Eusko Jaurlaritzak 250.000 euro bideratuko ditu 2022ko ERDU programara, adikzioei heltzeko

0

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 250.000 euro bideratuko ditu 2022ko ERDU programara, EAEn adikzioen aurrean dauden erronka berriei heltzeko.

Horretarako, Gobernu Kontseiluak baimena eman zuen, pasa den maiatzaren 31n, zuzeneko dirulaguntza emateko Drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako gipuzkoar elkarteari (AGIPAD), Etorkintza fundazioari, Gizakia fundazioari eta Jeiki fundazioari.

Irabazi-asmorik gabeko lau erakunde horiek ERDU Elkartea eratzen dute, eta adikzioak dituzten edo gizarte-kalteberatasun handiko egoeretan dauden pertsonen egoera ezagutarazteko eta hobetzeko lan egiten dute.

Onartutakoa oinarri hartuta, Drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako gipuzkoar elkarteak (AGIPAD) 58.793 € jasoko ditu, guztira, haren lana betetzeko.

Bestalde, Bizkaiko Etorkintza fundazioak 59.943 euroko zuzeneko dirulaguntza jasoko du, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko osasunaren, adikzioen eta gizarte-kalteberatasunaren eremuetan, prebentzioaren, asistentziaren eta gizarte-inklusioaren bidez.

Gizakia fundazioak –Bilboko elizbarrutiak sustatzen du eta nerabezaroan arrisku-jokabideen prebentziorako, adikzioak dituzten pertsonen tratamendurako eta gizarte- eta lan-inklusiorako lan egiten du–, guztira, 109.524 € jasoko ditu.

Azkenik, Jeiki fundazioari 21.740 € emango zaizkio, guztira. Erakunde hori Araban finkatuta dago, eta droga-mendekotasunen eremuan lan egiten du, prebentzioko, asistentziako eta gizarteratzeko programen bidez.

Dirulaguntza horiek 2022 ekitaldiaren aurrekontu-partida baten kargura ordainduko dira, eta bi ordainketatan zatikatuko dira. Lehen ordainketa, zenbateko osoaren % 70, Gobernu Kontseiluak erakunde bakoitzari akordioaren berri eman ondoren, eta bigarren ordainketa, gainerako % 30a, diruz lagundutako jarduketa guztiak amaitu eta justifikatu ondoren.

2021eko balantzea

2021ean, ERDU programak 434 pertsonari eman zien arreta zuzena, haren unitate mugikorren bidez: 204ri Gipuzkoan, 202ri Bizkaian eta 28ri Araban.

Modu berean, EAE osoan, 472 pertsonak arreta telematikoa jaso zuten.

Programa honen helburua da adikzioak eta/edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, 2021-2024rako EAEko Arreta Soziosanitarioaren Estrategiaren esparruan. ERDU Elkartea eratzen duten lau erakundeen bidez, eta administrazio publikoekin, osasun-sarearekin eta gizartean esku hartzeko eragileekin koordinatuta, helburua da arreta soziosanitarioa hurbiltzea beste modu batera jasoko ez luketenei.

COVID-19aren inpaktua

COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-krisiaren gizarte-inpaktuetako bat adikzioak dituzten pertsonen egoeraren larriagotzea izan zen, etxegabetasunaren, pluripatologia fisikoaren edo lotutako patologia mentalaren biktima izateagatik bazterkeria-arrisku handiagoa eta gizarte-kalteberatasun handia zutenena. Era berean, gizarte- eta/edo osasun-baliabideetara jotzeko zailtasuna bizi izan zuten, bai eta kontsumitu ohi zituzten substantzien faltagatik abstinentzia-sindromeak jasateko arriskua ere.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak premiazko aparteko zenbait neurri hartu zituen COVID-19ak eragindako edo larriagotutako arriskuko, bazterkeriako eta/edo pobreziako egoerei aurre egiteko. Besteak beste, Inor Atzean Utzi Gabe funtsa onartu zuen; haren helburua zen, elkarren artean osagarri diren programen eta beste ekimen publiko batzuen eta EAEko hirugarren sektore sozialaren beste ekimen batzuen bidez, askotariko erantzunak antolatzea osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisiak eragindako bat-bateko inpaktu anitzei.

Programa horietako bat ERDU proiektua izan zen; pandemiaren testuinguruan, adikzioak eta/edo patologia mentalak zituzten pertsonen arreta eta ongizatea bermatzea zuen xede. Hala, bada, 2020. urtean, zuzeneko dirulaguntza eman zitzaien Drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako gipuzkoar elkarteari (AGIPAD), Etorkintza fundazioari, Gizakia fundazioari eta Jeiki fundazioari. 2022ko lehen hiletan, 2021ean laguntza horiek luzatu ondoren, egiaztatu zen gizarte-kalteberatasun handiko egoeran dauden eta adikzioak dituzten pertsonekin hurbiletik esku hartzeko premiazko egiturazko beharrak bazeudela oraindik; hori dela eta, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak erabaki du zuzeneko dirulaguntza ematea ERDU programa eratzen duten eta hiru lurralde historikoetan aldi berean lan egiten duten lau erakundeei.