Otxarkoagako auzoa sortu zeneko 60. urteurrenaren ekitaldi nagusia ospatu dute

0

Bilboko Udalak eta Tendel elkarteak, gaur eguerdian, Otxarkoagako auzoa sortu zeneko 60. urteurrenaren ekitaldi nagusia ospatu dute.

Urteurren hau baliatu da omenaldi bat egiteko Bilboko auzo garrantzitsu hori sortu zuten auzotar guztiei.Gaur norbaiten alde topa egitekotan, Otxarkoaga aurrera ateratzeko borrokatu diren pertsona guztien alde egin behar da topa, leku abegikor eta zerbitzuz ongi hornitu bat izateko lan egin duten guztien alde. Eta dagoeneko gure artean ez dauden askoren alde, eta baita ere haiek hemen utzi zuten belaunaldiaren alde eta etorkizunean hemen izango diren belaunaldien alde. Nabarmendu nahi dut Otxarkoagan daukazuen auzo-harrotasun sakon hori, atsedenik gabe borrokatu zarete-eta auzoko bizimodua hobetzeko. Ageri-agerian da zuen lorpena. Udal osoak aitortzen du jendaurrean zuen lorpena, eta zuen alde agertzen gara, eta hala agertuko geroan ere«, adierazi du Juan Mari Aburto alkateak, zeina Harrobia Arte Eszenikoen Zentroan egin den ekitaldian buru izan baita.

Urteurren honetan, Otxarkoagako gizarte- eta kultura-bizimoduko ordezkaritza zabal bat bildu da, udal korporazioko ordezkariez gain (Itziar Urtasun izan da, Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako Saileko zinegotzi eta 3. barruti horretako presidentea).

OTXARKOAGAREN HISTORIA

Urteurreneko ekitaldiko programazioan, solasaldi batean batu dira Juan Mari Aburtorekin eta auzoko 4 auzotar eta pertsona erreferente: Txutxi Paredes, historialari eta irakaslea; Yolanda Ruiz, Otxarkoagako hezkuntza-zentroko langilea; Mohssine Elhadadi, Otxarbe kirol elkartearen koordinatzailea eta auzoko ekintzailea; eta Yolanda Aurtenetxe, merkataria eta Otxarkoagako Merkatarien Elkartearen ordezkaria.

Haien lekukotzei esker, Otxarkoagaren eta auzoko protagonisten historiaren gaineko kontakizun bat osatu ahal izan da. Juan Mari Aburto berbetan egon da auzotarrekin, auzoak azken urteetan bizi izandako hobekuntzen inguruan, auzoan bizi direnen nortasun ezaugarrien gainean, haiek auzoaren alde egindako apustuen inguruan eta epe motzerako ikusten dituzten beharrizanen inguruan.

Alkateak jakitera eman du ezen, Otxarkoagaren gainean pentsatzera jartzen denean, burura etortzen zaizkion berbak hauek direla: komunitatea, otxarkoagatar sentimendua, erresilentzia, sormena, duintasuna, abegikortasuna, lana, dibertsitatea, energia, parte hartzea…

«Otxarkoaga adibide historiko bat da, auzoko bizimodua hobetzeko harreman-kapital eta komunitate-lan aberatsarena (Latorrizko etxeetatik gaur arte). Otxarkoaga, gaur, oso AUZO berezia da guretzat, Udalarentzat; ez hirigintzaren aldetik bakarrik, baita ere EKONOMIA-, GIZARTE- ETA KULTURA-JARDUERA BIZI-BIZIA bat daukan leku baten moduan, zeinak galdegiten baitu esku hartzea eta komunitatearekin eta komunitateko agenteekin indarrak batzea».

Horrez gain, ekitaldi honetan, urteurrenerako ekintzen programa aurkeztu da, eta ibilbide bat ere egin da Tendel elkarteak sustatutako argazki lehiaketa baten ondorioz egindako argazki-erakusketan.

URTEURRENEKO EKITALDIEN PROGRAMA

Urteurrena, bestalde urtea amaitu arte ospatuko da, eta jai ekitaldiak izango dira publiko mota guztiendako: gaur goizean abiatu dira ospakizunak, Aullidos de Otxar argazki-erakusketa aurkeztuz Angela Arregi plazan, argazki lehiaketako argazkirik onenen aukera bat; geroago, gizarte-etxean jarriko da erakusketa; halaber, bi kontzertu ere izango dira, bat publiko guztiarentzat, eta beste bat publiko gazteagoarentzat, irailaren 17an, auzoko plazan.

Ofizialki, Otxarkoaga 1961ean sortu zen, baina ospakizunak atzeratu egin dira 2022ra arte, osasun egoerak utzi duen unera arte.

OTXARKOAGAGO TENDEL ELKARTEAREKIN LANKIDETZARAKO HITZARMENA

Bilboko Udalak urtero egiten du lankidetzarako hitzarmen bat Tendel elkarte soziokulturalarekin, 50.000 euroan baloratua. OtxarkoagaGO programaren bidez, jarraipena ematen zaio beste komunitate-plan batzuetan egindako lanari, hala nola «Imaginatu Otxarkoaga» eta «Ni OTXARren alde«, eta, gainera, komunitate-ekintzak gauzatzen dira, bide ematen dutenak auzotarren arteko bizikidetza hobetzeko eta auzotarrek auzoko bizimoduan parte hartzeko.

SARE SOZIALAK: