Gazte-Justizian berrerortzeak lau puntuko jaitsiera izan du eta % 13,1ekoa izan da, 2018-2021 aldian itxi denean

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Gazte Justiziari buruzko jardunaldia inauguratzeko ekitaldian parte hartu du; jardunaldia Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Kriminologiako Euskal Institutuak (KREI) antolatu du, eta Gipuzkoako campusean izan da. Topaketan, gaian aditu diren zenbait pertsona batu dira, eta, bertan, 100 años de acompañamiento en Justicia Juvenil. Investigación evaluativa y retos futuros liburuaren edukia aztertu da; liburua EAEko, estatuko eta nazioarteko zenbait kriminologok idatzi dute.

Aurkezpen-ekitaldian, Artolazabalekin batera César San Juan UPV/EHUko CRIM-AP ikertaldeko ikertzaile nagusia eta Laura Vozmediano UPV/EHUko Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordea izan dira. Jardunaldia San Juanek berak eta KREIko haren kide Estefanía Ocarizek koordinatu dute.

Artolazabal sailburuak Gazte Justiziak EAEn azken 100 urteotan izan duen bilakaeraz hitz egin du, eta honako hau esan du: “legea letra hila da, eraginkor bilakatzeko baliabiderik ez badago”. Hori horrela, haren sailak sustatutako planak azaldu ditu. “Gaur egun, 2020-2024 aldirako Gazte Justiziako V. Plana gauzatzen ari da. Plan horretan, haur, nerabe eta gazteetan intzidentzia duten erakunde eta eragile guztien arreta integrala eta koordinatua tartean duten 60 ekintza planteatzen dira”, esan du. Aldi berean, Segurtasuneko, Osasuneko, Lan eta Enpleguko eta Hezkuntzako sailak aipatu ditu, bai eta berea ere, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.

Zehazki, dagoeneko amaituta dauden planen ebaluazioan jasotako gazte-berrerortzearen datuen inguruan, Artolazabalek 2018-2021 aldian islatutako azken tasaren balioa nabarmendu du; hartan, berrerortze-maila % 13,1ekoa da. “Egin zen lehen azterlanak % 28,1eko berrerortze-tasa erakusten zuen. Pixkanaka, jaisten joan zen, eta, azkenean, 2015-2018 aldiko azterlanean % 17,6koa izan zen», esan du sailburuak; pozik agertu da egindako lanaren arrakastagatik. Era berean, honako hau gogorarazi du: “Legegintzaldi honetarako gobernu-programan helburu gisa planteatu da gazteen berrerortzearen tasa % 15etik beherakoa izatea”.

Hala ere, Beatriz Artolazabalek nabarmendu nahi izan du Gazte Justizian ez dela “zenbakiekin lan egiten, arreta jasotzen duten pertsonekin baino; kalteberatasun-egoera handian dauden nerabeei etapa esistentzial zail hori gainditzen laguntzen diegu».

Eusko Jaurlaritzak garatutako Gazte Justiziako Plan bakoitzak amaieran KREIk eginiko balorazio bat du. Hala, planaren betetze-maila egiaztatu eta jasotako datuak ezarritako helburuekin egiaztatzen dira, hala badagokio, norabidea zuzentzeko edo sendotzeko.

Era berean, datuen bidez profil psikosozialak ezartzen dira, ibilbide kriminala aztertzen da eta adingabeen epaileek ezarritako heziketa-neurriak inpaktu positiborik duen zehazten da.

Sailburuak, hori dela eta, elkarlaneko lan honen balioa nabarmendu du: “Batetik, Gazte Justiziak hirugarrenen kanpoko kontaketa inpartzialera eta zientifikora irekitzeko duen interesa dago. Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitateak EAEko gizartean eragina duten arazoei buruzko ikerketa aplikatuko eta pragmatikoko ildoak garatzeko duen interesa».

Ehun urte Gazte Justizian laguntzen

Gaur UPV/EHUko Gipuzkoako campusean egin den jardunaldian, adingabeekiko justiziaren munduko hainbat aditu batu dira. Gehienek 100 años de acompañamiento en Justicia Juvenil. Investigación evaluativa y retos futuros liburua idazten parte hartu dute, gainera, eta, gaur, haiek eginiko ekarpenak aztertu dituzte mahai-inguruetan; haietan, Patxi López Cabello Eusko Jaurlaritzako Gazte Justizia Zerbitzuko buruak parte hartu du, besteak beste.

López Cabellok Gazte Justiziaren azken hiru hamarkadak ekarri ditu gogora; haietako parte aktiboa eta funtsezkoa izan da bera. Emandako datuen arabera, 2001aren eta 2020aren artean, 18.663 neurri ezarri ziren, 933 batez beste urtean; haietatik, % 84,66 mutilei ezarri zitzaizkien eta % 15,33, neskei.

Sailburuarekin bat etorriz, KREIk plan bakoitzaren amaieran egiten duen azterlan-balantzearen balioa nabarmendu du: “Lankidetza horrek zorroztasun teknikoa eman dio prozesuari, eta sinesgarritasun zientifikoa ebaluazioei, eta ereduaren ezaugarri bilakatu da: zuzendaritza publikoa planaren plangintzan eta kudeaketan eta kanpo-ebaluazioa Unibertsitatearen aldetik”.

Beatriz Artolazabal sailburuak sarritan eta foro askotan azaldu duenez, Gazte Justizia EAEko helduentzako espetxe-ereduaren jarraibide da. Ildo horretan, López Cabellok “Gazte Justiziako EAEko ereduaz” hitz egin du, “zeina erantzukizunean oinarritzen baita, justizia errestauratiboaren eragin handiekin”; esan duenez, hartara heziketa-jarduketen eta “gizarte-, heziketa- eta terapia-jarduketen bidez iristen da”.

Jardunaldia amaitzeko, Eugenio Artetxe Eusko Jaurlaritzako Justiziako zuzendariak hitz egingo du, eta gainerako hizlariek mahai-inguruetan eginiko ekarpenak ekarriko ditu gogora eta César San Juanen agur-hitz batzuk esango ditu.