Artolazabalek Eusko Legebiltzarrean iragarri du Urkullu lehendakariak berdintasunaren aldeko ituna aurkeztuko duela ekainaren 15ean

0

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur iragarri du, Eusko Legebiltzarraren Kontrolerako Osoko Bilkuran, ekainaren 15ean Berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Ituna aurkeztuko dela. Ekitaldi horren buru Iñigo Urkullu lehendakaria izango da.

“Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean hitzarmen honi forma ematen dioten konpromisoak dauzkagu”, esan du sailburuak, eta, aldi berean, gaineratu du, “37 lantalde sortu dira, 452 lagunek osatuak, eta Nazio Batuen metodologiari jarraitu diote, Euskadiko errealitatera egokituta”.

Beatriz Artolazabalek horrela erantzun zion Euzko Abertzaleak taldeak Maitane Ipiñazar legebiltzarkidearen bidez egindako galderari. Bertan, Itunaren elaborazioari eta sozializazioari buruzko informazioa eskatzen zen, bereziki belaunaldi gazteenen artean.

“Ziur gaude emakume gazteak direla gizartea aldatzeko tresna nagusia, baina oso argi daukagu gizonak aldaketaren eragile bihurtzeko gai izan behar dugula”, adierazi du Berdintasun sailburuak. “Gure seme-alaben belaunaldia berdintasunaren belaunaldia izatea nahi dugu”, erantsi du.

Bere hitzaldian azaldu duenez, prozesu hori Nazio Batuek Emakunderen bidez bultzatutako Generation Equality nazioarteko ekimenaren barruan kokatzen da. 2020an, Beijing-ek Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzia hartu zuen, Txinako hiriaren Adierazpena eta Ekintza Plataforma onartu zituena. “Munduko Konferentzia horretan parte hartu zuten emakumeen ondarea belaunaldi berriek jaso dezaten nahi dugu, etorkizunean berdintasunaren aurrerapena bermatzeko”, esan du.

Artolazabalek onartu du Eusko Jaurlaritzak “aurrerapauso bat eman duela berdintasunerako herri gisa dugun konpromisoan”, Generation Equalityren aukera aprobetxatuz.

Berdintasunaren aldeko Herri Itun honen oinarri den dokumentua egiten parte hartzeari dagokionez, Artolazabalek parte hartzen duten taldeen arloak zerrendatu ditu: “Toki eta kirol erakundeak, ikastetxeak, hirugarren sektoreko elkarteak, enpresak, etab.”. Halaber, azaldu du hartutako konpromisoek “garrantzi bereziko” alderdiak biltzen dituztela, Nazio Batuek ezarritako irizpideen arabera. Hala, indarkeria matxistaz hitz egin du: justizia eta eskubide ekonomikoak; autonomia, eskubideak eta sexu- eta ugalketa-osasuna; ekintza feminista justizia klimatikorako; teknologia eta berrikuntza genero-berdintasunerako, eta mugimendu eta lidergo feministak.

“Itun honek berdintasunaren beste pedagogia bat egiteko aukera ematea nahi dugu; erronka larrienak zein diren erakustea eta gizarte osoari interpelazioa egitea”, esan du Artolazabal sailburuak.