Euskalmeten arabera, maiatza erabat beroa eta lehorra izan da

0
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, maiatza erabat beroa eta lehorra izan da, eta mendeko hirugarren maiatzik beroena izan da, 2020koaren eta 2017koaren atzetik. Gainera, erregistroak daudenetik izan den lehorretako bat ere izan da. Kostaldean hileko batez besteko tenperatura 17 °C ingurukoa izan da, 1981-2010 aldi normalekoa baino 2 °C altuagoa, eta Arabako Lautadan 15 °C ingurukoa, batez bestekoaren gainetik 3 °C inguru.

Prezipitazioari dagokionez, maiatza oso lehorra eta erabat lehorra izan da, eta serie historikoak daudenetik izan den maiatzik lehorrenetako bat izan da. Horrela, Bilboko eta Gasteizko erreferentziako estazioetan bigarren maiatzik lehorrena izan da eta Donostian erregistroan daudenetik hirugarren lehorrena. Euskalmeten datuen arabera, egun beroak izan dira nagusi eta tenperaturak batez bestekoaren gainetik ibili dira nabarmen, eta egun batzuetan 8 °C inguruko anomaliak ere izan dira. Alde horretatik, egun batzuetan udakoak ziruditen tenperaturak izan ziren, bereziki hilaren 18an 30 °C-ak gainditu baitziren (Behobia 34,9 °C; Zorrotza 33,7 °C).

Barnealdeari dagokionez, balio maximoak hilaren 21ean erregistratu ziren, eta egun horretan eman zen lehenengo abisua muturreko tenperatura altuengatik (San Prudentzio 35,4 °C; Saratxo 34,4 °C). Bestalde, Gipuzkoa ekialdeko estazio gutxi batzuetan eta Gasteizko Arkautiko estazioan, maiatzeko tenperatura maximoen errekorrak hautsi ziren (Ordizia 35,3 °C; Agauntza 34,4 °C).

Gaueko tenperaturak ere oso altuak izan dira egun batean baino gehiagotan. Horrela, nabarmentzekoak dira, alde batetik, 16tik 17rako goizaldea, hego-haizearen eraginez tenperaturak ez baitziren 20 °C-tik jaitsi kostaldeko zenbait lekutan (Zorrotza-Bilbao 20,1 °C-ko minimoa), eta, bestetik, 19tik 20rako goizaldea, eguneko balio maximoak erregistratu baitziren Gipuzkoa barnealdeko hainbat estaziotan (Zizurkil 26,8°C). Gainera, intsolazioa ere urte sasoi honetan espero dena baino askoz ere altuagoa izan da barnealdean, eta isurialde mediterraneoan % 30 gehiago izan dira eguzki-orduak (Gasteiz 255 ordu). Bestalde, kostaldean eguzki-orduak % 10 gehiago izan dira (Donostia 195 ordu; Bilbo 189 ordu).

Prezipitazioari dagokionez, maiatzean bildutako prezipitazio-kopurua orokorrean espero zenaren % 50 azpitik ibili da, eta Euskadi ekialdean eta hegoaldean % 20tik behera. Balio altuenak Bizkaian eta Araban erregistratu dira, bai eta kostaldean ere (Iurreta 62 l/m²; Miramon 56,3 l/m²), eta euri gutxien Arabako puntu batzuetan erregistratu da (Saratxo 7,7 l/m²; Alegría 3,7 l/m²). Edonola ere, eta Euskalmeten sareko estazio askok emandako datuak ikusita, erregistroak daudenetik prezipitazio gutxien izan duen maiatza izan da.

Horrela, euri-egunak batez bestekoaren azpitik ibili dira nabarmen, orokorrean 5 egun eta Arabako Errioxan 2 egun, 2 alditan pilatu zirenak. Aipagarriak dira hilaren 12an eta 15ean botatako zaparradak. Hain zuzen ere, hilaren 15ean ekaitz-zaparradak bota zituen eta txingorra ere egin zuen ekialdeko kostaldean, eta leku batzuetan uholde txikiak gertatu ziren. Bai aurreko egunean Muxikako estazioan bai 15ean bertan, maiatzeko prezipitazio maximoen errekorrak bete ziren ordubetean (Miramon 33,3 l/m² ordubetean).

Maiatzean Eusko Jaurlaritzak 5 abisu hori aktibatu zituen, horietako 3 galernagatik, 1 prezipitazio handiengatik eta 1 muturreko tenperatura altuengatik.