Bizikletaren aldeko Hirien Sarearen Zuzendaritza Batzordea Donostian

0

Bizikletaren aldeko Hirien Sareak Zuzendaritza Batzordea egiten ari da Donostian. Elkarte honetako ordezkariek bertatik bertara ezagutu dituzte Dbizi bizikletak alokatzeko sistema eta Txita, etxez-etxeko eta azken miliako paketeria banaketa, ekitaldiak eta triziklo alokairua eta salmenta sistema.

Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio arloko zinegotzi Pilar Aranak adierazi duenez, “Bizikletaren aldeko Hirien Sareak 140 bazkide baino gehiago ditu, eta 1.000 udalerri inguru ordezkatzen dituzte. Ordezkariek gure hiriko Dbizi eta Txita zerbitzuak ezagutzeko aukera izan dute. Herritarrek bizikleta intentsiboki erabiltzen duten hiria da Donostia, duela hogei urte baino gehiagotik egiten ari den lan iraunkorrari esker”.

Txitak eta Dbizi sistema berriak hiriak mugikortasun iraunkorraren alde egin duen apustu handia egiaztatzen dute.

Martxan jarri zenetik urte eta erdi eskas igaro denean, Dbizik zifra errekorrak lortu ditu erabiltzaile kopuruari eta egindako bidaiei dagokionez. Izan ere, 2022ko lehen lauhilekoan modu ikusgarri eta etengabean hazten jarraitu du 196.790 bidaiekin. 2021ean, aldiz, 113.445 bidaia erregistratu ziren denbora tarte berean. Urteko lehen lau hilabete hauetan 6.431 erabiltzaile izan ditu, iragan urteko lehen lauhilekoan baino 2.530 gehiago.

Bizikletaren aldeko Hirien Sarea Espainiako hiri eta lurralde ezberdinek osatutako elkartea da, eta dinamika bateratua sortzea du helburu, txirrindularien zirkulazioa errazteko, seguruagoa izateko eta garatzeko, batez ere hiri-ingurunean.

Sarea 2009an sortu zen, eta Donostia funtsezko pieza izan zen bere eraketan. Une hartan, 30 udalerrik baino gehiagok bat egin zuten ekimenarekin. Gaur egun, erakundeko bazkideak 140 baino gehiago dira, eta 1.000 udalerri inguru ordezkatzen dituzte. Pilar Arana elkarteko bizikletaren enbaxadore izendatu dute aurten.

2022/06/02-an argitaratua