Lehendakariordeak enplegu-zentro berezien aurrean ziurtatu du «gizarte-kohesioan» dela egin daitekeen inbertsio publikorik onena

0

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak, Idoia Mendiak, enplegu-zentro berezien aurrean ziurtatu du “gizarte-kohesioan” dela egin daitekeen inbertsio publikorik onena, eta behin eta berriz adierazi du zuzentzen duen sailaren konpromisoa eredu “eraginkor eta inklusibo” baten alde, zailtasunak dituztenei enplegu-aukerak ematen dizkiena.

Mendiak EHLABEren (Euskadiko Gizarte Ekimeneko Enplegu Zentro Berezien Elkartea) 2021eko balantzearen aurkezpenean parte hartu du gaur Bilbon, eta esan du datuak aurkezteaz gain, “eredu baten eraginkortasuna ere aurkezten dutela mundu guztiak enplegu bat lortzeko aukera izan dezan, muga fisikoak edo psikikoak muga bat izan ez daitezen”.

Bere hitzaldian, Lehendakariordeak adierazi du bere sailak uste osoa duela “egin dezakegun inbertsiorik onena gizarte-kohesioan” dela, “pertsona guztientzat aukerak sortzen ditugulako”, eta azpimarratu du, gainera, inbertsio publiko horrek “gizarte osoarentzako itzulkina dakarrela, soldata, kotizazio eta produktibitate moduan”.

Ildo horretan, gogorarazi du 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren barruan dagoela inklusioan eta berdintasunean inbertitzeko ikuspegi hori, eta horrek eragin zuela 2020an % 5,5 handitzea aurrekontua ustekabeko pandemia baten ondorioei aurre egiteko, 2021ean bultzada berri bat ematea enplegu-zentro bereziei % 9ko aurrekontu-igoerarekin, eta 2022an bide berri bat irekitzea, inbertsioaren aldeko apustua bikoiztuz. Azken batean, “bi urte hauetan Lanbidek % 16,6 handitu du enplegu babestuaren aldeko inbertsio-apustua, 66,8 milioi eurora iritsi arte, Sailaren erantzukizuna geure gain hartu dugunean baino ia hamar milioi gehiago”.

Bere ustez, baliabide horiek “sarean dagoen komunitate batean gauzatzen dira, EHLABEk antolatzen duen komunitatean, hain zuzen. Horri esker, 10.000 pertsonak baino gehiagok dute enplegua, gehienak egonkorrak, eta urtero lortzen da enplegu arruntean ere aukera izatea”. Lehendakariordeak gaineratu duenez, “Jaurlaritzaren eta gizarte-ekonomiaren zati honen arteko lankidetza-esperientzia arrakastatsua da”.