Irune Muguruzak nabarmendu du adingabeekin lan egiten duten kirol-profesionalek babesgabetasun-egoeren prebentzioan duten eginkizuna

0

Irune Muguruza Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren zuzendariak Kirola, Hezkuntza eta Elkarbizitza: Haur eta nerabeen babesa graduondokoaren 2022/2023 ikasturteko inaugurazio-ekitaldian parte hartu; graduondokoa UPV/EHUko Hezkuntza Fakultatean ematen da.

Hitzorduan honako hauek ere parte hartu dute: Urtza Garay Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoa; Mari Mar Boillos graduondoko koordinatzailea; Iñaki Alonso Athletic Clubeko Haurren Babeserako arduraduna; Juan Carlos Erkoreka Athletic Cluben Fundaziokoa; eta Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia.

Graduondoko honen helburua da, arduradunek azaldu dutenez, “eskola-kiroleko eta federatuko profesionalei prestakuntza ematea, ikuspegi berritzailetik eta inklusibotik, eta, haren bidez, pertsonen garapen integrala sustatzea, adingabearen babesean jardunbide egokiak aitortzea eta prebentziozko esku-hartzeak identifikatu ahal izatea”. Esparru horretan, Irune Muguruzak honela aipatu du kirola: “ikaskuntzarako, balioak transmititzeko eta sozializatzeko funtsezko iturri, baina baita lanerako aparteko tresna ere, ume eta nerabeen egoerari behatu eta haien eskubideen defentsan sakondu ahal izateko”.

Familia eta Haurren zuzendariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritza dagoeneko ari dela haur eta nerabeen lege-aurreproiektua izapidetzen, ume eta nerabeen babes, prebentzio eta sustapenerako sistema integrala arautu eta garatzeko. Besteak beste, lege honek, zehazki, “adingabeek kirola eta beste jarduera fisiko batzuk ingurune irisgarri, seguru, osasungarri eta inklusibo batean egiteko duten eskubidea aitortuko du; izan ere, funtsezko ohituratzat jotzen da osasunerako, bizi-kalitatea hobetzeko, ongizate pertsonalerako eta sozialerako, prestakuntzarako eta garapen integralerako”, esan du Muguruzak.

Familia eta Haurren zuzendariak nabarmendu du adingabeekin lan egiten duten kirol-profesionalek funtsezko eginkizuna dutela “ume eta nerabeen garapen egokia eragotzi edo kalte dezaketen testuinguru, egoera edo jokabideak prebenitzeko eta detektatzeko”. Aldi berean, “beharrezkoa den kasuetan, goizago esku hartzeko funtsezkoa da”, esan du.

Ildo beretik, Muguruzak azpimarratu du zer garrantzitsua den 2022-2025erako Haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurkako EAEko Estrategia; hura apirilaren 25ean aurkeztu zen, Haurrenganako Tratu Txarren Aurka Borrokatzeko Nazioarteko Egunean. Ekintza-plan hori hainbat erakunde, entitate eta profesionalekin elkarlanean prestatu da, eta helburu du haur eta nerabeenganako indarkeria modu guztiak prebenitzea, gerta daitezkeenak azkarrago antzematea, sasoiz esku hartzea, ume eta nerabeei beharrezkoak diren arreta eta babesa ematea eta, ahal den neurrian, eragindako kalteak konpontzea.

Muguruzak, era berean, ume eta nerabeak babesteko beste programa batzuk ere aipatu ditu, besteak beste, Zeuk Esan (116 111) doako arreta-zerbitzu konfidentziala edo Vitoria-Gasteizen sexu-indarkeriaren adingabe biktimei arreta integrala emateko egin den Barnahus ereduaren pilotu-programa.