du hitzik gabeko jolasarekin, pertsonaien arteko elkar ekintzarekin, soinuzko unibertsoarekin eta ikusizko efektuarekin.

► 5 estreinaldi Euskadin

Amer Kabbani katalanak «Runa» dakar Euskadira. Proposamen honetan, autofikzioaren generoa lantzen da, Europa ingurune arrazaztatu gisa gerren lazturatik babesten duen beirazko burbuila irudikatzeagatik (uztailaren 2an, 20:00etan eta 22:00etan, San Frantziskoko hiri ortuan, Mariaren Bihotza plazan).

Alemaniatik iritsiko da Chris Iris konpainia, «GAP of 42» lanarekin, non akrobazia harrigarriak eta komedia nahasten baitira eta filosofiari dagozkion kontuak eta ezohiko irudiak proposatzen baitira, eta une absurdoak sortzen (uztailaren 1ean, 18:00etan eta 20:00etan, Arriaga Antzokiaren alboan).

Beste alde batetik, Galiziako La Macana konpainiak «Pink Unicorns» erakutsiko du, dantza proposamen bat, aita baten eta haren seme nerabearen artekoa dakarrena agertokira, helduaroko esperientzia eta millenial ikuspegia alderatuz. (uztailaren 2an, 19:30ean, Bizikidetasun plazan).

Maduixa Cía konpainia valentziarrak, bestalde, BILBOKO KALEALDIKO publikoarekin partekatuko du «Migrare», lau emakume sendo, ausart eta irauten dutenen borroka agertuz; akuilu-makuiluak erabiltzea dute beste gauza aipagarri bat. Moritz FiraTàrrrega saria irabazi zuen 2021ean.

Azken estreinaldia, bestalde, Panorama Kino Theatre konpainiaren eskutik datorkigu, Suitzatik; Euskadira iritsiko dira «Bilbaorama» euskal premierea dakartela, kaleko antzerkiaren mugak harago eramanez eta generoa berrasmatuz. Emankizun hau pentsatu eta garatu zen antzerki-esperientzia bereziak sortzeko, elkar eragitekoak, probokatzaileak, eta eraldatzaileak erakutsiko den gune horretan; ekainaren 27tik 29ra izango da, 18:30ean, Arte Ederren Museoaren inguruetan.

IKUSKIZUN AIPAGARRI GEHIAGO

BILBOKO KALEALDIA jaialdiko ikuskizun guztiak doakoak dira; aurten, karpa itzuliko da, eta Kasilda Iturrizar parkeko paiten urmaelaren ondoan egongo da, ekainaren 27tik 29ra, 19:00etatik aurrera.

Han, Nicole & Martin suitzar konpainiak «Vasilisa» lana eskainiko du. Nicole & Martin bere publikoaren bila doaz, eta karparen azpian, laguntzeko gonbita egin diote. Konpainia hau karabanetan bizi da, eta urtean zortzi hilabetez Europa osoan hara eta hona bidaiatzen da kupula baten itxura duen antzoki batekin.

Bestalde, datorren edizioan, bi konpainia handik parte hartuko dute, zeintzuk oso ezagunak baitira Jaialdian, eta eskua emango diotenak elkarri proposamen oso berezi bat ekartzeko, gaueko ordutegian: Hortzmuga Teatroa eta Deabru Beltzak taldeek “SENTA. A la deriva» proposatuko dute. Sentak, ontzi fantasma baten agintean doala, galdu egin du iparra; egun batean, erabaki du eskifaiaren agintari jartzea munduari indarrez kanta egiteko. Aldi honetan, berak erabaki du jitoan joatea, norabiderik gabeko bizimodu bat eroatea, baina duintasunez biziz. (Ekainaren 29an, 22:00etan, Plaza Biribiletik Arriaga Plazara; ekainaren 30ean, 21:00etan, Villarías kalearen eta Buenos Aires kalearen gurutzatzen diren lekutik Gas plazaraino).

BILBOKO KALEALDIA jaialdiak gonbita egingo dio bere publikoari Bizkaia Aretora begira jartzeko, baina ikuspegi batetik eta bestetik, DelRevés Danza Vertical taldearen eskutik, zeinak «Finale» izeneko proposamena baitakar, Leioako 2019ko Umore Azokako ikuskizunik onenaren saria irabazi zuena. Emanaldi honek aukera eskainiko dio publikoari dantza klasikoa gozatzeko eszena-gune berri batean, inguruabarrez gabeturik, ballet bat eroanez eraikin baten fatxadara. (Uztailaren 1ean, 18:30etik 21:30era).

Izan ere, aurten, proposamenetako asko sariak irabazitakoak izango dira, Estatuan nahiz hemen egiten diren jaialdi batzuetan eta besteetan.

Lehen aipatutako horiez gain, aipatu beharrekoak dira Los Galindos eta «MDR» – Muerte de risa», clownen emanaldi bat, Valladolideko Kaleko Arteen Nazioarteko Jaialdian publikoaren saria irabazi zuena 2021ean (ekainaren 29an eskainiko dute beren ikuskizuna, 20:30ean; eta ekainaren 30ean, 19:30ean, San Frantziskoko hiri ortuan); bestalde, Manolo Alcántara konpainiak «Maña» eskainiko du, zirku ikuskizun-instalazio bat, zuzenekoa, Zirkuaren Sari Nazionala irabazi zuena 2021ean (uztailaren 2an, 19:00etan Gas plazan).

Ezin huts eginezkoa, halaber, Kolektiv Lapso Cirk-ek ekarriko duena, «Ovvio» ikuskizuna, Leioako Umore Azokan ikuskizun/konpainia berri onenaren saria irabazi zuena 2018an, eta aretoko zirkuko ikuskizunik onenaren Saria 2019an, eta TAC Saria (Valladolideko Kaleko Arteen Nazioarteko Jaialdian zirku ikuskizun onenaren saria 2021ean. (Uztailaren 1ean izango da, 19:30ean, Bizikidetasun plazan; uztailaren 2an, 18:30ean, Plaza Barrian).

Asteazkenean, ekainaren 30ean, 22:30ean, Arriaga plazan, «Sopla!» zirku ikuskizuna ikusi ahalko da. Truca Circus konpainiaren eskutik, orain dela egun batzuk Leioako Umore Azokako ikuskizun onenaren saria irabazi duena, 2022ko edizio ospatu berrian.

Azkenik, nabarmentzekoa da Nacho ¨Vilar & Yllana konpainiaren proposamena, eta haien «Glubs» izeneko kaleko antzerkiko obra, MAX sarien 2021eko edizioan kaleko ikuskizunik onenaren sarian finalista izan zena; uztailaren 2an izango da, zapatuan, 21:30ean, Arriaga plazan.

BILBOKO KALEALDIAREN 2022ko edizioan, halaber, Food Trucks deritzenak izango ditugu (jatekoa saltzen duten postuak), eta lehenengoz, Gargantuetako bat izango dugu bisitari Jaialdian, Kasilda Iturrizar parkean, txikienek aukera izan dezaten bilbotar erakarpen usadiozko hau gozatzeko.

KULTURA JASANGARRIA

Ingurumenean izango duen eragina urritzearren, Bilboko Udalak nahi du bere gertakari eta jaialdiak geroz eta jasangarriagoak izan daitezela.

BILBOKO KALEALDIA jaialdiak, edizio honetan, bideari ekingo dio jaialdia geroz eta begirunetsuagoa izan dadin ingurumenaren aldera, eta, hala, aurten, aluminiozko botilak baliatuko ditu, artistek, errejidoreek, teknikariek eta gainerako antolatzaileek plastiko gutxiago kontsumitu ditzaten.

    • Jaialdiaren inguruko informazio osoa dakarren dosierra eta prentsarako beste baliabide batzuk jaisteko, hemen.

 

BILBOKO KALEALDIA jaialdia Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Espainiako Arte Eszenikoen eta Musikaren Estatuko Institutuaren babesarekin antolatzen da, bai eta Metro Bilbao, Ikey Group Comunicación eta Contenedores Mungia entitateenarekin ere. Era berean, BILBOKO KALEALDIA Artekale Euskadiko Kaleko Arteen Elkarteko kidea da, eta Karrikan plataformakoa, eta Patea Kaleko Profesionalen Elkartekoa ere bai.

SARE SOZIALAK

#BilbokoKalealdia2022

www.bilbaokultura.eus
bilbokokalealdia.eus