Bilboko Udalak 2030 Eskola Agendaren Udal Foroaren 16. edizioa egin du gaur. Ekitaldi honetan, udal ordezkariak eta hiriko 55 ikastetxe publiko eta pribatutako irakasle eta ikasleak bildu dira udaletxean, Bilboren eta inguruaren jasangarritasuna hobetzeko helburuz.
Osoko bilkurako burua Yolanda Diez alkateordea izan da. Jesus María, Ibarrekolanda BHI, Aldamiz, Fundación Peñascal, Berriotxoa eta Jesuitinas Bilbao ikastetxeetako bozeramaileek Udalbatzari azaldu diote 2021-2022 ikasturtean aurtengo gaian egindako lana: garapen jasangarriko 11. helburua (hiri eta herri jasangarriak) landu dute, Bilboko uriari aplikatuta.
Eskolarteko Foroak maiatzaren 5eko bilkuran (Otxarkoagako udaltegian) adostu zituen bere proposamenak eta konpromisoak, gure uriko mugikortasun-ereduaz, Bilboko kultur eta natur ondarearen aberastasunaz, eta berdeguneak eta espazio publikoak seguruak, inklusiboak eta irisgarriak izateari buruz hausnartu ostean.
Osoko bilkuran ere, Álvaro Pérez Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkari ondokoak galdera bat erantzun du, urian bizikletaren erabilera sustatzeko abian jarri diren udal politikei buruzkoa.
Ekitaldia amaitutakoan, parte-hartzaileak (170) Arabiar Aretoan bildu dira. Bertan, Otxarkoagako heziketa-ikastetxeko «Percusión Konfussion” taldearen emanaldia entzun dute, eta ikastetxeek egindako lanetako batzuk ikusi dituzte, hala nola eskola-ortu batean egindako lana edo birziklatutako materialekin egindako janzki bat.
BILBOKO UDALA ETA 2030 ESKOLA AGENDA
Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egiten du Ingurugela-Bilbao-ren bitartez, 2030 eskola-agenda dinamizatzeko, helburu hauekin:
-
- XXI. mendeko pertsona arduratsu eta konprometituak prestatzea.
-
- Ikastetxearen eta inguruaren ingurumen-hobekuntzan laguntzea.
-
- Hezkuntzaren berrikuntza eta kalitatea bultzatzea.
-
- Hezkuntza-komunitateak (ikastetxeetako ikasleek, irakasleek, familiek eta irakasleak ez diren langileek) udalaren kudeaketan parte-hartzea sustatzea.
Programa honek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesa dauka.
21 eskola agendako osoko bilkura 2004-2005 ikasturtean egin zen lehen aldiz Bilboko Udalean; orduz geroztik hitzordu finkoa da, Ingurumenaren Mundu Egunaren inguruan antolatzen dena (ekainaren 5ean, domeka, ospatuko da).
SARE SOZIALAK: