Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak, gaur, Aiaraldeko Boluntariotzako lehen Azokaren esparruan esker ona erakusteko egin den ekitaldian parte hartu du, Laudion; ekitaldiaren lema Aiaraldea zurekin hobeto izan da.
Hitzordua Batekin-ek (Arabako boluntariotzarako eta partaidetza sozialerako agentzia) eta Aiaraldeko elkarte-egiturak antolatu dute; Emilio Sola Arabako Gizarte Politiketako foru-diputatuak, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak, Loli Muriel Laudioko 2. alkateordeak, Encina Castresana Aiarako kuadrillako presidenteak eta Jon Urresti Fundaciones Vital-eko presidenteak ere parte hartu dute.
Olabarrietak “boluntarioen eskuzabaltasuna eta betetzen duten funtsezko eginkizuna” nabarmendu ditu, eta “haien denbora, ezagutzak eta energia gizarte bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta inklusiboagoa eraikitzen ematen dutenen lan isilaren eta umilaren” balioa nabarmentzeko eta erakusteko garrantzia azpimarratu du.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak honako hau esan du: “EAEn boluntariotza-sare oso garrantzitsua dugu”. Aldi berean gogorarazi du Boluntariotzaren Euskal Kontseilua, “topaketarako, aholkularitzarako eta kontsultarako organoa”, EAEko administrazioak jarduera solidarioetan inplikatuta dauden erakunde eta eragile sozialekin duen konpromisoa antolatzeko sortu zela, eta, ildo berean, 2021-2024rako EAEko Boluntariotza Estrategia aipatu du, “boluntariotza indar eraldatzaile gisa sustatzearen aldeko apustua egiten baitu, zeinak haren intzidentzia sozialaren eta politikoaren bidez, gizartean aldaketa positiboak sustatu eta bizikidetzarako eta bilakaerarako funtsezko balioak transmititzen lagunduko baitu, hala nola konpromisoa, pertsona kalteberenentzako arreta, entzutea eta elkartasuna”.
Aiaraldeko lehen Boluntariotza Azokan zenbait eremutako 13 elkartek parte hartu dute. Zenbait tailer, jolas eta dinamikaren bidez, bisitariei hainbat arazo identifikatzen lagundu diete, hala nola: hiri-trazadurak ekar ditzakeen irisgarritasun-arazoak; adinekoek edo desgaitasuna duten pertsonek bizi dituzten errealitate eta zailtasunak; memoria galtzen dutenek aurrez aurre dituzten oztopoak; hizkuntza-arazoak direla eta, idatziaren ulermena gutxienekoa dela ikastea zer zaila izan daitekeen; ikertzaileek zenbait eremutan –besteak beste minbiziaren aurkako borroka– egiten duten lan ordainezina, eta lagun egiteko animalien zaintza egokiari buruz kontzientziatzeko beharra.