Kiroldegietako kanpoko igerilekuak ekainaren 6an irekiko dira

0

Datorren astelehenean, ekainak 6, Etxadi eta Intxaurrondoko kanpoko igerilekuak irekiko dira, baita Paco Yoldi Igerilekuen Kiroldegiko solarium gunea eta ur jokoak ere. Udako ordutegiak ere indarrean sartuko dira udal kirol instalazio guztietan.

Ordutegi zabalagoak

Igerilekua duten kirol-instalazioak egunero irekiko dira udan, igandeak eta jaiegunak barne. Altza, Paco Yoldi, Etxadi eta Intxaurrondo kiroldegiek izango dituzte ordutegi zabalenak asteburuetan eta jaiegunetan, 9:00etatik 20:30era. Instalazio horietako solarium-guneek, pandemiak ezarritako murrizketen ondorioz, azken bi urteetan ezabatutako hamaka-zerbitzua berreskuratuko dute aurten.

Gainera, aurten luzatu egingo dira Egia eta Gasca kiroldegien ordutegiak: ez dira itxiko eguerdian, aurreko urteetan bezala, eta ordutegia 9:00etatik 20:30era izango dute astelehenetik ostiralera.

Okupazioa denbora errealean

Bestalde, gogoratu Donostia Kirolaren webgunean eskuragarri dagoela instalazio guztietan espazioen okupazioa denbora errealean ikusteko aukera. Horrela, udan, kanpoko igerilekuetako edukieraren egoera ere ikusi ahal izango da uneoro, eta horrek instalazioaren plangintza eta bertaratzeko orduak erraztuko dizkie erabiltzaileei.