Euskal Herriko Unibertsitateak 1.472 ikasle bisitarien agur-ekitaldia ospatu du

0

Euskal Herriko Unibertsitateak urteko ekitaldirik hunkigarrienetako bat ospatu du: UPV/EHUko mugikortasun programetako ikasle bisitariei agurra. Jai giroan, Eva Ferreira errektoreak eta Junkal Gutiérrez Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak agur esan diete Euskal Herriko Unibertsitateko enbaxadorerik onenak bihurtu direnei.

2021-2022 ikasturtean UPV/EHUko mugikortasunak, nazioartekoak zein SICUE programetakoak, pandemia aurreko mailara etorri da ia ia, gradu eta graduondo mailetan. Hain zuzen ere, aurten 1.472 ikaslek aukeratu dute gure unibertsitatea mugikortasuna egiteko: 950 Erasmus + programaren bitartez, 236 Latinoamerikako programaren bitartez, 69 Beste Norako bitartez eta 217 SICUE programen bitartez. UPV/EHUko ikasleei dagokienez, ikasleen kopuruak ere goraka egin du, 2.198 ikaslek aukeratu baitute ikasturte honetan kanpoan ikastea. Hauetatik 1.375 ikaslek Erasmus+ programan egin dute mugikortasuna, 202 Latinoamerikakoan, 82 Beste Norakoan eta 539 SICUEn.

“Ikasleen etorkizuneko garapenean nazioartekotzeko esperientzia izatea behar-beharrezkoa da. Nazioarteko esperientziak lan-merkatuan sortzen diren erronka berriei aurre egiteko tresnak garatzeko aukera ezin hobea da: munduko joera demografikoak (populazioaren zahartzea mendebaldeko herrialdeetan, desberdintasunen gorakada),  globalizazioa, berotzea eta ingurumenaren aldaketa, trantsizio digitala eta ekologikoa, ezagutzaren bilakaera azkarra, eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren garrantzia”, adierazi du Junkal Gutierrezek. Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak nabarmendu du, halaber, ikasle atzerritarrak ikasgeletan egoteak aukera ematen diela gainerakoei nazioarteko esperientzia bat etxean bizitzeko.

“Erronka hauek denek lan-merkatua eraldatuko dute haiei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasunak modu bereziki eraginkorrean lortu daitezke nazioarteko esperientziaren bidez.” Gaur egun, Erasmus+ bezalako programek aukera berriak eskaintzen dituzte ikasleentzat: mugikortasun laburrak master eta doktoregorako ikasketetarako edota BIP edo blended intensive programak, non ikasleek pandemian zabaldu den irakaskuntza/ikaskuntza birtuala mugikortasun fisikoarekin konbinatzen den.

UPV/EHU Enlight unibertsitate europarraren kidea da, beste bederatzi unibertsitaterekin batera, Enlight bezalako europar unibertsitateek ere nazioartekotzeko esperientziak ugaritzeko aukera ematen du, “bai partzuergoko herrialdeetako unibertsitateetara mugikortasunak egiteko aukera zabaltzen direlako, baina baita ere partzuergoko irakasle/ikerlari eta ikasleek gurera etortzen direnean UPV/EHUko ikasgeletan sortzen dituzten nazioartekotzeko aukerak direla medio, bestela esanda, etxean nazioartekotzeko esperientzia bizitzeko aukera emanez. Zentzu honetan, partzuergoko unibertsitateen artean formakuntzarako zubiak irekitzen dira, nazioartekotzeko jarduera eta estrategia bateratuak sortuaz”, azaldu du errektoreordeak.

Horren adibide da aurten, estreinakoz, UPV/EHUko ikasleek bizi izan duten BIP esperientziak non erronketan oinarritutako ikuspegien esparruan diziplinartekotasuna lantzeko aukera izan duten. “Berrikuntza hauek aukera zirraragarriak eskaintzen dituzte nazioarteko esperientzia izan nahi duten ikasle ororentzat, baina bereziki, ohikoak diren mugikortasun luzeagoak (lauhileko bat edo biko iraupena dutenak) egin ezin dituztenentzat. UPV/EHUko ikasleek haien goi-mailako formakuntzan inoiz izan ez dituzten aukerak aurki ditzakete nazioarteko esperientzia bizitzeko. Gaur egun ez dago aitzakiarik nazioarteko esperientziarik ez bizitzeko UPV/EHUn”, ondorioztatu du Junkal Gutierrezek.