Ireki da Ingurumen Komunikazioaren Eskolarako izen-ematea Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan

0

APIA-Ingurumenari buruzko Informazioko Kazetarien Elkarteak eta Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak antolatuta, Ingurumen Komunikazioko Eskolaren laugarren edizioa irailaren 7an eta 8an egingo da, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Udako Ikastaroen esparruan, “Krisi ekologikoa, osasun-krisia” izenburupean. Eskolaren helburua da klima-krisiaren, ekosistemen kontserbazioaren eta pertsonen osasunaren artean dagoen korrelazio estua lantzea, komunikazioaren ikuspegitik.

Komunikazioak eta ingurumenak uste baino lotura handiagoa dute. Izan ere, lehena funtsezkoa da kontzientziatzeko eta bigarrenak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko, bai tokiko eremuan, bai eremu globalean. Biei erantzuteko eta elkarrekin lantzeko, 2019an Ingurumen Komunikazioko Eskola sortu zen, komunikabideetako profesionalen, dibulgatzaileen eta komunikatzaileen artean jardunbide egokiak eztabaidatzeko eta trukatzeko foro bat; aurten laugarren edizioa egingo da.

Ingurumen Komunikazioaren Eskolarako izen-emateak irekita daude, eta saioak bertatik –Donostiako Miramar Jauregitik– nahiz telematikoki jarraitu ahal izango dira. Ingurumen Komunikazioaren Eskola Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Udako Ikastaroen programazioan jasotako jardueretako bat da, eta Donostia Sustainability Forum-en parte ere bada (jasangarritasuna gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-ikuspegitik diziplinartekotasunez lantzeko foroa).

Koronabirusak eragindako pandemia oraindik ere mundua astintzen ari den honetan, argi geratu da osasun-krisia –hein handi batean– krisi ekologikoaren ondorio dela eta pertsonen osasuna planetaren osasunaren mende dagoela. Hori dela eta, Ingurumen Komunikazioaren Eskolaren 2022ko laugarren edizio honek klima-krisiaren, ekosistemen kontserbazioaren eta pertsonen osasunaren artean dagoen lotura estua aztertuko du.

Horretarako, honako gai hauek ekarriko ditu hizpidera: ekosistemen osasuna eta pertsonen osasuna, txanpon beraren bi alde gisa; naturan oinarritutako konponbideak, ekosistemak leheneratzeko eta klima-aldaketara egokitzeko tresna gisa; ingurumen-komunikabideetan komunikatzaile espezializatuek duten presentziaren garrantzia; formatu, euskarri eta kanal berriek eskaintzen dituzten aukerak; eta umorea, ingurumen-komunikaziorako tresna gisa.

Helburu nagusietako bat izango da komunikazioaren esparrutik hausnartzea enpresek, erakundeek eta herritarrek modu jasangarriagoan eta natura-ingurunearekiko harmonian bizitzeko eta ekoizteko ohituren eta jarreren aldaketan duten inplikazioari buruz.

Profesional ospetsuek gidatutako programa

Klima-krisiari, ekosistemen kontserbazioari eta pertsonen osasunari heltzeko beharrezkoa da informazioa zabaltzea; horregatik, Eskolak hausnarketarako gune bat sortzea eta ingurumen-erronka handien komunikazioari buruzko gako batzuk eskaintzea bilatuko du. Horrelako gaien tokiko eta estatuko zabalkundean ospea duten kazetari eta profesionalak izango dira bi jardunaldietako programako protagonistak.

María García de la Fuente APIAko lehendakaria buru dela, irakasleen artean ibilbide luzeko profesionalak daude: Ana María Alonso Zarza, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko (IGME) zuzendaria; Fernando Valladares, CSICeko zientzialaria eta YouTubeko “La salud de la humanidad” kanalaren sortzailea; edo Cristina Monge, analista ezaguna eta Zaragozako Unibertsitateko irakaslea.

Bestalde, umoreari, ilustrazioari eta ingurumenari buruzko mahai-ingurua egingo da, Arturo Larenak (EFE Verde) moderatuta, parte-hartzaile hauekin: El Roto eta Juan López Rico binetagileak; Rafa Ruiz, ‘El Asombrario / Público’ aldizkari digitaleko koordinatzailea; Lorena Martínez euskal ilustratzailea; eta Elena Rodríguez, GJHei buruzko “Implicadas” erakusketako komisarioa.

Era berean, Julen Rekondo, Gorka Belamendia eta Eva Caballera dibulgatzaileek parte hartuko dute, Euskadiko Ingurumen Kazetaritza Sariak 2019, 2020 eta 2021eko edizioetan, hurrenez hurren. Kasu honetan, “Ingurumena Euskadin komunikatzea” mahai-inguruan parte hartuko dute, Euskal Kazetarien Elkargoko eta Elkarteko (CVP-AVP) lehendakaria eta dekanoa den Amaia Goikoetxearen gidaritzapean.

Programazioa osatzeko, tailer praktiko bat eta bisita gidatu bat egingo dira irailaren 7ko arratsaldean. Eskolara bertaratzen direnek bisitaz gozatu ahal izango dute. Edizio honetan, Euskal Herriko hainbat udalerrik naturan oinarritutako konponbideen aplikazioan izandako esperientzia arrakastatsuak erakutsiko dira. Telematikoki jarraitzen dutenek, bestalde, Sergi Reboredo nazioarteko fotokazetariaren tailer bat izango dute. Tailerra (“Punto de no retorno”) hamarnaka herrialdetan klima-aldaketaren ondorioak 20 urte baino gehiago dokumentatzearen ondoriozko emaitza da; kontinente guztietan zehar egindako bidaiak dira, erakusten dutenak konpontzeko ezer egin ezean planetaren bizitza ezagutzen dugun bezala amaituko dugula.

Informazio gehiago eta izen-ematea: https://www.uik.eus/eu/jarduera/ingurumen-komunikazioaren-eskola-2022-krisi-ekologikoa-osasun-krisa