Bilboko Udalak Santutxuko Cocherito de Bilbao kalea berrurbanizatzeko lanei ekingo die

0

Bilboko Udalak Santutxuko Cocherito de Bilbao kalea berrurbanizatzeko lanei ekingo die gaur. Auzokide Planaren barruko lanak dira, eta beren xedea da atseginagoa egitea, bertako maldak eta orografiak ingurunea baldintzatzen dute eta.

Espaloiak zabaldu, eta egonlekuak sortuko dira, kokalekuaren eta azaleraren arabera zenbait erabilera eskaintzeko. Adibidez, atsedenlekuak, elkartzeko plazak eta kirola kalean egiteko espazio bat sortuko dira.

Lan horien aurrekontua 1.586.874,95 eurokoa da (BEZa barne), eta adjudikatu ondoren hamabi hilabeteko epean egitea aurreikusten da.

ESPALOIAK ZABALTZEA

Cocherito de Bilbao kalea Iturriaga kalearen, Juan Guisasola kalearen eta Sagarminaga Etxaldearen elkargunean sortzen da, eta gorantz doa (azken zatian, Zumalacarregui etorbideari paralelo), zaku itxurako biribilgune txiki bateraino.

Goranzko orografia zaila du, eta ezkerrean baino ez ditu eraikinak. Horrek guztiak baldintzatu egin du bilatutako erabakitako konponbidea. Hala, espaloiak ez dira modu uniformean zabalduko: azalera berdegunerantz irabaziko da, kale zatiak ahalbidetzen duen neurrian.

Horregatik, lehenbiziko tartean bi metroko espaloia mantenduko da, salbu eta bidearen hasieran, Marqués Laurencín kalearen ondoan: han, zabalagoa izango da, eta aparkatzeko tokiren bat kenduko da.

Cocherito de Bilbaok Mandoia kalearekin elkartzen den tokitik aurrera, eskuineko espaloia gehiago zabaldu ahalko da, eta lau metroko espaloia egin.

PLAZAK ETA EGONLEKUAK

Gaur egun, hiru plaza daude, bankadetan, Cocherito de Bilbao kalearen igoeran.

Kalea berrurbanizatzeko gaur hasiko diren lanetan, lehenengo plaza handitu, eta kirol-ekipamendua jarriko da bertan, fitness ariketak egin ahal izateko.

Beste plaza biak bankadan jarriko diren egonleku txiki gehiagorekin ordeztuko dira (zazpi, guztira), eta bisualki elkarri lotuta egongo dira.

Kalearen goiko aldean, Ornilla Doktorearen kalearen ondoan, biribilgune txikiaren atzealdea atzera emango da, oinezkoen eremuari lehentasuna emateko. Gune hartan, plaza biribil bat egingo da, altzarien eta parterrearen inguruan. Begiraleku bat ere egingo da, ipar-ekialdera begira, ikuspegi zabalagoarekin.

ZOLADURA, HIRI-ALTZARIAK ETA ZERBITZUAK

Zoladura, eremu osoan, bi sistemaren bidez berrituko da: drainatzailea eta ohikoa, ur-bilketaren arazoari erantzuteko.

Zehazki, zoru drainatzailea (lurzoruari zuzeneko infiltrazioa eginez) jarriko da bai lehenbiziko plazan, baita igoeran zehar egongo diren zazpi egonleku txikiagoetan eta kalearen goiko aldeko behatokian ere.

Goiko aldeko plazan, zaku formako biribilgunea ordeztuko duen hartan, konponbidea mistoa izango da: sestra azpian ura biltzeko moduko zoru drainatzailea. Bildutako ura saneamendu-sareari lotuko zaio; hau da, ura zuzenean iragaziko dela eta sare horretara bideratu ahalko dela, beharrezkoa bada.

Gainera, zoruaren estetikak egonlekuak zehaztuko ditu, eta proiektatutako jarduera-eremuak bereizten lagunduko du.

Hornidura-sarea beharrizan berrietara egokituko da (komun publikoaren, iturrien eta lorategi-eremuen kokalekua), eta hiri-altzari berriak jarriko dira, espazio guztiak egokitzeko eta horiei nortasuna emateko.

Argiteriari dagokionez, bidearen eskuinaldekoa guztiz berrituko da. Kanalizazio eta zimentazio berriak egin, eta dauden argi-puntu guztiak berrituko dira. Hautatutako argiak zenbait altueratan ipiniko dira, inguruneko paisaiarekin eta zuhaitzekin integratzeko. Bide batez, ia-ia zuhaitz guztiak bere horretan mantenduko dira.

Modu berean, ezkerreko espaloian, luminaria guztiak kendu, eta, haien ordez, LED motakoak ipiniko dira —nahiz eta proiektuaren helburua ez den espaloi hori urbanizatzea—. Aldaketa horren bidez argiztapen uniformea lortu gura da, ingurune osoan argi-harmonia egon dadin.

AUZOKIDE PLANA

Uriko auzoak hobetzeko Auzokide Planean sartzen dira Cocherito de Bilbao kalearen ingurunean, 4. Barrutian, egin beharreko lanak.

Herritarrek parte hartzeko Udalak duen tresnarik garrantzitsuenetako bat da Auzokide Plana. Haren bidez, aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean: 1,5 milioi euro, barrutiko eta urteko.

SARE SOZIALAK: